Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Maiatzaren 28ko 101/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, ASNABI Nafarroako Liburuzainen Elkarteko ordezkari [...] andreak Iruñeko Udalaren aurka aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 maiatza 28

Kultura

Gaia: Disconformidad con la restricción de la compra de prensa en las Bibliotecas

Exp: 09/257/C

: 101

Kultura, kirola, gazteria eta elebitasuna

AURREKARIAK

2009ko apirilaren 15ean, Nafarroako Liburuzainen Elkarteko (ASNABI) [...] [...] andrearen idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Iruñeko Udaleko Kultura eta Turismoko zinegotzi delegatuak liburutegi publikoetan Gara eta Berria egunkariak –azken hori euskaraz argitaratzen da guztiz– eta berariaz izenburuarekin aipatzen ez diren beste batzuk, ez erosteari buruz hartu duen erabakiarengatik.

Azaltzen zuen 2009ko otsailaren 26an, Iruñeko Udaleko Kultura eta Turismoko zinegotzi delegatuak idazki bat igorri ziela udal liburutegi publikoei, jakinaraziz Kultura Alorrak erabakia zuela udal aurrekontuaren kargura bakarrik lau egunkari erostea. Horien artean ez zeuden ez Berria, ez Gara egunkariak.

Azaltzen du egitate horiek Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Liburutegien Zerbitzuari jakinarazi zizkiotela, eta zerbitzu horretako zuzendariak agindu zuela zinegotziaren aginduak betetzeko, haren ustez udal aurrekontuen exekuzioa soilik toki entitatearen organoari zegokiolako, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezin baitzuen horrelako erabakietan esku hartu, udalen eskumenetakoak izateagatik.

Nafarroako Liburuzainen Elkarteak –haren ordezkaria da kexa-egilea– uste du zinegotziaren udal alorraren jokabidea eraso bat dela liburuzainen independentzia profesionalaren aurka eta informazio-zerbitzu publiko batek helburu izan behar dituen askatasunaren, berdintasunaren eta neutraltasunaren aurka. Bere jarrerari babesa emateko, honakoak aipatzen ditu: UNESCOk liburutegiei buruz eginiko manifestua, IFLA/UNESCOk liburutegi publikoen zerbitzuak garatzeko emandako jarraibideak, Kultura Ministerioak liburutegi publikoetako zerbitzuei buruz emandako arauak eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak liburutegi publikoak kudeatzeko sinaturiko hitzarmena.

Hori dela eta, eskatzen dute liburutegiko profesionalen lana errespetatzeko, eta herritarrek informaziorako eta jakintzarako duten eskubidea aitortzeko eta bermatzeko.

Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari eta Iruñeko Udalari txostenak eskatu genizkien, eta 2009ko maiatzaren 7an eta 26an entitate horiek, hurrenez hurren, igorritako txostenak sartu ziren gure erakundean.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren txostenak, egitateak luze azaldu eta gero, honako gogoetak ematen ditu ondorio gisa: a) toki entitateei dagokie liburutegietako zerbitzu publikoa emateko eskumena, haien aurrekontuak betetzea eta aurrekontu horien kargura kasuko kontratu publikoak egitea; b) Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeko 36. artikuluak ezartzen du zein diren kontratuak egiteko organo eskuduna, eta hain zuzen ere halakorik ez dagokie liburutegi publikoei atxikitako langileei; c) egungo krisi ekonomikoko egoera eragin duten inguruabarrak direla eta, administrazio publikoek ahaleginak egin behar dituzte gastu korronteari eusteko edo hura gutxitzeko; d) nolanahi ere, Iruñeko liburutegi guztiek eskaintzen duten zerbitzu telematikoaren bitartez, edozein pertsonak, Internet bidez, eskura izan ditzake Gara eta Berria egunkarietako informazioak, bai eta sarean dagoen beste edozein argitalpen ere. Hori dela eta, guztiz betetzen ari dira IFLA/UNESCOren jarraibideak eta liburutegi publikoetako zerbitzuei buruzko arauak; e) Kultura eta Turismoko zinegotzi delegatuak aplikatzekoa den araubide juridikoari jarraituz jardun du.

Iruñeko Udalaren txostenean baieztatzen da argitalpenak erosteko erabakiaren eskumena Kultura eta Turismoko zinegotzi delegatuari dagokiola, eta egunkariak erosteko ezarritako murrizketa irizpide objektiboetan oinarritzen dela.

AZTERKETA

Nafarroako liburutegi publikoei buruzko guztia jasota dago gaur egun liburutegi publikoetako araubide juridikoa ezartzen duen eta Nafarroako liburutegien sistema sortzen duen azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legean. Lege horren zioen azalpenean bertan iragartzen da liburutegi publikoak toki administrazioaren erantzukizuna direla. Izan ere, 4.1 artikuluan ezartzen da toki entitateek liburutegien arloan dauzkaten eskumenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoak direla. Eta lege horren 29. artikuluak zuzenean igortzen gaitu legedi orokorrak Estatuko toki entitate guztiei aitortzen dizkien eskumenen sistemara. Eta arlo horretan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 26.1.b) artikuluan ezartzen da udalek liburutegi publikoaren zerbitzua eskaini behar dutela. Legeak zerbitzu hori jasotzen du 5.000 biztanletik gorako populazioa duten udal guztien oinarrizko eta derrigorrezko zerbitzuetako baten gisara.

Arestian aipatu dugun 32/2002 Foru Legeko 4.2 artikuluak gehitzen du liburutegien arloko udal eskumen horiek Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan erabiliko direla, zenbait printzipioren arabera –koordinazioa, eraginkortasuna eta lege honetan ezartzen diren eskumen esparruen errespetua–, irakurketa publikoaren mapak xedatutakoaren barrenean, bai eta toki entitateek eta Nafarroako Gobernuak izenpeturiko hitzarmenetan, halakorik izenpetzen bada, xedatutakoaren barrenean ere.

Liburutegi publikoak Nafarroako liburutegien sistemaren zati bat dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin kasuan kasu izenpeturiko hitzarmenean horixe ezartzen denean. Iruñeko liburutegi publikoei dagokienez, 2004ko urriaren 1ean, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren arteko hitzarmen bat sinatu zen liburutegi publiko horiek kudeatzeko. Izan ere, hitzarmen horren bidez, liburutegi horiek Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarean sartu ziren. Horrenbestez, sarekoak izatearen baldintza horrek berarekin dakartzan onura eta betebehar guztiak dauzkate. Horiek, izan ere, 32/2002 Foru Legeko III. kapituluan ezarritakoak dira.

Nafarroako Liburutegien Sistemaren funtzionamendu zuzenak eskatzen du, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 32/2003 Foru Legeko 3. artikuluan esleituriko zenbait jarduera aurrera eramatea.

Hala eta guztiz ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak oraindik ere ez ditu onetsi sistemaren kudeaketarako hurrengo tresnak, zeinak 32/2003 Foru Legean ezarritakoei jarraituz, ezinbestekoak baitira sistemaren funtzionamendu egokirako (lehendabiziko biak, dirudienez, lantzeko prozesuan daude):

Irakurketa publikoaren mapa.

Liburutegien Sistemako zerbitzuen zorroa.

Liburutegi-zerbitzuei buruzko plan estrategikoa.

Gabezia horiek gorabehera, Iruñeko Udalak udal liburutegien kudeaketaren gaineko bere eskumenak betetzen jarraitzen du. Liburutegi horiek Nafarroako Liburutegien Sisteman sarturik daude 2004an sinaturiko hitzarmenaren bitartez, betiere 32/2002 Foru Legean jasotako printzipioei jarraituz. Printzipio horien artean, honakoak nabarmendu behar dira 10. eta 11. artikuluen arabera: kudeaketa deszentralizatzea eremu geografikoen arabera, errealitate soziolinguistikoa eta kudeaketa parte-hartzailea.

Eremu geografikoen kudeaketa deszentralizatuak eta dagoen errealitate soziolinguistikoari arreta jartzeak, udal liburutegien irakurketa publikoaren eskaintza diseinatzearen eraginetarako, berarekin dakarte Iruñeko Udalak derrigor kontuan hartu behar izatea Iruñean bizi diren herritarren premia eta eskari zehatzak, baita udala osatzen duten auzo edo alor desberdinen ezaugarri soziologikoen arabera ere, hartara 32/2002 Foru Legeko 12. artikuluan ezarritako liburutegien oinarrizko zerbitzuak bermatzeko.

Oinarrizko zerbitzu horietatik, hemen aztergai dugunari begira, honakoak nabarmendu behar ditugu: “argitalpenen irakurketa eta kontsulta, aretoan” eta “Internet eta lineako informazio-zerbitzuak eskura izatea”. Bada, erakunde honen irizpidearen arabera, bi zerbitzu horiek behar adina bermaturik daude. Alde batetik krisi ekonomikoaren garaian gastua arrazionalizatzeko xedez eta hori ahal den modu efizienteenaz egiteko, Kultura eta Turismoko zinegotzi delegatuaren erabakiz, agindu zen erosteko eta, horrenbestez, paper-euskarrian edukitzeko, toki mailan eta nazio mailan gehien irakurtzen diren bi egunkariak. Eta zalantzagabea dirudi Kultura eta Turismoko zinegotzi delegatuaren ebazpenean zehaztutako informazio-esparru orokorreko lau egunkariak direla Iruñeko herritarrek gehien irakurtzen dituztenak. Bestalde, Iruñeko zortzi udal liburutegietan guztira berrogeita hamar kontsulta postu daude ADSL sistemaren bidezko Interneterako sarbidea dutenak. Haietatik guztietatik aukera dago sarean dauden aldizkako argitalpen guztien orrialde digitalak ikusteko –besteak beste, Gara eta Berria egunkarienak–. Gainera, aukera dago argitalpen horien kopia inprimatuak eskuratzeko, erabiltzaileak horrelakorik behar badu. Horrenbestez, irakurketaren eskaintza bermaturik dago Iruñeko udalerriaren errealitate soziolinguistikoari erreparatuta; izan ere, bertan euskara hizkuntza berekia da, Nafarroako lurralde guztian bezala.

Horrenbestez, ezin da ulertu udal liburutegi publikoen funtsak modu desegokian murrizten edo mugatzen ari direnik, zeren eta gaur egun egungo eta iraganeko informazio modu guztietarako sarbidea zabal bermatzen baita bide elektronikoen bitartez, are artxibatutako paper-euskarrien bitartez baino askoz hobeki ere. Eta Gara eta Berria egunkarietako iraganeko eta egungo informaziorako sarbidea elektronikoki bermatuta dagoenez udal liburutegietako erabiltzaile guztientzat, ezin da atzeman, ezta ere, inongo zentsura ideologikorik egiten ari denik.

Foru legeko 10.1 artikuluan aipatzen den kudeaketa parte-hartzailearen printzipioak eskatzen du udal liburutegien ardura duten langileek parte-hartze gradu jakin bat edukitzea liburutegi horien irakurketaren eskaintzaren diseinu zehatza egiteko.

Erakunde honen iritziz, zalantzarik gabekoa da, aplikatzekoa den legediaren arabera, kasuko toki entitateetako organo eskudunei dagokiela –eta ez liburutegietako teknikariei– udal aurrekontuen kargura udal liburutegietan eskaintzeko zein aldizkako argitalpen erosiko diren erabakitzeko eskumena (alkatetzea, gobernu batzarra, zinegotzi delegatua eta abar). Horrelaxe interpretatu behar da Iruñeko Udalarekin sinaturiko hitzarmeneko seigarren klausulako 9. idatz-zatia, zeinak ezartzen baitu urtero derrigor ezarri behar dela kontusail bat liburutegietako langileek dokumentuak eta aldizkako argitalpenak erosteko. Klausula konbentzional horrek liburuzainei esleitzen die aldizkako argitalpenetako materiala erosteko eginkizuna, ez argitalpenak erosteko politika erabakitzeko ahalmena edo eskumena. Izan ere, hori gastuaz erabakitzeko eta kontratazio publikorako ahalmena duen udal organoaren eskuetan geratzen da, eta argi dago liburuzainek ez dituztela ahalmen horiek eta sekula ez zaizkiela berariaz esleitu. Horrenbestez, ulertu beharra dago liburuzainen independentzia profesionala ez dagoela ez deuseztatua, ez murriztua, zeren eta bestelako eskumen-esparru batekoa baita.

Aurrekoa ezarrita, bidezkoa da gure arrazoibideari jarraipena ematea nabarmenduz egia dela, halaber, liburutegi publikoetako irakurketarako eskaintza diseinatzeko kontuan hartu behar dela haietan lanean diharduten teknikarien parte-hartzea, zeren eta egunero liburutegien kudeaketan metatu duten esperientziaren ondorioz, ederki ezagutzen baitituzte erabiltzaileen eskakizunak, eta, horrenbestez ase beharreko premiak. Horixe da 32/2002 Foru Legeko aipaturiko 10.1 artikuluan jasotako kudeaketa parte-hartzailearen printzipioari ezinbestez eman behar zaion irismenetako bat.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko Departamentuari gomendatzea irakurketa publikoaren mapa, liburutegien sistemako zerbitzuen zorroa eta liburutegi-zerbitzuei buruzko plan estrategikoa onets ditzan, Nafarroako Liburutegiei buruzko azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legea garatzeko.

2. Iruñeko Udalari gomendatzea kontuan har dezan udal liburutegietako liburuzainen parte-hartze efektiboa udal liburutegien kudeaketan eta zuzkiduran eta herritarrei ematen zaien zerbitzu publikoan eragina duten erabaki guztietan.

3. Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko Departamentuari eta Iruñeko Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinaraz diezaioten ea neurri egokiak hartu dituzten adierazitakoaren bidetik, edo bestela halako neurriak ez hartzeko izan dituzten arrazoiak azal diezazkioten. Halaber, ohartarazten diet hala egiten ez badute, kasua jasoko dugula Nafarroako Parlamentuari igorri beharreko urteko txostenean, erakunde hau arautzen duen legean ezarritako moduan.

4. Interesdunari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia