Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak, Patxi Verak, Osasun Departamentuari gomendatu dio behar diren neurriak har ditzala hauxe bermatzeko: desgaitasunen bat duten pertsonek, kontratazio-zerrendetan duten lanpostuaren arabera, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sortzen diren lan-eskaintzak eskuratu ahal izango dituztela, horiek betetzeko premia larria izan edo ez. Hala jasotzen da erakundeak berriki emandako Q25/1621 espedientearen ebazpenean.
Ebazpen horren jatorria, zehazki, kexa bat da, desgaitasuna duten pertsonei premiaz bete beharreko lan-eskaintzetarako deirik ez egiteari buruzkoa. Arartekoaren ustez, jokabide horrek kolektibo hori egoera kaltegarrian jar zezakeen kontratazio-zerrendetan dauden gainerako hautagaiekiko.
Kasua aztertu ondoren, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jotzen du osasun-administrazioak deialdi horien kudeaketan bermeak indartzea, desgaitasuna duten pertsonak de facto ez daitezen aldi baterako eskaintza jakin batzuetatik kanpo geratu premiaren bidetik, eta zerrendetan duten lekuaren arabera sartu ahal izan daitezen.
Horrela, aldi baterako enplegu publikorako sarbidean berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak zaintzeko beharra azpimarratu du, baita berehalako edo premiazko estaldurak direnean ere. Era berean, zera saihestu nahi du: prozeduraren inguruabar bereziek babes indartua behar duten pertsonei kalte egitea, hain zuzen ere.
Gomendio horrekin, Nafarroako Arartekoak Osasun Departamentuari planteatu dio beharrezkoak diren neurriak har ditzala Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren kontratazio-zerrenden kudeaketak desgaitasuna duten pertsonentzat sarbide eraginkorra eta ekitate-baldintzetan ziurta dezan.
Bestalde, Osasun Departamentuak onartu egin du Arartekoaren ebazpen hori, eta hauxe erabaki du: Balorazio eta Orientazio Taldeak (EAO) lanpostu gehiagoren berrikuspen presentziala areagotzea eta langileen arduradunek lanpostuen eginkizunak definitzeko inprimaki espezifikoa betetzea. Hala, horrek zeregin horren zailtasuna aitortuko du, lanpostuen eginkizunen heterogeneotasuna dela-eta.
Neurri horiek behar duten garapen-denbora dela-eta ezartzen ez diren bitartean, Osasun Departamentuak planteatu du zentro guztiek lan-eskaintza guztiak BOTera bidaltzea, bateragarritasun-balorazioa egin dezaten, iraupena edo premia edozein dela ere.
Ebazpenaren testu osoa ikusi nahi dutenek esteka honen bidez egin dezakete.
Partekatu edukia