Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

159/2011 Ebazpena, Baztango udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza dela-eta Asociación [?] elkarteko lehendakari [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 urria 07

Euskara

Gaia: Ordenanza de fomento del euskera del Ayuntamiento de Baztan

Exp: 11/470/C

: 159

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2011ko uztailaren 5ean, [?] jaunak, Asociación [?] elkarteko lehendakari gisa, aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen gure erakundean, Baztango udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantza dela eta.

    Idazki horretan adierazten zuen arestian aipatutako ordenantza irakurrita nabarmena dela haren helburua dela gaztelania Baztango udalerrian baztertzea, administrazioaren esparruan desagerraraztearen bidetik.

    Horri dagokionez, salatzen zuen zenbait artikulutan (3, 5, 6.2, 8, 9, 13, 16, 23, 24, 25 26, 40 eta 41.a) lehentasuna ematen zaiola euskararen erabilerari, aipatu artikuluetan jasotako administrazioaren jarduketa-esparruetan edo zerbitzuetan; 14. artikuluan Euskal Herria terminoa erabiltzen dela; 20. artikuluan ezartzen dela Baztango Udalaren enpresa adjudikazio-hartzaileek edo haren kontzesioren bat dutenek euskara nahitaez erabili beharko dutela; 28. artikuluak ezartzen duela Baztango udalerriko kaleetako izendapen ofizial bakarrak euskarazkoak izanen direla; 31. artikuluak ezartzen duela euskara zerbitzu- eta lan-hizkuntza izanen dela Baztango Udaleko zerbitzu guztietan; X. kapituluak udalari ahalmena ematen diola plantilla organikoko hizkuntza-profila zehazteko, eta ezartzen duela profil hori kreditatzen ez duten langileek hizkuntza hori ikasteko ikastaroak egin beharko dituztela; eta, azkenik, XI. kapituluak ezartzen duela euskararen ezagutza kreditatu beharra dagoela Administrazioaren edozein lanpostutara sartzeko.

  2. Kexa 2011ko uztailaren 26an onartu ondoren, Baztango Udalari eskatu genion, Nafarroako Arartekoaren erakundeari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean ezarritakoaren arabera, hamabost eguneko epean informazioa eman ziezagula aipatutako gaiei buruz.

  3. Aurreko eskari horri erantzunik eman ez zitzaionez, irailaren 6an berriz ere eskatu genion informazioa emateko, eta hamar egun balioduneko beste epe bat eman genion.

  4. Azkenik, 2010ko urriaren 6an Baztango Udalak bere txostena bidali eta datorrena azaltzen du:
    1. Abenduaren 15eko euskarari buruzko 18/1986 Foru Legearen 5. Artikuluan ezartzen da Baztan Nafarroako eremu euskaldunean dagoela. Eremu honetan, 1.2. artikuluan ezarritako honako xedapen orokorrez gain:
      1. Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzeko tresnak zehaztea. (Nik neuk nabarmendua letra lodiz ageri dena eta ondoren agertuko dena).

      2. Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea, bere erabilpena sustatzeko neurriak adieraziz.

      3. Euskararen erabilpena eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta begirune irizpideei jarraiki, hau guztia Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.

        Era berean ezartzekoak dira eremu euskalduna arautzen duten gainerako artikuluak, bertzeak bertze, herritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelera erabiltzeko eta hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute. Horretarako eta eskubide honen mailaz mailako erabilpena bermatzeko, neurri egokiak hartuko ditu eta beharrezko gerta daitezkeen bitartekoak erabakiko.

    2. Bertzalde, Nafarroako Toki Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak honakoa ezartzen du: las disposiciones generales emanada de las entidades locales en ejercicio de la potestad reglamentaria y ene l ámbito de su competencia adoptarán la forma de reglamentos, si tuvieren por objeto regular la organización y funcionamiento de la Administración Local, y, en otro caso, de ordenanzas. (324. artikulua)
    3. Horrenbertzez, bi araudion irakurketatik ondorioztatzen da udalek herritarren euskara ezagutu eta erabiltzeko eskubidea, berreskuratze eta sustapena nahiz erabilera eta irakaskuntza bermatzeko neurri egokiak hartzen ahal eta hartu behar dituztela.

      Helburu horrekin, Baztango udaleko Osoko Bilkurak, legeak ezarritako prozedurari jarraikiz, Baztango Udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituenean Ordenantza behinbetiko onetsi zuen eta onespen hori 2011ko maiatzaren 12ko 82. ALDIZKARIAN argitaratu zen. Xedapen orokorrei dagokien atalean ageri bezala, Ordenantza horren helburua da udaleko zerbitzu guztietan euskararen erabilera arautzea eta udalerrian euskararen erabilera sustatzea, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.

      Beraz, Baztango Udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantza gaur egun indarrean dagoen legearekin bat etortzeaz gain, egungo araudiaren aplikazioaren ondorioa da.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak erakunde honi eskatzen dio azter dezan Baztango Udalak bere esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzeko onetsitako ordenantza, eta azter dezan, era berean, ea hura ongi ahokatzen den legedi indardunean, bereziki erreparatuz Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean ezarritakoari, Espainiako Konstituzioan ezarritakoari eta hizkuntzen koofizialitateari buruz Konstituzio Auzitegiak Kataluniako Autonomia Estatutua dela-eta 2010eko ekainean emandako epaian ezarritakoari. Zehazki, uste du aipatzen dituen arau batzuk legezkotasunaren aurkakoak direla, zeren eta gaztelania Baztango udal esparrutik kanpo uzten baitute, arlo administratiboan haiek desagerraraziz 3, 5, 6.2, 8, 9, 13, 14, 16, 20, 23, 24, 25, 26, 28, 29.1, 30 eta 31. artikuluak; X. kapitulua; XI. kapitulua; eta 40.eta 41. artikuluak.

    Hasteko, egoki da honakoa gogoraraztea: a) Konstituzioko 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, gaztelaniaz besteko Espainiako hizkuntzak ere ofizialak dira dagozkien autonomia erkidegoetan, haien estatutuen arabera; b) Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 9.2 artikuluak ezartzen du euskara hizkuntza ofiziala izanen dela Nafarroako eremu euskaldunetan, gaztelaniarekin batera, foru lege batek ezartzen duenaren arabera. Lege horrek, gainera, euskararen erabilera ofiziala ezarriko du; c) Azken lege hori garatzeko, Nafarroako Parlamentuak Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea onetsi zuen. Lege horren 5.a) artikuluak ezartzen du Baztan eremu euskalduna dela. Hori dela eta, Baztango udalerri osoan euskara hizkuntza ofiziala da, eta horri buruz aplikatzekoa da adierazitako foru legeko 10. artikulutik 16. artikulura bitartean xedatutakoa, bai eta xedapen orokorretan ezarritakoa ere. Besteak beste, 1. artikuluan ezarritakoa, non babestu nahi baita euskara ezagutzeko eta erabiltzeko herritarrek daukaten eskubidea, eta babestu nahi baitira, era berean, Nafarroako euskararen berreskurapena eta garapena, hizkuntza horren sustapenerako neurriak ezarriz; d) Foru lege horrek Nafarroako administrazio publikoetan euskara erabiltzeari buruz aurreikusitakoa osatzeko, Nafarroako Gobernuak otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretua onetsi zuen.

    Horixe da euskara Baztango udalerrian erabiltzeari buruz aplikatzekoa den lege esparrua, eta esparru horren arabera aztertu beharko da ea euskararen erabilera arautzeko ordenantzako kexa-egileak aipatzen dituen arauak bat datozen ala ez ezarritako mugekin, herritarren konstituzio-eskubideak urratzen ote dituzten, edo Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak aitortutako eskubideak urratzen ote dituzten.

    Konstituzio Auzitegiak katalanaren koofizialtasunari buruz emandako epaiak Baztango ordenantzan aplikatzeari dagokionez, erakunde honek ezin ditu epai horiek kontuan hartu, besteak beste horietan Konstituzio Auzitegiak Kataluniako autonomia estatutu berria eta hark katalanaren gainean egiten duen araupetzea interpretatzen dituelako, nabarmena denez, eta ez Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 1982ko Lege Organikoa eta lege horrek euskarari buruz egiten duen araupetzea, eta bi lege organiko horiek oso aurreikuspen desberdinak egiten dituztelako hizkuntza koofizialei buruz, eta, horrenbestez, konparazioa egiterik ez dagoelako.

    Azkenik, kontuan hartu behar da, era berean, aipatutako udal ordenantzak bilatzen duela, zioen azalpenean adierazten denari jarraituz, Baztanen euskaren erabilera sustatzea, eta kontuan hartzen duela bai gaztelania bai euskara ofizialak direla, baina, euskara tokiko hizkuntza berekia izanik ere, egoera ahulagoan dagoela esparru sozial batzuetan eta, horrenbestez, sustapen berezia behar duela daukan egoera beste hizkuntza ofizialaren egoeraren pare jarri nahi bada. Helburu horiek, arrazoizkoak izateaz gainera, bateragarriak dira Euskarari buruzko Foru Legeak 1. artikuluan euskararen sustapena dela-eta ezarritako helburuekin –eta helburu horiek garatzen dituzte–.

  2. Bat baino gehiago dira euskarari Baztango Udalaren jarduera administratiboan lehentasuna ematen dioten artikuluak: 3. artikuluak lehentasuna ematen dio izaera administratiboko barne prozedurei dagokienez; 5. artikuluak lehentasuna ematen dio errotuluei, seinaleei, zigiluei eta udala identifikatzeko beste elementu batzuei dagokienez; 6.2 artikuluak ordenagailuei dagokienez; 13. artikuluak herritarrentzako ahozko eta idatzizko informazioei dagokienez; 16. artikuluak herritarrei inprimakiak eskaintzeari dagokienez; 23. artikuluak udalaren zerbitzuak edo menpeko entitateak identifikatzeko errotulazioei eta bestelako elementuei dagokienez; 24. artikuluak bandoei, iragarkiei eta udalaren zabalkundeko argitalpenei dagokienez; 25. artikuluak udalaren agerraldi publikoei eta prentsaurrekoei dagokienez; 26. artikuluak hautetsien jardun publikoei dagokienez; 29. 1 artikuluak interes orokorreko, informatiboko edo turistikoko, trafikoko, aparkalekuetako edo antzekoetako seinale horizontal zein bertikalei dagokienez; 40. artikuluak udalerria zeharkatzen duten garraio publikoetako zerbitzuen errotulazioan, dokumentazioan eta gainerako argitalpenetan neurriak hartzeari dagokionez; eta 41. artikuluak udalaren laguntza ekonomikoa jasotzen duten kirol jarduerei, kultur jarduerei eta gainerakoei dagokienez eta haien berri emateko iragarki, kartel eta argitalpenei dagokienez.

    Kasu horietan guztietan, erakunde honek ez du antzematen Baztango Udalarekiko harremanetan herritarrek dauzkaten eskubideak urratzen direnik. Bai euskara, bai gaztelania hizkuntza ofizialak dira, eta biak ala biak berdin baliagarriak dira. Biek, elkarrekin nahiz bereizirik, eragin juridiko eta legezko berdinak dituzte koofizialtasuna aitortua duten lurraldean.

    Udalak ordenantzan euskarari gaztelaniaren gainetik nolabaiteko lehentasuna eman dakiola hautatu izana ez da berez herritarren hizkuntza eskubideak urratzea, lehentasuntzat ulerturik euskara erabiliko dela lehenik ahozko adierazpenetan eta gero gaztelania agertuko dela edo gaztelaniara aldatuko dela herritar bat udalari edo haren langileei gaztelaniaz zuzentzen zaienean euskaraz ez dakielako; edo, espazioaren ikuspuntutik, euskara gaztelaniaren gainetiko toki batean kokatzea edo haren ezkerreko aldean agertzea bi hizkuntzak elkarrekin ematen direnean informazio-elementuetan nahiz dokumentuetan; edo barneko izapideetan euskara agertzea langile publikoen arteko lehenengo komunikazio-hizkuntza bezala; edo gaztelaniaz eta euskaraz bereizirik idatzitako inprimaki eta dokumentuetan lehenengo euskarazko inprimakia eskaintzea; edo antzeko beste kasu batzuk.

    Ordenantzak aipatzen duen lehentasuna dela eta, ulertu beharra dago aurrena euskara jartzen dela gaztelaniaren ondoan agertzen denean, eta lehenengo tokia euskarak hartuko duela; edo bi hizkuntzak ikusmiran jartzen direnean edo entzutera ematen direnean euskarari lehenengo tokia emanen zaiola, edo are toki bakarra ere, baldin eta mezuaren edo dokumentuaren hartzaileak euskaraz ulertzen baldin badu edo hura onartzen baldin du, eta ez baldin badu gaztelaniaz jarraitzea hautatzen.

    Horrela jokatzen baldin bada, ez da gaztelaniaduna baztertuko. Izan ere, gaztelaniaduna kalterik gabe geratzen da uneoro; hau da, Baztango administraziora eta haren zerbitzu edo menpeko entitateetara nahiz hark finantzatutakoetara gaztelaniaz jotzeko daukan eskubidea errespetatu eta bermatu egiten zaio, eta, horrenbestez, hizkuntza horretan erantzun dakion eska dezake.

    Udal autonomiaren barruan sartzen dira eta, horrenbestez, lege esparruaren barrenean eginiko hautua da udalak, harremanetarako eta komunikazioetarako –herritar jakinek edo hartzaileak anitzak direneko egoera orokorrek besterik eskatu ezean–, bi hizkuntza ofizialen artean euskara hautatzea; edo euskara fisikoki goragoko toki batean jartzea; edo irakurgaietan ezkerreko aldean jartzea eta gaztelania eskuineko aldean; edo ahozko mezuetan lehenengo adierazpide bezala erabiltzea. Eta autonomia hori Espainiako 1978ko Konstituzioak ezarritako printzipio bat da, zeinak bidea ematen baitio udal bakoitzari bere ahalmenak eta eginkizunak nolabaiteko askatasunez betetzeko. Hori dela eta, berdin legitimoa eta legezkoa da udalak bere ordenantzetan hizkuntza ofizialen erabileran euskarari lehentasuna ematea, edo, alderantziz, erabakitzea gaztelaniari lehentasuna emanen zaiola euskararen gainetik. Kontuan hartu beharra dago Baztango Udalak bere ordenantzan arrazoitu egiten duela zergatik eman nahi dion euskarari lehentasuna, eta arrazoibide horien abiapuntua da bi hizkuntzen artean gaztelania dela indartsuagoa, eta Zuzenbidearen ikuspuntutik, udalerrian bi hizkuntzek, gaztelaniak zein euskarak, ofizialtasuna aitortua dutela. Horrenbestez, toki entitatearen abiapuntua ez da gaztelania baztertzea, kexan baieztatzen den bezala, baizik eta aitortzea gaztelania ere udalerriko hizkuntza ofiziala dela, Euskarari buruzko Foru Legearen araberakoa den honako xedearekin: euskararen erabilera sustatzea udal bizitzan, eta horrenbestez, horretarako hizkuntza horri lehentasuna ematea jarduera administratiboko ahozko nahiz idatzizko zenbait ekintzatan.

    Izan ere, ordenantzako aipatutako arauek ezartzen duten lehentasuna dela-eta, ez da ulertu behar gaztelania udaleko bizitza administratibotik baztertzen dela, baizik eta haren erabilerari lehentasuna ematen zaiola gaztelaniaren erabileraren gainetik, bigarren hori ere hizkuntza ofiziala izaki. Nolanahi ere den, eta esan berri dugun bezala, lehentasun horretaz baliatzeko garaian –baliatze hori legitimoa izaki hizkuntza ofizial batek

    udal lurraldean izanen duen erabilera islatzen duelako–, zaindu egin beharko da administrazioarekiko harremanak gaztelaniaz eduki nahi dituzten herritarren eskubidea.

    Horrenbestez, aipatutako arauek eta antzeko beste batzuek hizkuntza ofizial baten erabilerari lehentasuna emateari dagokionez –hura bestearen aldean sustatzeko xedez–, ez dute gaztelania bizitza administratibotik kanpo uzten (ez dute ez debekatzen, ez baztertzen), eta ez dute eragozten udalera hautatzen duten hizkuntzan jotzeko herritarrek daukaten eskubideaz baliatu ahal izatea, ez eta kasuko erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko eskubideaz ere. Horrenbestez, ezin dira Euskarari buruzko Foru Legearen edo Konstituzioaren aurkakotzat jo.

  3. Halaber, planteatzen da ordenantzako 8. eta 9. artikuluek lehentasuna ematen diotela euskararen erabilerari Nafarroako Foru Komunitateko nahiz hartatik kanpoko edozein administraziori bidaltzen zaien dokumentazioan.

    Nafarroako Arartekoaren eginkizuna herritarren eskubideak zaintzea izanik ere –eta ez administrazioen arteko balizko harremanen ustezko kasuak gainbegiratzea–, ez dugu antzematen bi artikulu horien aurreikuspenetan legeak urratzen direnik.

    8. artikuluari dagokionez, udalak legez gaikuntza dauka euskara ofiziala den lurraldeetan kokaturiko beste administrazio edo erakundeei zuzentzen dien dokumentazioa euskaraz bidaltzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen barrurako izan nahiz hartatik kanporako izan. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 36.3 artikuluak horretarako gaikuntza ematen dio: hizkuntza ofizial gisa gaztelaniaz besteko hizkuntza bat duen administrazio baten dokumentuak hizkuntza hori ere koofiziala den beste administrazio batera bidaltzen zaizkionean, ez da beharrezkoa izanen dokumentu horiek gaztelaniara itzultzea. Udalak hori egin badezake, arrazoi gehiagoz dokumentua ele bietan igorri ahalko du, noski, eta euskarari lehentasuna eman ahalko dio; hau da, hizkuntza hori irakurtzeko lehenengo tokian jarri ahalko du. Hemen, estatuko aipatutako legearen zehaztapen bat baizik ez dago.

    9. artikuluari dagokionez, udalak, legez, dokumentuak ele bietan igorri ahal ditu, eta lehentasuna eman ahal dio euskarari, udaletik kanpora nahiz Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora bidaltzekoa den dokumentazioan, baita dokumentazio hori euskara hizkuntza ofiziala ez den tokietara bidaltzen duenean ere. Euskarari buruzko Foru Legeko 11. artikuluak gaikuntza ematen dio udalari bere jakinarazpen eta komunikazio administratiboak bi hizkuntzetan igortzeko, eta ezer ere ez dago udal horrek testuak irakurtzera emateko garaian euskarari lehentasuna ematearen aurka.

  4. Kexan aipatzen da ordenantzako 14. artikuluak Euskal Herria terminoa erabiltzen duela. Kexak ez du bestelako zehaztapenik ageri. Termino hori Euskal Autonomia Erkidegoko estatutuko lehenengo artikuluan aipatzen da, hain zuzen ere abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onetsitako testuan, gaztelaniazko Pueblo Vasco terminoaren itzulpen gisa, eta legez, Arabari, Gipuzkoari eta Bizkaiari legokieke, bai eta Nafarroari ere, Euskal Autonomia Erkidegoan sartzea erabakiko balu, Konstituzioko laugarren xedapen iragankorrean, Euskadiko autonomia estatutuan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan ezarritako prozeduraren bitartez. Bestalde, Euskaltzaindiak, zeina hizkuntza arauak ezartzearen eraginetarako kontsulta-erakunde ofiziala baita, Euskarari buruzko Foru Legeko 3.3 artikuluan adierazi bezala, 139. arauan, termino hori aipatzen du, eta haren erabilerari eta esanahiari buruzko aurrekari historikoen zerrenda luzea aipatzen du, eta euskararen lurraldea dela jotzen du, bestelako inongo gogoetarik egin gabe.

    Hori dela eta, baiezta daiteke termino horren interpretazioak –alegia, euskara hizkuntza ofiziala den edo babesteko estatutu juridikoa aitortua duen esparrua edo lurraldea dela Euskal Herria– ez duela urratzen, erakunde honen iritziz, herritarren inongo hizkuntza eskubiderik.

  5. Ordenantzako 20. artikuluak ezartzen du Baztango Udalaren lanen adjudikazioa hartzen duten enpresek edo udal horren kontzesioak dituztenek, bai eta ustiaketa mistokoek ere, euskara erabili beharko dutela ordenantzan ezartzen diren irizpideei jarraituz. Kexa-egilearen iritziz, arau horrek ezartzen du Baztango Udalaren enpresa adjudikazio-hartzaileek edo haren kontzesioren bat dutenek euskara nahitaez erabili beharko dutela.

    Horretan ere, ez dugu antzematen hizkuntza eskubideak urratzen direnik: izan ere, udalaren eskumeneko zerbitzu publikoak kudeatuko dituzten enpresak dira, edo udalaren kontrata bidez herri lanak egin behar dituzten enpresak, edo udalaren enkarguz egintzak egin behar dituztenak, edo ustiaketa mistokoak izan eta beren kapitalaren zati bat udalarena duten enpresak. Udalak bere kontratu, obra, zerbitzu edo enpresen gainean daukan zuzendaritza-botereak ahalmena ematen dio zehaztapen hori ezartzeko udalerrian ofiziala den hizkuntza bat lehentasunez –eta ez modu baztertzailean– erabiltzeari dagokionez, betebehar horren hartzaile diren enpresak udalaren adjudikazio-hartzaileak edo kontzesio-hartzaileak diren neurrian eta udal erantzukizuneko zerbitzuak ematen dituzten neurrian. Konstituzioak debekatzen du gaztelaniaz beste hizkuntzak herritarrei inposatzea, baina debeku orokor hori ez da bateraezina hizkuntza horiek exijitzearekin pertsona fisiko nahiz juridikoek administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz –edo administrazioaren kontura herritarrekiko harremanetan– diharduten lotura bereziko harremanetan; funtzionario publikoen, enpresa publikoen edo zerbitzu nahiz lan publikoen kontzesio-hartzaileak direnen kasua da, esate baterako. Harreman berezi horietan, bera ordezkatzen duenari edo haren ordez jardun behar duenari Administrazioak eskatu ahal dio hizkuntza hori jakin dezan, horren bidez administraziora hizkuntza koofizial horretan jotzeko herritarrek daukaten eskubidea ziurtatze aldera.

  6. Ordenantzako 28. artikuluak ezartzen du Baztango udalerriko kaleen izen ofizial bakarrak euskarazkoak izanen direla. Puntu horretan ere, ez dugu antzematen hizkuntza eskubideak urratzen direnik, baldin eta ordenantzak esan nahi duena bada kaleei jarriko zaizkien izenek edo bere horretan utziko diren izenek euskarazko izaera edo sustraia izanen dutela edo gaztelaniatik euskarara itzuliko direla, eta soilik izen horiek izanen direla ofizialak.

    Nolanahi ere, Baztango Udalari gogorarazi behar zaio Euskarari buruzko Foru Legeko 16. artikuluak behartzen duela hiri bideen izenak gaztelaniaz eta euskaraz jartzera eta, nolanahi ere, izen tradizionalei eustera (nahiz eta egia den legeak ez duela exijitzen izen horiek ofizialak izatea), are arrazoi handiagoz herritarrek gaztelaniaren bidetik ezagutzen dituzten izenei.

    Horrenbestez, ordenantzako 28. artikuluan ezarritakoak ez ditu hizkuntza eskubideak urratzen, baldin eta Euskarari buruzko Foru Legeko 16. artikuluan ezarritakoa errespetatzen bada.

  7. Ordenantzako 30. artikuluak honakoa ezartzen du: Erregistrotik luzatutako ziurtagiriak euskara hutsez edo ele bietan idatziko dira, euskarari lehentasuna emanez. Bada, ezin da jo horrek ere herritarren eskubideak urratzen dituenik. Agiriak euskaraz egitea bidezkoa izanen da esku-hartzaileek hizkuntza hori hautatzen dutenean. Agiriak ele bietan egiteak bi hizkuntzen koofizialtasuna errespetatzen du. Eta euskarari gaztelaniaren gainetik lehentasuna ematea dokumentu elebidunetan bat dator, jada adierazi dugun bezala, hizkuntza hori sustatzeko ideiarekin, hain zuzen ere Euskarari buruzko Foru Legeak eta udal ordenantzak aldezten dutenarekin.
  8. Kexa-egilearen iritziz, ordenantzako X. kapitulua legez kanpokoa izanen litzateke, zeren eta udalari ahalmena ematen baitio bai plantilla organikoaren hizkuntza profila zehazteko, bai profil hori kreditatzen ez duten bere zerbitzuko langileak euskara ikasteko ikastaroetan parte hartzera behartzeko.

    Euskarari buruzko Foru Legeko 15.2 artikuluari jarraituz, Baztango Udalak zehaztu beharko du zein lanpostutan izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; eta gainerakoetarako merezimendu kualifikatu gisa hartu beharko du, beste batzuen artean. Eta, hain zuzen ere, plantilla organikoa da tresna egokia Nafarroako administrazio publiko bakoitzak adieraz ditzan lanpostu horietara sartu ahal izateko kreditatu beharko diren baldintza bereziak, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuko 19. artikuluak ezarri bezala –abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen estatutu hori–. Horrenbestez, erakunde honen iritziz, ordenantzak ez ditu urratzen bi foru lege horietan ezarritakoak.

    Udaleko langileei dagokienez, egia da ordenantzako 34. artikuluak hizkuntza profila betetzen ez duten langileei betebehar bikoitza ezartzen diela, alegia: euskalduntze plangintzaren barnean euskarazko ikastaroak eginen dituzte eta egoerak hala eskatzen duenean eta ahal duten neurrian euskaraz lan egiten hasiko dira.

    Nafarroan aplikatzekoa den antolamendu juridikoan, euskara soilik exijitu ahal zaie kasuko lanpostuetara sartzeko baldintza gisa hizkuntza hori exijitu den lanpostuetan ari diren langile publikoei. Horixe ondorioztatzen da Euskarari buruzko Foru Legeko 15. eta 17. artikuluetatik. Gainerako langile publikoei, euskara ezin zaie exijitu beren lan edo eginkizunetan, zeren eta Euskarari buruzko Foru Legeak bermatzen baitu euskararen erabilera eta irakaskuntza borondatezkotasun eta begirune irizpideei jarraituz gauzatuko dela [Foru legeko 1.2 b) artikulua].

    Horrenbestez, euskara ikasteko ikastaroak egiteko betebeharra ezartzen duen neurrian eta lana euskaraz jakitea nahitaezkoa ez den lanpostuetan euskaraz egiteko betebeharra ezartzen duen neurrian, ordenantzak ez ditu betetzen Euskarari buruzko Foru Legeak hizkuntza eskubideak direla-eta ezarritako babesa. Horri dagokionez, Baztango Udalari ezinbestez gogoratu behar zaio alda ditzala 34. artikuluko eginen dute hitzak, eta arestian adierazitako borondatezko printzipioari hobeki egokitzen zaizkion beste batzuk erabil ditzala.

  9. Kexa-egileak uste du ordenantzako XI. kapituluak ezartzen duela euskara dela-eta exijitzen den ezagutza kreditatu beharra dagoela toki administrazioko edozein lanpostutara sartzeko.

    Kapitulua langile berriak kontratatzeari buruz ari da, eta horretarako exijitzen du kontratatuak gai izan daitezela beren eginkizunak euskaraz zein gaztelaniaz betetzeko, eta, halaber, izangaiek dagokien hizkuntza profila bete behar dutela, eta kasuko proba gainditzen ez badute, lanpostua hutsik geratuko dela.

    Kapitulu horretan ezarritakoak ez du Euskarari buruzko Foru Legea urratzen. Izan ere, foru lege horren 15. artikuluak baimena ematen dio Baztango Udalari euskaraz nahitaez jakin beharreko lanpostuak zehazteko; eta udal horrek zilegi du erabakitzea berritik hartzen dituen langileek, kontratupekoek barne, hizkuntza koofizial horren nahitaezko ezagutzaren baldintza bete behar dutela, exijitzekoa dela iruditzen zaion hizkuntza profilaren arabera, baita deialdiko lanpostuak bete gabe utziz ere izangaiek ezagutza hori kreditatzeko probak gainditzen ez dituztenean.

  10. Ordenantzazko gainerako arauak aztertuta, kexa-egileak alegatutakoez bestekoak, erakunde honek ez du antzematen herritarren hizkuntza eskubideak urratu direnik, ez eta printzipio horiek eta Euskarari buruzko Foru Legearen aurreikuspenak kontraesanean daudenik ere.

Hori guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Baztango Udalari gogoraraztea Euskarari buruzko Foru Legeko 16. artikuluan ezarritakoa betetzeko legezko betebeharra duela, hiri bideetako eta toki izen berezien errotulazioetan, betiere izen tradizionalak errespetatuz.

  2. Baztango Udalari gomendatzea alda dezala Baztango udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantzako 34. artikulua, eta eginen dute hitzak beharrean, egin ahalko dute hitzak erabil ditzala, euskara ikasteko borondatezkotasun printzipioa errespetatze aldera.

  3. Baztango Udalari bi hilabeteko epea ematea egin dizkiogun legezko betebeharren gogorarazpena eta gomendioa onartzen dituen ala ez jakinaraz dezan, eta, halaber, jakinaraz dezan horiek direla-eta zein neurri ezarriko dituen; edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan, erakunde hau arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoari jarraituz.

  4. Ebazpen hau jakinaraztea kexa-egileari eta Baztango Udalari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia