Arartekoak entzuten dizu
Helarazi zure iradokizunak edo kexak
Espainiako Konstituzioak, eta gure kasuan Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak ere, herritarrei aitortzen dizkien eskubideak eta libertateak defendatzeko hainbat instituzio publiko daude gure antolamendu juridikoan; horien artean, arartekoa.
Konstituzioak horretarako aukera ematen duenez, Espainiako autonomia erkidego ugarik sortu dute instituzio hori, autonomia erkidegoaren administrazioaren jarduera, toki administrazioarena, eta horien ente eta enpresa publiko zein menpekoena behatzeko; halaber, 1978ko Konstituzioko lehen tituluan ezarritako eskubideak hobeki babesteko ere sortu dute instituzio hori.
Nafarroako Foru Komunitateak badu eskumenik instituzio hori Ðarartekoa, alegiaÐ sortzeko eta arautzeko, Konstituzioa buru duen egungo antolamendu juridikoak, eta bereziki, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49-1. artikuluak, gure Karta Magnaren 148.1, 1. artikuluarekin bat, horrela aitortzen baitio. Instituzio horrek harreman zuzena izanen du Nafarroako Parlamentuarekin; eginkizun propioak edukiko ditu eta koordinatu eginen ditu Gorte Nagusiek izendatutako arartekoak dauzkan eginkizunekin, horrela ezartzen baitu apirilaren 6ko 3/1981 Lege Organikoaren 12. artikuluak.
Gainera, Auzitegi Konstituzionalak argi utzi du jurisprudentziaren aldetik, autogobernurako erakundeak arautzeko ahalmenak horiek sortu ahal izatea ere barneratzen duela, estatutuaren arauetan halakorik berariaz jasoko ez balitz ere (gure kasuan, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan).
Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak behatu eginen du Nafarroako Foru Komunitatearen jarduera, toki administrazioarena eta baita horien eragileena ere; beraz, arartekoak, bere kabuz edo norbaitek hala eskaturik, administrazio publikoen egintza edo ebazpenak argitzea helburu duen edozein ikerketa hasi eta horrekin jarraitu ahalko du. Berezko pertsonek nahiz pertsona juridikoek, inongo mugarik gabe, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoarengana jo ahalko dute eta parte har dezala eskatu egintza, ebazpen eta jokabide jakin batzuk argitzen, horiek pertsona bat edo pertsona talde bat kaltetu dutenean eta Nafarroako Foru edo Toki administrazioan eman direnean.
Figura hau herritarrengandik gertu dagoen erakundea da, doanekoa, arina, eta kontrol-prozeduraren malgutasuna, ikerketa-metodoak eta arazoak ebazteko sistemak ditu ezaugarri nagusi.
Azken batean, legezkotasun printzipioak eta administrazio jarduketa arautzen dutenak aplikatuz, arartekoa Administrazioa iristen ez den alorretara irits daiteke, herritarren mesederako, eta bereziki, babesgabeenen alde.
Partekatu edukia