Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Maiatzaren 29ko 103/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, Behatokiko [...] [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 maiatza 29

Kultura

Gaia: Falta de uso del euskera en comunicaciones dirigidas por el Ayuntamiento de Pamplona a los ciudadanos

Exp: 09/298/C

: 103

Kultura, kirola, gazteria eta elebitasuna

AURREKARIAK

1. 2009ko apirilaren 28an Behatokiko [...] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du euskara ez erabiltzeagatik Iruñeko Udalak herritarrei zuzendutako komunikazioetan.

Kexan azaltzen da herritar batek Mugikortasunerako eta Herritarren Segurtasunerako zinegotzi delegatuaren jakinarazpen bat jaso duela; haren bidez, izan ere, zehapen espediente bat irekitzen zitzaion. Idazkia gaztelania hutsean idatzita dago, eta herritarrak nahi du Administrazioarekiko harremana euskaraz izatea.

2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Iruñeko Udalari.

2009ko maiatzaren 14an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa adierazten da:

“Iruñeko Udalarekin harremanak euskaraz eduki nahi dituzten herritar guztiek hori inolako arazorik gabe gauza dezakete, horretarako itzulpen zerbitzua baitago.

Ezin izan dugu jakin zein den kexaren kasu zehatza, baina Herritarren Segurtasunerako Alorrean zehapen prozedurak eta bestelakoak izapidetu ohi dira euskaraz. Horretarako, nahikoa da interesdunak hala nahi duela adieraztea, idazkia euskaraz aurkeztea edo, interesdunak salaketa bat jasoz gero, alegazioa hizkuntza horretan aurkeztea”.

AZTERKETA

1. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak, 9. artikuluan, ezartzen du gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala eta euskara ere ofiziala izanen dela Nafarroako eremu euskaldunetan. Foru legegilearen eskuetan uzten du eskualde horiek zehaztea eta euskararen erabilera ofiziala arautzea.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak euskararen erabilera normala eta ofiziala arautzen ditu, eta funtsezko helburu gisa ditu herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko eskubidea babestea, Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea eta haren erabilera eta irakaskuntza bermatzea (1. artikulua).

Lege horren arabera, gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntza berekiak dira, eta horren ondorioz, herritar guztiek dute haiek jakin eta erabiltzeko eskubidea (2.1 artikulua). Hala eta guztiz ere, gaztelania Nafarroako hizkuntza ofiziala dela ezartzen den arren, esaten da euskara ere “ofiziala dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan eta foru lege honetan ezarritako moduan” (2.2 artikulua).

Aurreikuspen hori dela eta, aipatu foru legeko 6. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa aztertu beharko dugu, haietan euskararen erabilera normala eta ofiziala arautzen baita. Artikulu horietan arau desberdinak aurreikusten dira legean ezarritako zonifikazioaren arabera (eremu euskalduna, mistoa eta ez euskalduna).

2. Zehazki, eremu euskalduneko erabilera ofizialari dagokionez, Euskarari buruzko Foru Legeko 11. artikuluak honakoa ezartzen du:

“Erabilitako hizkuntza edozein izanik, administrazio jarduera guztiak baliozkoak izanen dira eta legezko eraginkortasun osoa izanen dute. Horren ondorioz, Administrazio Publikoen organoek parte hartzen duten ekintza guztiak, baita administrazio jakinarazpen eta adierazpenak ere, bi hizkuntzetan idatzi beharko dira, interesatu guztiek espreski bakar bat erabiltzea aukeratzen badute izan ezik”.

Eremu mistoko erabilerari dagokionez, aitortzen da herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko (17. artikulua); hala eta guztiz ere, ez dago aurrekoaren antzeko edukia duen agindurik.

Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuaren legezkotasuna aztertzean Nafarroako Auzitegi Nagusiak adierazi duen bezala, komunikazioetan eta jakinarazpenetan aplikatu beharreko araubide juridikoa zehazteko gakoa komunikazio hartzailearen bizitokia da, eta ez esku hartzen duen organo administratiboaren egoitza non dagoen. Horri dagokionez, maiatzaren 20ko 585/2004 epaiak honakoa adierazten du: “argi dago eremu euskaldunean bizi diren herritarrei dagokienez, legeak exijitzen duela komunikazioak eta jakinarazpenak elebitan egitea; dekretuak, aldiz, ezartzen du eremu mistoko organo administratiboek eremu euskalduneko herritarrei eginiko komunikazioak edo jakinarazpenak gaztelaniaz eginen direla. Bada, jakinarazpen edo komunikazioen hizkuntza zehazteko, ez zaio begiratu behar organo administratiboaren egoitzako tokian dagoen araubideari, baizik eta hartzailearen bizitokiari, hizkuntza herritarraren eskubidea delako, eta organo administratiboa eskubide horretara egokitu beharko delako, eta ez alderantziz. Horregatik, legeko 11. artikulua jakinarazpen eta komunikazioen hizkuntzari buruzkoa dela, ez ekintza administratiboaren beraren hizkuntzari buruzkoa, eta auzia, hain zuzen, jakinarazpen horren ikuspuntutik aztertzen ari da, eta ekintzak hura dela-eta izanen duen eraginkortasuna... Hizkuntza herritarraren eskubide bat da, eta administrazio publikoak hari egokitu beharko zaizkio, eta administrazio horien egoitza kokatuta dagoen tokiak ez du determinatu behar aplikatu beharreko araubide juridikoa; aitzitik, administrazio-ekintzaren hartzaileari begiratu beharko zaio, hain zuzen”.

3. Kexan azaldutako kasuan, aipatzen da herritar batek zehapen espediente bat irekitzeari buruzko jakinarazpena gaztelania hutsean jaso zuela, eta erakunde honek Iruñeko Udalari galdetu zion planteaturiko auzian jarraitutako irizpideari buruz.

Egindako txostenetik eratortzen denez, Iruñeko Udalak izapidetutako zehapen-espedienteetan euskara erabiltzen da baldin eta interesdunak agertzen badu hori nahi duela, edo ekintzaren bat hizkuntza horretan egiten badu.

Hala eta guztiz ere, ezin dugu ahaztu zehapen prozedura bat irekitzea ofizioz egiten dela, halako moduan non guztiz normala izanen baita hura baino lehen herritarraren inongo deklaraziorik ez egotea. Horrenbestez, 18/1986 Foru Legeko 11. artikuluan ezarritakoaren eta hari buruz arestian adierazitako interpretazioaren indarrez, Iruñeko Udalak jakinarazpena elebitan, gaztelaniaz eta euskaraz, idatzi beharko du baldin eta haren hartzailea eremu euskaldunean bizi den herritarra bada. Ezin dugu ondorio bera atera komunikazioaren hartzailea eremu mistoko herritarra den kasuetan; izan ere, halakoetan, legeak, herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea aitortuta ere, hizkuntzaren erabilera ez du ofizialtzat hartzen eta ez du eremu euskaldunerako egiten duenaren antzeko aurreikuspenik ezartzen. Hori dela eta, espedientea irekitzeko ekintzari buruzko jakinarazpena gaztelania hutsez idatzita egotea ez da herritarraren hizkuntza eskubideak urratzea.

4. Kexa eragin zuen kasu zehatzean, espedientea izapidetzen ari ginen bitartean jakinarazi zaigu aztergai dugun komunikazioa jaso zuen herritarra Atarrabian bizi dela (eremu mistoa); horrenbestez, ezin da ulertu Iruñeko Udalak haren eskubideak urratu dituenik. Hori guztia ez da oztopoa udalak gaztelania eta euskara erabiltzeko eremu mistoko herritarrekiko idatzizko harremanetan, herritar horiek hala eskatzen badute, Nafarroako hizkuntza bereki hori sustatze aldera.

Hala eta guztiz ere, eta aurretik emandako arrazoiak direla eta, erakunde honek bidezkotzat jotzen du legezko betebeharren gogorarazpen bat era iradokizun bat egitea, Iruñeko Udalak herritarrei igortzen dizkien komunikazioak aipatutako irizpideen araberakoak zian daitezen.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko Udalari gogoratzea legez gaztelaniaz eta euskaraz idatzi behar dituela eremu euskaldunean bizi diren herritarrei zuzendutako komunikazioak eta jakinarazpenak; bereziki, horixe egin beharko du bere kabuz jarduten duen kasuetan, hain zuzen ere hartzaileak bere borondatea aurretik adierazi gabe ere.

2. Iruñeko Udalari iradokitzea ezen, euskara sustatzea egokitzat jotzen badu, bere jakinarazpenak gaztelaniaz eta euskaraz igor diezazkiela Nafarroako eremu mistoko herritarrei edo Iruñeko herritarrei, hala eskatuz gero.

3. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

4. Kexa-egileari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia