Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q21/99) Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari eta Etxalarko Udalari iradokitzea aztertu dezatela ea posible den proiektatutako heliportua beste lekuren batean jartzea, (eraikita edo aurreikusita dauden) etxebizitzetatik urrutiago, bizilagunek ez dezaten pairatu horrelako instalazio batek eragin ditzakeen eragozpenak

2021 apirila 28

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: La próxima construcción de un helipuerto en las inmediaciones de la vivienda de los autores de la queja.

Herri Lanak

Etxalarreko alkatea

Alkate jauna:

________________

Lehen Lehendakariordea Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Kontseilaria

Kontseilari jauna:

1. 2021eko otsailaren 1ean, instituzio honek idazki bat jaso zuen. [...] andrearena eta [...] jaunarena, bertan Etxalarko Udalaren kontra eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren kontra bere etxearen ondoan heliportu bat eraikitzearekin ados ez daudelako.

2. Kexa jaso ondoren, erakunde hau harremanetan jarri zen Etxalarko Udalarekin eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuarekin, gai horri buruzko informazio eske.

Jasotako txostenen kopia bana eman zaie kexaren egileei.

3. Etxalarko Udalak honako hau azaldu du bere txostenean:

a) Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren Babes Zibilerako Zerbitzua da kexan aipatzen den proiektuaren sustatzailea.

b) Duela bi urte hasi zen proiektua, eta zegokion publizitatea eman zaio. HELINET proiektuan sartuta dago, eta horren xedea da mugaz haraindiko lankidetzarako sare bat sortzea eta antolatzea, elkarri laguntzeko misioak eta arriskuak batera kudeatzeko, larrialdietan, erreskateetan eta hondamendietan, helikopteroak erabiliz.

c) Etxalarko Udalaren iritziz, herrian gauzatu nahi den proiektua ez da heliportu bat, heliazalera bat baizik, eta ez dago araudi espezifikorik horrelako instalazioetarako, ez eta hirigintzaren alorrekorik ere.

d) Azalera bat instalatzeko, linea elektrikorik eta zuhaitzik gabeko eremu bat behar da. Nafarroako Gobernuak Etxalarko Udalari eskatu zion bila zezala leku egokiren bat, eta zenbait leku proposatu zituzten. Zehazki, jakinarazi dute pilotuek proba-hegaldiak egin zituztela eskolako kirol-pistan, baina leku hori baztertuta gelditu zela, handik gertu kableak daudelako. Azkenik, kexan aipatzen den lekua aukeratu zuen Nafarroako Gobernuak, leku egokiena horixe zela iritzita.

e) Heliazaleren xede nagusia da zoladura bat prest izatea, baina osasun-larrialdiko egoeretan bakarrik erabiltzeko. Azken hamahiru urteotan, hiru jarduketatan bakarrik mugitu behar izan da helikoptero bat.

f) Kexan aipatzen den araztegiaren kudeaketa ez da Udalaren ardura, NILSArena baizik.

g) Konpost-eremuari dagokionez, adierazi dute kimatzeetatik, belar-mozketetatik eta abarretatik datozen landare-hondarrak uzteko lekua dela. Udalak urtean zenbait aldiz husten du eremua. Alabaina, jasotako txostenean adierazitakoaren arabera, eremu hori ez denez aurreikusitako helbururako bakarrik erabiltzen, era guztietako hondakinak uzten baitira, eremu hori hortik kentzea erabaki du Udalak, eta beste leku bat bilatzea xede horretarako.

h) Aurkeztutako instantziei eta kexei ez erantzun izanari buruz, Udalak jakinarazi du 2021eko urtarrilaren 14ko udalbatzaren bilkuran landu zela gaia, eta erabakia interesdunei jakinarazi zitzaiela 2021eko otsailaren 2an.

4. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak honako hau dio bere txostenean:

a) Abuztuaren 19ko 1189/2011 Errege Dekretuaren arabera (azpiegitura aeronautikoen plangintzak egiteko eta aerodromo autonomikoak ezarri, aldatu eta trafikora irekitzeko eman beharreko aldez aurreko txostenak emateko prozedura arautzen du), behin-behineko aerodromotzat jotzen dira aireontziak erabiltzeko egokiak diren azalerak, operadorearen iritziz operazioak seguruak izateko gutxieneko baldintzak betetzen dituztenak, eta gehienez ere urtean 40 erabilera izaten dituztenak, 15 erabilera gehienez hilabete batean, 1.2 artikuluan aipatutako operazioetan izan ezik.

b) HeliNET Proiektu Europarraren babesean jarriko diren behin-behineko heliportuak (heliazalerak) behin-behineko azalerak dira, noizbehinka erabiliko direnak, ohiz kanpoko egoera jakinak gertatzen direnean, eta ez da administrazioaren baimenik behar horiek ezartzeko. Hala eta guztiz ere, lursailaren jabearen baimena behar da, eta muga eta baldintza tekniko jakin batzuk bete behar dira.

c) Heliazalerak (jakinarazi dute hamasei udalerrik dutela interesa horietan) Barne Zuzendaritza Nagusira atxikitako lursailetan eraikiko dira, eta, Nafarroako Foru Komunitatearen jabetzako lursailik ez dagoen lekuetan, dagozkien udalek erabilgarri jarritako udal-lursailetan.

d) Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak zenbait eskakizun eta baldintza tekniko finkatu zituen leku bat larrialdi kasuetan helieremu gisa erabiltzeko egokia den ala ez zehazten laguntzeko:

- Linea elektrikorik eta zuhaitzik gabeko eremua izatea, ez daitezen sartu helikopteroaren hurbilketa- eta igoera-azaleran aireratzean. Heliazaleraren mugimendu-eremuen inguruko eremuan ezin da oztoporik egon, helikopteroen operazioak arriskurik gabe egiteko.

- Lur gogorra eta trinkoa: hormigoia, asfaltoa, zabor-legar zapaldua, etab. Malda ez da izango % 2 baino gehiagokoa, norabide guztietan.

- Ezin da objektu finkorik edo mugikorrik egon segurtasun-eremuan.

- Azalera behar bezala prestatuta egongo da, errotoretik jaisten den haize-lasterrak ez dezan hauts gehiegi edo adarrik altxatu.

- Ibilgailuentzako sarbidea izan behar dute, errepide batetik, edo anbulantzientzat eta larrialdi-zerbitzuen beste ibilgailu batzuentzat egokia den zorua duen bide batetik. Orobat, aparkaleku bat izan behar dute, anbulantziaren eta helikopteroaren arten trukeak egiteko.

- Seinaleztapen espezifikoa izan beharko dute, bertan gelditzea eta bertara sartzea debekatuta dagoela adierazita (baimendutako ibilgailuak izan ezik). R-100 eta R-307 seinaleak. Heliazalerarako sarbidea dagoela bermatu behar da etengabe, eta urteko egun guztietan erabiltzeko moduan egongo dela.

- Segurtasun-eremuaren diametroa 28 metrokoa izango da.

- Lur hartzeko plataforma gutxienez 10 x 10 metroko aldea duen karratu bat izango da, iparralderantz orientatua.

- Heliportua identifikatzeko seinalea H letra izango da, 4 metro x 2,75 metrokoa, eta 0,50 metroko lodierakoa, iparralderantz orientatua, gutxienez 12 metroko diametroa eta 0,50 metroko lodiera izango duen zirkulu baten barruan jarria.

- Ezin da oztoporik egon lur hartzeko lekutik 100 metrora edo gutxiagora, eta 15 metro baino gutxiagoko altueran (posteak, zuhaitzak, kable-lineak, etab.).

e) 2019ko apirilaren 4an, leku posibleak adierazteko eskaera egin zitzaion Etxalarko Udalari. 2019ko maiatzaren 2an, leku hauek proposatu zituen Udalak: Bekolanda (2. poligonoa, 137. lurzatia) eta Landagain eskola (4. poligonoa, 3. lurzatia).

f) Planoa aztertu ostean, 2019ko ekainaren 12an hegaldi bat egin zen eremuaren gainetik, izan ere, 1070/2015 Errege Dekretuak xedatutakoari jarraikiz, operadoreak berak erabaki behar du azalera bat egokia den ala ez aireontziak erabiltzeko, eta operazioetarako gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen dituen ala ez. Esandakoa kontuan hartuta, erabaki zen Bekolandako proposamenak betetzen dituela ezaugarri eta baldintza teknikoak eta aeronautikoak, behin-behineko heliportu (heliazalera) bat jartzeko.

g) Aireko Zirkulazioko Erregelamenduarekin eta Hegazkineria Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren 2019ko maiatzaren 31eko Ebazpenarekin bat (salbuespenak arautzen ditu azken horrek), larrialdi-zerbitzuetako helikopteroek Bekolanda ingurunean lur hartu dezakete, baina baita beste edozein lekutan ere, nahiz eta heliazalerarik ez egon, betiere, operadoreak irizten badu betetzen direla gutxieneko segurtasun-baldintzak operazio horretarako. Hala eta guztiz ere, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak uste du, Etxalarren lur hartu behar bada, beti izango dela egokiagoa eta seguruagoa horretarako eremu espezifiko bat izatea, baldintza tekniko egokiak dituena.

h) 2006az geroztik, 8 aldiz mobilizatu dira aireko baliabideak Etxalar udalerrira. 8 jarduketa horietatik (lur hartuta), badakigu gutxienez 3tan mendian lur hartu zela, eta ez hirigunean. Gainerako esku-hartzeei dagokienez, ez dakigu non lur hartu zuten zehazki. Esandakoa kontuan hartuta, Etxalarren larrialdietako helikoptero bat lur hartuta egon den denbora, guztira, 1 ordu eta 35 minutu izan da, gehienez, 2006ko urtarrilaren 1az geroztik.

i) Jasotako txostenean, bizilagunek aipatutako zenbait gairi erantzuten zaie (etxebizitzen gainetik hegan egitea, lur hartzeko planak, etxebizitzetara sartzeko bidea erabiltzeko muga, errotore bidez elementuak barreiatzea, aparkaleku-plazak murriztea eta balizko kalte materialekiko ardura).

j) Azkenik, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak igorritako txostenean, adierazi dute aurkeztutako kexen ondoren, honako neurri hauek hartu direla:

- Heliazalerak eraikitzeko obra-kontratuaren esleipendun den enpresari aginduko zaio atzeratu dezala Etxalarko obraren hasiera, bizilagunek eta interesdunek adierazitako zalantza guztiak ebazteko denbora izateko.

- Etxalarren proiektatutako behin-behineko heliportuaren (heliazalera) bideragarritasunari buruzko txosten tekniko bat eskatuko da. Txosten horretan, erreferentziazko proiektuaren azterketa egingo da, legeen, aeronautikaren eta operazioen segurtasunaren ikuspegietatik, eta honako hau adierazi beharko da:

“Aztertzen ari garen heliportuari dagokionez, operazioen kopurua eta tipologia kontuan hartuta, argi eta garbi esan daiteke Etxalarko heliportuak betetzen dituela indarreko legedian ezarritako behin-behineko heliportuen kategoriako baldintzak.

Proposatutako heliportuak betetzen ditu 965/2012 Erregelamenduan ezarritako eskakizunak, espazioei, distantziei eta aireratzeko eta lur hartzeko performanceei dagokienez, EC-135 erreferentziazko helikopteroaren hegaldiko eskuliburuan xedatutakoaren arabera.

Ondorio gisa, aeronautikaren ikuspegitik, esan daiteke guztiz bideragarritzat jotzen dela proposatutako leku horretan behin-behineko heliportu bat jartzea, operazio-eskemak aztertuta. Dena den, operadoreak aldizka aztertu behar du baldintzek egokiak izaten jarraitzen dutela, oztopoei dagokienez, eta, helikopteroetan aldaketak egiten badira ere, operazioa ahalbidetzen duten performanceei eusten zaiela”.

Era berean, zenbait gomendio eman dira, eraikuntzari eta operazioari buruzkoak, errespetatu eta ezarri egin beharko direnak, haien bideragarritasunaren arabera.

- Etxalarko Udalarekin batera, informazio-ekintza bat antolatzea, auzokide interesdun guztiei irekia, proiektua eta lehen aipatutako bideragarritasun-txostena aurkezteko, eta bertaratuek adierazten dituzten zalantzei erantzuteko.

5. Mota honetako instalazioei dagokienez, interes publikoko helburu baterako direnez (kasu honetan, larrialdietako osasun-garraioaren larrialdi-operazioak egiteko bidea ematea), erakunde honek ez du zalantzan jartzen Administrazio eskudunak egokien irizten duen lekua aukeratzeko ahalmena duenik, eta hori jabari publikoan jartzeko legezko ahalmena duenik ‒kexaren egileek ere ez dute arrazoiketa horren aurka egiten‒, baina, betiere, horrekin hirugarrenen eskubide legitimoetan kalterik eragin gabe.

Igorritako txostenetan adierazi da proiektatutako heliportua behin-behinekotzat jotzen dela, aurreikuspenen arabera zenbat aldiz erabiliko den kontuan hartuta. Horri dagokionez, azken urteetan helikoptero bat erabiliz egin diren osasun-larrialdiko operazioak adierazi dira, eta horiek abuztuaren 19ko 1198/2011 Errege Dekretuan xedatutakoarekin lotzen dira. Horren arabera, behin-behineko aerodromoak dira aireontziak erabiltzeko egokiak diren azalerak, operadorearen iritziz operazioak segurtasunez egiteko gutxieneko baldintzak betetzen dituztenak, eta urtean gehienez ere 40 aldiz erabiliko direnak, eta hilabete batean gehienez ere 15 aldiz, 1.2 artikuluan aipatutako operazioetan izan ezik (horien artean sartzen dira bat-batean sortutako larrialdi-egoeretan erantzutea xede dutenak, mediku-operazioetan adibidez).

Alabaina, erakunde honi iruditzen zaio badagoela oinarria heliportua eraiki nahi den lurzatiaren alboko etxebizitzetan bizi diren pertsonek adierazitako kezketarako. Proiektuaren arabera, instalazio hori etxebizitza batzuetatik 15 metrora egongo da, eta, diotenez, distantzia hori murriztu egingo litzateke heliportua proiektatuta dagoen lursailaren alboko lurzatian udal-plangintzan aurreikusita dagoen etxebizitza eraikitzen bada.

Gainera, nahiz eta egia izan azken urteotan Etxalar udalerrian helikoptero bidez egindako larrialdi-operazioak urriak izan direla, indarreko araudiak heliportu bat behin-behinekotzat jotzeko baimendutako operazioen maximoa egingo balitz etorkizunean (40 urtean, hilabete bakoitzean 15 baino gehiago egin gabe), erabilera-intentsitate horrek eragin nabaria izango luke balizko instalaziotik gertu bizi diren egoiliarren eskubideetan.

Bestalde, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak bere txostenean adierazi duenez, leku bat egokia den ala ez erabakitzeko finkatutako irizpide teknikoetako bat da ezin dela oztoporik egon lur hartzeko lekutik 100 metrora, eta segurtasun-eremuak 28 metroko diametroa izan behar duela. Ondorio horietarako, heliportua proiektatuta dagoen azaleratik gertu dauden etxebizitzak oztopotzat jo behar dira, eta ez litzateke bermatuko 28 metroko diametroko segurtasun-eremua, eta, beraz, ez dira betetzen ezarritako eskakizunak.

Horregatik guztiagatik, ikusita etxebizitzak oso gertu eta jarraian daudela heliportua eraikitzeko proposatutako azaleratik, eta kexaren egileek arrazoizko kezkak azaldu dituztela horri buruz, erakunde honi egokia iruditu zaio Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari eta Etxalarko Udalari iradokitzea aztertu dezatela ea posible den proiektatutako heliportua beste lekuren batean jartzea, (eraikita edo aurreikusita dauden) etxebizitzetatik urrutiago, bizilagunek ez dezaten pairatu horrelako instalazio batek eragin ditzakeen eragozpenak.

6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari eta Etxalarko Udalari iradokitzea aztertu dezatela ea posible den proiektatutako heliportua beste lekuren batean jartzea, (eraikita edo aurreikusita dauden) etxebizitzetatik urrutiago, bizilagunek ez dezaten pairatu horrelako instalazio batek eragin ditzakeen eragozpenak.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Etxalarko Udaletxeak eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko dute ebazpen hau onartzen duten eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituzten.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2021. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia