Bilaketa aurreratua

Albisteak

Patxi Vera y Javier Izu (RNE).
Patxi Vera eta Javier Izu (RNE).

Nafarroako Arartekoak jarduketen gorakada eta erakundearen onura soziala azpimarratu ditu RNEn

2026 maiatza 11

Nafarroako Arartekoak, Patxi Verak, RNEren Mediodía programan parte hartu du beste aste batez eta 2025eko Urteko Txostenaren datu garrantzitsuenak azaldu ditu.

Elkarrizketan zehar Patxi Verak azpimarratu zuen azken urtean erakundearen jarduera hazi egin dela. Zehatzago esanda Arartekoaren jarduketak % 19,7 igo ziren; 5.500 baino gehiago izan ziren eta herritarrek aurkeztutako kexen kopurua, berriz, % 23 baino gehiago hazi zen, 1.750era iritsi arte.

Herriaren Defendatzaileak azpimarratu zuenez gehikuntza honek herritarrek erakundearekiko hurbilago daudela eta ezagutza handiagoa dutela erakusten du. Ildo horretatik egindako lanaren zabalkundean komunikabideek burutu duten lana eskertu zuen eta adierazi zuen pertsona askok, senideen, lagunen edo administrazio publikoaren beraren bitartez, badakitela Defendatzailearengana joateko aukera dutela.

Era berean, azaldu zuen 2025ean izapidetu ziren espedienteetatik 683 kasutan konpondu edo onartu egin zirela herritarrek administrazioetan egindako eskariak.

Kexa-gai nagusiei dagokienez Patxi Verak adierazi zuen Gizarte Ongizatea izan zela lehena, eta, ondoren, Osasuna eta Hezkuntza daudela. Osasunaren kasuan  erreklamazio gehienak itxaron-zerrendekin lotuta egon zirela nabarmendu zuen.

Elkarrizketan, era berean, Arartekoak bereziki zaurgarriak diren kolektiboei dagokienez erakundeak egiten duen zeharkako azterketa nabarmendu zuen, hala nola haur eta nerabeekin, adinekoekin edo desgaitasuna eta mendekotasuna duten pertsonekin, biztanleriaren sektore horietan jarduketa administratiboek duten benetako eragina hobeto ezagutzeko helburuarekin.

Ildo beretik Patxi Verak aipatu zuen urteko memoria, 900 orrialdetik gora dituena, tresna erabilgarria dela bai Nafarroako Parlamentuarentzat, bai administrazio publikoentzat eta herritarrentzat. Azaldu zuenez txostenak aukera ematen du herritarren kexen eta kontsulten bidez antzemandako kezka nagusiak erakunde publikoei helarazteko eta administrazioen arauak eta funtzionamendua hobetzen laguntzeko.

Azkenik, Nafarroako Arartekoak berretsi zuen administrazio publikoekiko harremanetan bere eskubideak urratutzat jotzen dituen edonork jo dezakeela erakundera Arartekoaren esku-hartzea eskatuz. 

Partekatu edukia