Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak, Patxi Verak, Amaia Madinabeitia kazetaria izendatu du kabineteburu berri, orain arte eginkizun hori bete duen Susana Galilea ordezteko, horrek erretiroa hartu baitu. Patxi Verak bere esker ona adierazi nahi izan du “Susanak erakutsitako profesionaltasun handiagatik eta lanerako eta konpromiso sozialerako erakutsitako gaitasunagatik, bai eta gizarte erakundeekin egindako lanagatik eta lankidetzagatik ere, erakundea herritarrengandik gertuago egotea lortu baitu”.
Informazio Zientzietan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta Enpresa Komunikazioko eta Publizitateko graduondokoa egin zuen ESIC Business Schoolen. Madinabeitia albistegietako zuzendari eta programen aurkezle lanetan aritu da Foru Komunitateko COPE Navarran, EFE Agentzian, Popular Televisión-en, Diario de Navarra egunkarian eta ADN Vivir Pamplona-n, besteak beste.
Azken hamabost urteetan magazinetako buru eta hainbat formatuko programen aurkezle izan da Navarra Televisión-en. Gainera, 2007 eta 2009 artean Carlos Esparza Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko kontseilariaren kabineteburu izan zen. Erakunde, enpresa eta kultura arloko ekitaldien aurkezle ere izan da.
Uharte Arakilen jaioa, Amaia Madinabeitiak euskaraz eta ingelesez daki, eta Complutense Unibertsitateak San Lorenzo de El Escorialen eskainitako Telebista Ikastaroarekin osatu zuen bere prestakuntza. Gainera, Tomas Belzunegui Kazetaritza Saria jaso zuen Nafarroako Gerontologia eta Geriatria Elkartearen eskutik; eta, bere ibilbide profesional zabalagatik, 2024ko Menina sarietako bat jaso du.
“Ilusio handiz hartu dut erronka. Erantzukizun handia da, erakundearen helburu nagusietako bat delako pertsonen eta herritarren bizi kalitatea bultzatzea eta hobetzea”, adierazi zuen kabineteburu berriak, zeinak abuztuaren 5etik aurrera hartuko duen ardura hori.
Bestalde, Galileak hauxe adierazi du: “ez dut lorpen handirik kontatzeko, ezta hori nahi ere; lortu izana espero dudan gauza bakarra da ahal nuen lekuan egon izana eta lagundu izana, utzi didatenean. Bihotzez egin dut, eta eskerrak ematen dizkizuet aukera honengatik”.
Partekatu edukia