Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoa, Patxi Vera, Nafarroako Parlamentuko Foru Araubideko Batzordean agertu zen astearte honetan bere erakundeak egindako ‘2024ko Urteko Txostena’ aurkezteko. Bere hitzaldian, Vera jaunak Ganbera Foralean ordezkaritza duten indar politikoei administrazio “geroz eta asimetrikoago eta bidegabeago” batek izan ditzakeen arriskuez ohartarazi zien.
“Egia da txalotzeko salbuespenak badaudela, etengabe hobekuntzan lan serioa egiten ari direnak. Baina, tamalez, oro har, XIX. mendean pentsatutako administrazio bat dugu XXI. mendeko beharrei erantzuteko”, adierazi zuen. Halaber, bereak egin zituen Gasteizen berriki egindako Arartekoen Koordinazio Jardunaldietan jasotako ondorioak. Bertan, Andaluziako Arartekoarekin bat etorri zen, eta honek egoera honela laburbildu zuen: “Ezin dugu onartezina dena normaltzat hartu.”
Puntu horretan, Nafarroako Arartekoak ohartarazi zuen “herritarrak Administrazioarekiko konfiantza galtzen badu, oso zaila izango da berreskuratzea, eta horrek sistema demokratikoarekiko urruntzea ekarri dezake”. Aldiz, “administrazio on batek erakundeak indartu eta herritarren pertzepzio positiboa sendotu dezake, sistema demokratikoaren narriadura eta totalitarismoen hedatzea saihesten lagunduz”.
Horregatik, aldaketa sakon baten alde egin zuen: “Uste dut gauzak beste modu batera egin behar ditugula pentsatzeko unea iritsi dela, gero eta handiagoak diren pobrezia eta bazterkeria erronkei aurre egiteko”.
Egoera horren aurrean, Verak Administrazioari eskatu zion “aukera oro baliatu dezala” pertsona batek izapide baten inguruan harremanetan jartzen denean. “Une hori gauzak ondo egiten direla ziurtatzeko da. Aukera hori ez litzateke alferrik galdu behar”, azpimarratu zuen. Adibide gisa, bere erakundearen jarduteko modua aipatu zuen: “Ateak zabalik daude herritarrentzat, aurretiko hitzordua aukerakoa baino ez da, idatziz adierazteko zailtasunak dituztenei kontakizuna prestatzen laguntzen diegu, sarrera digitalen jasotzea 24 ordutan baieztatzen ditugu, eta espedientea ixtean herritarrei gure lanaren inguruko ebaluazio galdetegia betetzea eskatzen diegu”.
“Administrazio on” baten alde egindako eskaera alde batera utzita, Patxi Veraren gainerako azalpena bere erakundeak iaz egindako 4.725 jarduketak zerrendatzean eta zehaztean oinarritu zen, bere agerraldiaren arrazoi den dokumentuan jasotakoak. Guztira 8.708 pertsona artatu ziren, horietatik %58,5 emakumeak izan ziren (aurreko urtearekin alderatuta ia sei puntu gehiago), eta %41,5 gizonak.
Era berean, 2.751 kontsulta eta 1.663 kexa jaso eta izapidetu zirela adierazi zuen, baita 30 ofiziozko jarduketa, 22 bitartekaritza espediente eta 10 hobekuntza-proposamen ere.
Bestalde, erakundearen iritziz, 774 kasutan kexan jasotako arazoari konponbide osoa edo partziala ematea posible zen. Espediente horietan, erakundeek egindako proposamenen onarpen-tasa %78,5ekoa izan zen, eta guztira 600 kexa herritarrentzat onuragarri amaitu ziren.
2024an, 1.416 kexa jaso ziren guztira, aurreko urtearekin alderatuta %18,8 gehiago. Guztiak 26 gai nagusitan sailkatu ziren. Horien artean, Osasuna izan zen buruan, 201 erreklamaziorekin; jarraian, Gizarte Ongizatea, 185 kexekin; eta Hezkuntza, 124rekin.
Nafarroako Arartekoak azpimarratu zuen Osasun arloko kexen igoera %71,9koa izan zela 2023arekin alderatuta. “Kexa gehienak itxaron-zerrendetako atzerapenei buruzkoak izan ziren; hala ere, horietako asko ez ziren ebazpen formal batera iritsi, lehen izapidean konpondu baitziren”, azaldu zuen. Beste kexa batzuk osasun-arloko langileek emandako tratuarekin, pediatria eta adimen osasuneko arretarekin, lehen arretako atzerapen luzeekin, ugalketa tratamenduekin, espetxeko arretarekin, garraio sanitarioarekin eta larrialdiekin lotuta egon ziren.
Gizarte Ongizatea, bigarren arlo nagusia, 185 kexa jaso zituen, pasaden urtean baino %19,4 gehiago. Kexarik errepikatuenak desgaitasuna baloratzeko atzerapenei buruzkoak izan ziren, “urtebetetik gorako atzerapenekin”, Verak nabarmendu zuenez. Haurren eta nerabeen babesari buruzko kexak ere ugari izan ziren, baita errenta bermatua eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera espedienteei buruz eta menpekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza teknologikorako baliabide faltari buruzkoak ere.
Hezkuntza, hirugarren arloa, 124 kexekin eta %26,53ko igoerarekin, honako gai hauek jorratu zituen: eskola-garraioa eta jantokia, eskolatze-irizpideak eta prozesuak, titulazio atzerritarren homologazioa. Hauen atzetik, hurrengo gaiak nabarmendu ziren: unibertsitatera sartzeko proba, LHn sartzeko arazoak, eskola-ordutegia (jarraitua edo zatitua), berariazko premiak dituzten ikasleen arreta, azpiegituren mantentzea eta hezkuntza-plangintza.
Kexa gehien jaso dituzten arloen zerrendan, Funtzio Publikoa laugarren lekuan agertu zen, %44,44ko igoerarekin, 91 kexetara iritsiz, batez ere egonkortze-prozesuengatik. Jarraian Etxebizitza kokatu zen (88 kexa eta %29,41eko igoera), eta, zifrak alde batera utzita, “ikuspegi etsigarria” eskaintzen duela adierazi zuen Verak. Haren esanetan, “egoera honetara iritsi gara, non familia oso bat sar dezakeen gela bat lortzea ere luxua bihurtu da”. “Epe laburrean, familia askok ez dute inolako etxebizitza-esperantzarik, ezta alokairuan ere, izan etxebizitza faltagatik edo, kolektibo batzuen kasuan, arrazakeria ezkutua edo aporofobia direla medio, inork ez dielako alokairurik eskaintzen”, salatu zuen. Halaber, Nasuvinsaren arreta faltari buruzko kexak jaso ziren, baita DAVID eta EmanZipa laguntzen akatsak zuzentzeko aukerarik ez egotea eta babesturiko etxebizitzen kalteak ere.
Gainerako kexak honela banatu ziren: Ogasunari buruzkoak (82 kexa, %78,26ko igoerarekin), Enplegu publikoan sartzeko aukerei buruzkoak (71 kexa) eta Ingurumenari buruzkoak (64 kexa). Aurten, berrikuntza gisa, Atzerritartasunak kexa gehien jaso dituzten hamar gai nagusien artean agertu da, %57,50eko igoerarekin, 63 erreklamazioetara iritsiz, batez ere baimen eta nazionalitate eskaeren atzerapenengatik.
Azkenik, hamargarren lekuan, Trafikoa eta Bide Segurtasuna arloa kokatu zen, 57 kexarekin, eta horien artean garabia zerbitzuaren jardunak eta trafiko isunak nabarmendu ziren.
Datu guzti horiek azaldu ondoren, Verak nabarmendu nahi izan zuen Nafarroako kolektibo ahulenak artatzen dituzten 35 elkarte, fundazio eta erakunderekin izandako topaketak. “Izan dudan lanik atsegingarriena izan da”, aitortu zuen. Horrela, bere hirugarren agintaldi-urtea beteta, guztira 76 erakunde ezberdin bisitatu eta babestu ditu: “Foru Komunitateak dituen sare bikainenetako bat da, eta behar gehien duten pertsonak artatzeko eta laguntzeko egiten duten lana eredugarria da”, nabarmendu zuen. Horrexegatik, Nafarroako Arartekoak, Parlamentuak gizarte-erakundeei ematen zaien “entzute-lana” goraipatu zuen eta “oso garrantzitsua” dela azpimarratu zuen.
Era berean, 2024an gainerako Arartekoekin lankidetza eta koordinazio lanak mantendu direla adierazi zuen. Horren emaitza gisa, topaketa estatala egin zen, eta Gasteizko koordinazio-jardunaldiak ere ospatu ziren. Halaber, Justizia Errestauratiboa eta 2030 Agenda sustatzeko lankidetza lanak egin ziren. Azken gai horri dagokionez, jakinarazi zuen laster Iruñean protokolo bat sinatuko dela eta bertara Euskadiko Arartekoa, Andaluziako Arartekoa, Kanarietako Diputatu Komuna eta Kataluniako Sindika atxikituko dira.
Azkenik, Nafarroako Arartekoak 2022ko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen garapena aztertu zuen, haur, nerabe eta haien familien babesa eta sustapena xede duena. Halaber, familia-harrera sustatzeko zeharkako esfortzu handiagoaren beharra azpimarratu zuen, eta haurren eta nerabeen babesa eta defentsa helburu nagusitzat duten erakundeekin izandako bederatzi topaketa zehaztu zituen.
Nafarroako Arartekoak, Patxi Verak, Foru Araubideko Batzordean egindako aurkezpenaren kopia jaso nahi duten hemengo estekan dute eskuragarri. Era berean, hemengo estekan klik eginda, osorik ikus daiteke Nafarroako Parlamentuan ospatutako saioaren grabazioa.
Partekatu edukia