Bilaketa aurreratua

Albisteak

De izquierda a derecha: Miren Bravo, trabajadora social; Patxi Vera, Defensor del Pueblo; Elena Aisa, presidenta de Besarkada-Abrazo y Amaia Madinabeitia, Jefa de Gabinete del Defensor del Pueblo de Navarra.
Ezkerretik eskuinera: Miren Bravo, gizarte-langilea; Patxi Vera, Arartekoa; Elena Aisa, Besarkada-Abrazo elkarteko presidentea, eta Amaia Madinabeitia, Nafarroako Arartekoaren kabineteburua.

Besarkada-Abrazo elkartearekin suizidioa prebenitzea

2026 urtarrila 20

Besarkada-Abrazo elkarteko kideak suizidioa gertutik bizi izan duten pertsonak dira, eta hauxe da elkartetik transmititu nahi duten mezu nagusia: «Hitz egiteak bizitzak salbatzen ditu». Elkartearen bultzatzaile eta presidente den Elena Aisak eta Miren Bravo gizarte-langileak bilera egin dute Nafarroako Arartekoa den Patxi Verarekin eta Amaia Madinabeitia kabineteburuarekin.

Lansaioan, Besarkada-Abrazo elkarteko ordezkariek Arartekoarekin partekatu dute kezkatuta daudela Nafarroako suizidioen zenbatekoa dela-eta. Izan ere, zifra hori urtean berrogeita hamar edo hirurogei kasu ingurukoa da, eta, gainera, 1.200 suizidio-saiakera inguru zenbatzen dira urtero.

Arartekoak elkarteari jakinarazi dio erakundea eskuragarri dagoela eta egiten duten lanean eta ematen dituzten zerbitzuetan lagun dezakeela. Zehazki, hauek dira zerbitzu eta lan horiek: suizidioaren ondoriozko dolu-prozesuan laguntza psikologikoa eskaintzea, laguntza-taldeak, buruaz beste egiteko ideia duten senideak dituzten familientzako laguntza, buruaz beste egiteko ideiak dituztenei laguntzeko baliabideei buruzko orientazioa eta eremu politiko-administratiboan suizidioa prebenitzeko politikak bultzatzea eta garatzea.

Besarkada-Abrazo elkarteak suizidioaz hitz egitearen garrantzia nabarmendu du, Espainiako nerabe eta gazteen artean heriotzaren bigarren kanpoko arrazoia baita. Laguntza eskatzea ausardiaren seinale delakoan daude, eta azpimarratu dute prestakuntza berebizikoa dela txikitatik egonkortasun emozionala bermatzeko eta suizidioa saihesteko.

Topaketan, Besarkada-Abrazo elkarteko ordezkariek Arartekoari aurkeztu diote "Itxaron! Hemen nago #suizidiogehiagorikEZ" kanpaina. Horren bidez, krisialdietan laguntzeko baliabideei buruzko informazioa ematen da.

Partekatu edukia