Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak, Patxi Verak, aurkezpen batean parte hartu du urtarrilaren 26an, astelehenean. Zehazki, aurkezpena Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Erakundeen Nafarroako Batzordeak (CERMIN) egindako Informar para incluir: los derechos del alumnado con discapacidad y sus familias azterlanari buruzkoa zen. Ikerketa horrek agerian utzi du desgaitasunen bat duten ikasleek eta haien familiek ez dituztela hezkuntza-eskubideak behar bezala ezagutzen. Era berean, azterlanean gizatalde horrek dituen informazio-gabeziak antzeman ziren, eta, aldi berean, zera planteatu zen: Foru Komunitatean benetan inklusiboa den hezkuntza-sistema baterantz aurrera egiteko laguntzak indartzeko beharra, hain zuzen ere.
Egoera horren aurrean, Patxi Verak azpimarratu zuen “begirada aldatu behar dela” eta apustu irmoa egin behar dela ekitatearen eta inklusioaren alde, justizia sozialeko kontuak baitira. Bestalde, Nafarroako Arartekoak, erakundeko kabineteburu den Amaia Madinabeitiarekin batera, gogorarazi zuen administrazio publikoek betebeharra dutela hezkuntza-arloan edozein bazterketa-motari aurrea hartzeko eta lehen etapetatik aukera-berdintasuna bermatzeko.
Adierazpen horiek Iruñeko ONCE erakundearen ekitaldi-aretoan egin ziren, eta familiak, gizarte-entitateak, hezkuntza-arloko profesionalak eta erakundeetako ordezkariak bertaratu ziren jardunaldira. Ongietorrian, CERMIN batzordeko presidente den Mariluz Sanz andreak azpimarratu zuen hezkuntza inklusiboa “ez dela aukera hutsa, oinarrizko giza eskubidea baizik”. Gainera, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko NBEren Konbentzioaren 20. urteurrena gogoratu zuen.
Sanzek bere erakundeak egindako azterlanaren berri eman zuen. Hala, azterlan hori desgaitasunaren inguruko elkarte-mugimenduak partekatzen duen kezka batetik sortu zen; izan ere, familia askok adierazi dute beren seme-alaben hezkuntza-eskubideei buruzko “ezjakintasun orokorra, nahasmendua eta segurtasunik eza” dutela.
Bestalde, Irati Goikoetxeak, Nafarroako Gobernuko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuko zuzendariak, hasiera instituzionala eman zion ekitaldiari eta nabarmendu zuen garrantzitsua dela informazio argia eta irisgarria ematea eskubideak benetan baliatzen direla bermatu ahal izateko. Ildo horretan, ohartarazi zuen desgaitasunen bat duten ikasleen aurkako gaitzespen-, diskriminazio- eta jazarpen-egoerak daudela, eta, beraz, eskatu zuen giza eskubideen defentsan talde-hausnarketa eta -autokritika egiteko.
Ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Zibileko irakasle titularra den Leyre Elizari andreak testuinguruan kokatu zuen hezkuntza inklusiboaren esparru juridikoa, eta zera gogorarazi zuen: hezkuntza inklusiboa bermatzea ez dela aukera hutsa, ezta administrazio-zama ere, oinarrizko eskubidea betetzea baizik. Elizarik adierazi zuen hezkuntzarako eskubideak (Konstituzioan jasota dago eta Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Konbentzioak garatu zuen) hezkuntza-sistema inklusiboa bermatzera behartzen duela. Hala, garapen pertsonal osoa ahalbidetze aldera, sistema horrek diskriminaziorik gabekoa, aukera-berdintasunean oinarritutakoa eta ikasleen beharretara egokitua izan behar du. Era berean, azpimarratu zuen familiek informazioa jasotzeko duten eskubidea ez dela kontu txikitzat hartu behar.
Bestalde, CERMIN batzordeko teknikari den Monica Iñigo andreak emaitzak aurkeztu zituen eta azterlanaren ondorio nagusiak azaldu zituen. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: desgaitasunen bat duten ikasle eta familientzako informazio argi eta eskuragarririk eza, zeinak euren hezkuntza-eskubideak behar bezala baliatzea zailtzen baitu; baliabide tekniko eta giza baliabide nahikorik ez izatea, zeinak familiekiko koordinazio egonkorrerako eta kalitaterako mekanismoak sortzea mugatzen baitu; hezkuntza-komunitatearen aldetik familia askok sentitzen duten estigma, eta desgaitasuna duten ikasleekiko diskriminazio- edo jazarpen-egoerek irautea.
Ildo horretan, CERMIN batzordeak nabarmendu zuen helburua dela azterlana eztabaidarako eta ekintzarako tresna izatea, bai eta administrazioen, hezkuntza-komunitatearen, gizarte-erakundeen eta familien arteko elkarlana indartzeko abiapuntu ere. Hori guztia, aniztasuna baliotzat eta ez oztopotzat hartzen duen hezkuntza-sistema baterantz aurrera egiteko.
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiak finantzatu du Informar para incluir: los derechos del alumnado con discapacidad y sus familias azterlana
Partekatu edukia