Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak, Patxi Verak, joan den uztailaren 20an Madrilen egin zen autonomia-erkidegoetako herriaren defendatzaileen lan-bilera batean parte hartu zuen. Bilera Espainiako Herriaren Defendatzaileak deitu zuen. Bileraren helburua urrian Kanarietan egingo diren Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXIX. Jardunaldiak prestatzea izan zen. Jardunaldien gai monografikoa Espainian etxebizitza eskuratzea izango da.
Hala, jardunaldietan honako gai hauek jorratuko dira, besteak beste: etxebizitza soziala eta babestua esleitzeko prozesuak, alokairurako laguntzak, turismo-erabilerako alokairuaren araubidea, bizitegi-eremu tentsionatuak, etxegabetzeen eta kaleratzeen aurrean etxebizitza-aukerak, eta bizigarritasuneko gutxieneko baldintzarik gabeko kokaguneen egoera. Gai hori aukeratzea ez da kasualitatea; izan ere, etxebizitza Estatuko herriaren defendatzaileen erakundeetan kexa gehien eragiten dituen gaietako bat bihurtu da, baita Nafarroan ere. Patxi Verak behin baino gehiagotan azpimarratu du beharrezkoa dela etxebizitzen eskaintza handitzeko eta alokairua eskuratzea errazteko neurri osagarriak hartzea.
Jardunaldien aurreko bileran etxerik gabeko pertsonen egoera ere aztertu zen, Kataluniako Síndica de Greuges erakundeak aurkeztutako txosten batean oinarrituta. Txosten horren arabera, 6.000 pertsona baino gehiago bizi dira kalean edo kokaguneetan autonomia-erkidego horretan. Bestalde, Ángel Gabilondok bileran azpimarratu zuen etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko ezinbestekoa dela Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta toki-administrazioen konpromiso koordinatua.
Partekatu edukia