Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak, Patxi Verak, Radio Nacional de Españak Nafarroan egiten duen Mediodía programaren edizio berri batean parte hartu du. Irratsaio horretan, 2025eko urteko memorian jasotako datuetan oinarrituta, erakundeak etxebizitzaren eta gizarte-ongizatearen arloan hautemandako arazo nagusietako batzuk aztertu ditu.
Elkarrizketan zehar Verak nabarmendu zuen gaur egun etxebizitza duina lortzea erronka sozial nagusietako bat dela, ez bakarrik Nafarroan, baita Estatu osoan ere. Ildo horretatik gogora ekarri zuen aurten Espainiako herriaren defendatzaileen koordinazio-jardunaldien ardatza etxebizitzaren arazoa izango dela eta horrek agerian uzten duela gai honen garrantzia eta irismena.
Arartekoak adierazi zuenez, egoerak neurri osagarri batzuk hartzea eskatzen du, etxebizitza-eskaintza handitzeko, alokairurako sarbidea bideratzeko eta hutsik dauden etxebizitzen parkea aprobetxatzeko aukera emango dutenak. Era berean, alokairua eskuratzeko diskriminazio-egoerak daudela ohartarazi zuen, bereziki atzerritar jatorriko pertsonei edo zaurgarritasun-egoeran dauden familiei eragiten dietenak.
Patxi Verak, halaber, arreta jarri zuen etxebizitza-faltak beste oinarrizko eskubide batzuetan dituen ondorioetan, osasun mentalari, familia-bizikidetzari, helduen atsedenari eta haurrek eta nerabeek ikasteko eta garatzeko dituzten aukerei eragiten baitie.
Gazteentzako politikei dagokienez, gogorarazi zuen erakundeak alokairurako laguntzen aplikazio-eremua zabaltzea gomendatu duela, gelen alokairua ere barne har dezaten.
Beste alde batetik, gizarte-ongizatearen arloan, Arartekoa kezkatuta agertu zen desgaitasuna baloratzeko espedienteak izapidetzean gertatzen ari diren atzerapenengatik.
Egoera honen aurrean Verak berretsi zuen aparteko neurriak hartu behar direla espedienteen metaketa murrizteko eta eragindako pertsonei erantzun arina bermatzeko.
Partekatu edukia