Bilaketa aurreratua

Albisteak

La presentadora Nuria Tirapu junto al Defensor del Pueblo de Navarra, Patxi Vera, en Navarra Televisión
Nuria Tirapu aurkezlea eta Patxi Vera Nafarroako Arartekoa Navarra Televisión-en.

Nafarroako Arartekoa gonbidatu dute Nafarroako Está Pasando programara

2025 azaroa 27

Patxi Vera Nafarroako Arartekoa elkarrizketatu zuten NavarraTVko Está Pasando programan. Bertan, Foru Komunitateak dituen gizarte-erronka nagusietako batzuk birpasatu zituen, eta erakundeak herritarren eskubideen defentsan duen zeregina azaldu zuen.

Elkarrizketan, Verak eskerrak eman zizkion Nafarroako ONCE Gizarte Taldeari 2025eko ONCE Sari Solidarioa Arartekoari Administrazio Publikoaren kategorian emateagatik. Hala, aintzatespen hori erakundearen, ONCEren eta CERMINen (Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Nafarroako Batzordea) arteko etengabeko lankidetzaren emaitza gisa baloratu zuen. Gainera, Arartekoak azpimarratu zuen berdintasunaren aldeko borrokak “zeharkakoa eta partekatua” izan behar duela.

Patxi Verak azaldu zuen, halaber, herritarrek zer-nolako kexak aurkez ditzaketen eta nork jo dezakeen baliabide publiko horretara. Hogeita bost urteko ibilbidea duen erakundea da, eta horren zeregina gogorarazi zuen Verak: herritar guztien eskubideak eta askatasunak babesteko eta hobetzeko Administrazio publikoaren eta tokiko erakundeen jarduna gainbegiratzea.

Kezka nabarmenen artean, Verak etxegabetasuna azpimarratu zuen, “bereziki mingarria baita bizi-kalitatearen indizeak gidatzen dituen komunitate batean”. Mugikortasun-arazoak eta taxiaren egoera ere aipatu zituen, eta, ildo horretan, ziurtatu zuen “Iruñerriko Mankomunitateak ez duela betetzen araudiak eskatzen duen lizentzia-kopurua”. Arartekoa kezkatuta agertu zen, halaber, eskola-jazarpeneko kasuak ugaritu egin direlako. Egoera hori “kezkagarritzat” jo zuen, eta prebenitzeko programa eraginkorrak behar direla adierazi zuen, besteak beste, detekzio goiztiarreko irakasleentzako nahitaezko prestakuntza.

Azkenik, azpimarratu zuen etxebizitza eskuratzea oraindik ere erronka handietakoa dela gizartearentzat, eta elkarrizketaren eta bizikidetzaren garrantzia aldarrikatu zuen polarizazio sozialaren aurrean.

Partekatu edukia