Maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoak, 2.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, haren xedapenak Nafarroako Arartekoaren erakundeari aplikatuko zaizkio, administrazio-zuzenbideari lotutako jarduerari dagokionean, abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoak, esleitutako ahal, funtzio eta autonomiaren aurka ez dagoen guztian.
Aipatu Foru Legea indarrean jarriko da 2018ko abuztuaren 23an.
Foru Legearen I. tituluak xedapen orokorrak ezartzen ditu: xedea eta helburuak, aplikazio-eremu subjektiboa, definizioak, printzipioak eta Gobernu Irekiaren neurriak.
Foru Legearen II. tituluak jarduera publikoaren gardentasuna arautzen du. 18.etik 29.era bitarteko artikuluek “publizitate aktiboa” deritzonaren edukiak ezartzen dituzte. Horrenbestez, definitzen dute orokorrean herritarren eskura, erraz lortzeko moduan, argi eta garbi, eta era objektibo eta eguneratuan jarri behar den informazioa.
III. tituluak informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautzen du. 30.etik 44.era bitarteko artikuluek eskubide horren edukia, mugak eta erabiltzeko prozedura zehazten dituzte.
IV. tituluak “interes taldeak” deritzonak eta haien betebeharrak arautzen ditu.
V. tituluak zehapen-araubidea ezartzen du, Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean aplika dadin.
Maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoan, ezarritakoa betetze aldera, egokia da gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko neurriak hartzea, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Nafarroako Arartekoaren antolamendua eta funtzionamendua arautzeko erregelamendua –Nafarroako Parlamentuko Mahaiak 2005eko azaroaren 21ean onetsia– kontuan hartuta.
Kontu Irekiei buruzko azaroaren 11ko 16/2016 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrak zera xedatu du: Nafarroako Foru Komunitateko erakundeek hartuko dituzte, nork bere arloan, urte bateko epean, gardentasunerako neurriak, foru lege honetan laburtutako printzipio eta aurreikuspenekin bat eginez. Horrenbestez, Nafarroako Arartekoa erakundearen finantza entitateetako bankuko kontuak publikoki eskuragarri eta irekita daudela esan dezakegu, foru lege horren 2. artikuluko xedapen orokorren arabera.