Partekatu edukia
Nafarroako Ararteko Patxi Verak astearte honetan Adineko Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioari buruzko topaketa zuzendu du Nafarroako Parlamentuko Erabilera Anitzeko Aretoan. Topaketak helburu bikoitza izan du: Nazio Batuen Erakundean Konbentzio hori onartzeko egiten ari diren lana ezagutaraztea eta Nafarroatik Konbentzioa errealitate bihurtzen laguntzea.
Aurretik, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualdek, ongietorri-hitzaldian, Adinekoen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioari begira lan egiteko eskatu du. Konbentzio hori Nazio Batuen Erakundearen ebazpen historiko baten ondorio da (2025eko apirila), eta biztanleriaren sektore zabalaren (% 20,4) eskubideak eta nahiak harmonizatzea du helburu; gainera, zalantzarik gabe, sektore horrek ekarpenak egiten jarraitzeko gaitasuna du.

“Joan den asteazkenean bertan helarazi ziguten hori, Nafarroako Adinekoen Konfederazioarekin (T3rcer Tiempo) batera egin genuen ekitaldian: bizi-kalitatearekin zahartzea eskubidea da; urteak betetzeak ez ditu ez eskubideak ez erabakitzeko gaitasuna aldatzen”, adierazi du. Horregatik, Hualdek “zahartzearen inguruko begirada aldatzeko” beharra defendatu du. Horrekin lotuta, adinekoen belaunaldiekin lotutako iritzi hau partekatu du: “aktiboak dira eta mobilizatzen jarraitzen dute, garai batean gizarte- eta lan-hobekuntzak aldarrikatzeko egin zuten bezala, gure komunitatearen bizi-baldintzak hobetzeko asmoz”.
Hortik abiatuta, programari hasiera eman diote “Adinekoeen eskubideak” izeneko inaugurazio-hitzaldiarekin. Fernando Flores Valentziako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle titularra izan da hitzaldia eskaini duena. Floresek defendatu duenez, adineko pertsonek ez dute talde homogeneoa osatzen, eta ez dira soilik beharrak dituzten pertsonak, baizik eta eskubide guztiak dituzten herritarrak. “Adinekoek ez dituzte soilik eskubide sozialak, hau da, prestazio-eskubideak; hori beharrean, herritarren eskubide guztiak dituzte, gainerako herritarren maila berean. Eskubide horiek gauzatzea eragozten duten oztopoak zein diren jakin behar da, eta horiek bermatzeko neurriak hartu”, adierazi du.

Bere ustez, nazioarteko ituna ezinbestekoa da oztopo horiek ikusarazteko eta erantzukizunak esleitzeko: "Askotan gertatzen dena da ez dakigula zein diren arazoak. Arazo horiek jasotzen dituen konbentzioa prest duzunean, orduan has zaitezke erabakiak hartzen".
MAHAI INGURUA
Topaketa “Adinekoen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentziorantz” izeneko mahai-inguruarekin osatu dute. Mahai-ingurua Amaia Madinabeitia Nafarroako Arartekoaren kabineteburuak moderatu du, eta adinkeriari eta adinaren ondoriozko beste diskriminazio mota batzuei aurre egiteko nazioarteko tratatua lortzeko bidean aurrera egiteak duen garrantzia aztertu dute.

Era berean, gaur egun Nazio Batuetan irekita dagoen prozesua nabarmendu dute, adinekoen giza eskubideen nazioarteko babesean dauden hutsuneei erantzungo dien tresna sortzea ahalbidetuko baitu. Horri lotuta, Isabel Martínezek, HelpAge International España Fundazioko presidenteak, adierazi du “arlo guztietan, esaterako, justiziarako, etxebizitzarako eta pentsioetarako sarbidean edo enpleguaren aurkako babesari dagokionez, eskubideen urraketa nabarmenak gertatzen direla adinarekin lotutako arrazoiak direla eta, eta horixe bera dela konbentzioak konpontzea nahi duguna”.
Espainiako Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuaren (IMSERSO) nazioarteko eta Iberoamerikarako aholkulariak bere erakundea prozesua bultzatzeko egiten ari den lana azaldu du. “IMSERSOk Espainiaren nazio mailako ardatz gisa jarduten du Nazio Batuen Erakundean, eta konbentziorako aholkularitza-kontseilua sortu dugu, gizarte zibilaren eta akademiaren arloko adituekin. Horrez gain, jardunaldiak, ekitaldiak eta zabalkunde- eta sentsibilizazio-programak garatzen ari gara”, azaldu du.

Eduardo Merino, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren Giza Eskubideen Bulegoko zuzendaria, pozik agertu da Espainia prozesu hori zuzentzen ari delako. “Gure herrialdea izan zen konbentzioaren idazketa abian jarri zuen ebazpena babestu zuen kideetako bat, eta alde askotariko lankidetzan eta giza eskubideen funtsezko zereginean sinesten dugu. Guztion arteko bizikidetza ahalbidetuko duen arauetan oinarritutako ordena egon behar du”, azpimarratu du.
Joxean Sesmak ere hartu du hitza, T3rcer Tiempo Konfederazioaren eta Nafarroako Adinekoen Kontseiluaren ordezkari gisa, eta prozesuari babesa emateko egiten ari diren lana azaldu du. “Nafarroako kolektibo guztietan, hala nola elkarteetan, egoitzetan, jubilatuen taldeetan eta abarretan, egon daitezkeen kasuak bildu eta konbentzio hau aurrera ateratzeko ardura duten lantaldeei helarazten lagun dezakegu”, azaldu du.

Ekitaldiaren amaieran, Carmen Maeztuk, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak, adineko pertsonak zaintzaren hartzaile gisa ulertzetik eskubide osoko herritar gisa ulertzera igaro behar dela adierazi du. “Adineko pertsonei buruz ezer ez, adineko pertsonarik gabe”, adierazi du. Horrekin lotuta, printzipio hori konbentzioa prestatzeko prozesu osoan presente egon dadila eskatu du.
Maeztuk gogorarazi du 2025eko apirilean Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak adostasun bidez onartu zuela testu hori prestatzeko prozesua abiatzea, eta uztailean gobernu arteko taldearen lehen bilera egin zela Genevan: “Ekin diogu bideari”, adierazi du.
Partekatu edukia