Partekatu edukia
Andaluziako, Kanarietako, Kataluniako, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako defendatzaileok Iruñean sinatu dugu Defentsa-erakundeen arteko lankidetza-akordioa, garapen jasangarrirako helburuak eta 2023 Agenda bultzatzeko. Defentsa-erakundeok irmo konprometituta gaude gizarte-justiziarekin, gizon-emakumeen duintasunarekin eta ekitatearekin; horregatik, argi eta erabakitasunez adierazi nahi dugu bat egiten dugula Nazio Batuen garapen jasangarrirako helburuekin (GJH) eta 2030 Agendarekin. Horixe da ekimen honen abiapuntua.
Atxikitze hori ez da formala soilik, baizik eta oso etikoa, instituzionala eta eraginkorra, uste baitugu herritarren eskubideak bermatzeko dugun eginkizuna modu naturalean uztartzen dela agenda horren printzipio gidariekin, berori giza eskubideen ispilu eguneratua delako. Bere 17 helburuetan eta 169 xedeetan inplizituki eta esplizituki jasota daude nazioarteko konpromisoak, unibertsalak nahiz Europakoak, Espainiako estatuan eta bere autonomia erkidegoetan aplikatu beharrekoak: emakumeen eta gizonen berdintasunetik hasi eta hezkuntzarako, osasunerako, lan duina izateko, etxebizitzarako edo ingurumenerako eskubideetaraino.
Nazio Batuen Batzorde Nagusiak oraintsu aitortu duenez, defentsa-erakundeok eginkizun garrantzitsua betetzen dugu GJHak lortzeko orduan, Zuzenbide estatua indartzen, administrazio ona ahalbidetzen eta gizon-emakumeen oinarrizko eskubide-askatasunak babestu eta sustatzen dugun zereginagatik.
Gainera, aipagarria da gure erakundeek lurralde- eta gizarte-hurbiltasuna ematen dutela GJHak bertakotzeko. Gizabanakoen eta taldeen kexak bideratzen ditugu, tokiko eskaerak aditzen ditugu eta eskubideak betetzen ote diren ikuskatzen dugu etxebizitza, osasuna, haur eta nerabeak, adin handikoak, hezkuntza edo gizarte-prestazioak bezalako eremu hurbiletan.
Gure lana Agendako funtsezko bost ardatzekin —pertsonak, planeta, oparotasuna, bakea eta partenariadoa— lerrokatzea eta berori ekintza zehatz bihurtzea proposatzen du akordio horrek. Gizon-emakumeak ardatz hartuta, pobreziaren kontra borrokatzen gara, emakumeen eta gizonen berdintasuna, osasuna eta ongizatea defendatzen ditugu eta talde kalteberenen eskubideak babesten ditugu. Planetari dagokionez, ingurumen-araudiak bete daitezen zaintzen dugu, baita klima-aldaketaren aurkako borrokan aurrera egitea ere, eta herritar guztiek oinarrizko zerbitzuak eskuragarri izatea sustatzen dugu. Oparotasuna dela eta, hiri inklusiboen alde lan egiten dugu, etxebizitza eskuratzearen eta gizarteratzearen alde, desberdintasunak gutxitzearen alde. Bakearen arloan, administrazio ona eta kudeaketa publiko eraginkorra, justizia eta ekitatea defendatzen ditugu, kultura errestauratiboari eta gatazkak konpontzeari buruzko printzipioekin eta oinarrizko eskubideekin bat etorriz. Eta partenariadoaren ikuspegitik, aliantzak, lankidetza-sareak eta gizarte zibilarekin parte hartzeko eremuak bultzatzen ditugu.
2030 Agendak berekin dakartzan erronkei aurre egiteko, beharrezkoak dira ekintza, jarraipena eta kontuak ematea. Hortxe izan dezakete eginkizun oso garrantzitsua eta izan daitezke tresna zeharo baliotsuak gure hitza, gure herritarrekiko gertutasuna eta erakunde independente eta agintedun gisa dugun posizioa.
Autonomia erkidegoetako defentsa-erakundeak garenez, uste osoz hartzen dugu geure gain erronka hori, eta herritarren eta administrazioen arteko zubi izaten jarraituko dugu, herritarren eskubideen bermatzaile eta demokrazia- eta bake-kulturaren bultzatzaile gisa.
Iruña, 20252ko maiatzaren 14a
Partekatu edukia