Bilaketa aurreratua

Albisteak

Celebración del 25 Anviersario de la aprobación de la Ley Foral del Defensor del Pueblo Navarra
Nafarroako Arartekoaren Foru Legea onarpenaren 25. Urteurrenaren ospakizuna

Nafarroako Arartekoaren arabera "epe laburrean Nafarroako gizarteak dituen erronka premiazkoenak" integrazioa eta etxebizitza dira

2025 ekaina 25

Nafarroako Arartekoa sortu zuen uztailaren 3ko 4/2000 Legearen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldiak 150 gonbidatu inguru bildu zituen asteazken honetan Nafarroako Parlamentuan. Azpimarratu behar da pertsona horien guztien artean bertan izan zirela Foru Komunitateko eragile sozial eta instituzional garrantzitsuenetako batzuk.

Auditorio horren aurrean, Nafarroako Herriaren Defendatzaileak-Arartekoak, Patxi Verak, "Nafarroako gizartearentzat epe laburreko erronka premiazkoenak" integrazioa eta etxebizitza direla adierazi zuen. "Estatu osoan bizi-kalitate handiena duen komunitatean ezin dugu onartu jendeak lo kalean egin beharra edukitzea, elikagairik gabe, heziketarik gabe edo osasun-arretarik gabe", esan zuen ekitaldirako Iruñera bertaratu zen Angel Gabilondo, Herriaren Defendatzailearekin, izandako elkarrizketa irekian.

Topaketa honetan Verak integrazioa defendatu zuen, "giza eskubideengatik eta gizatasunagatik". "Hori onkeria dela uste duenarentzat, alde egon beharko luke, interesagatik baino ez bada ere, Nafarroako biztanleria izugarri zahartuta baitago. Elkar behar dugu", gaineratu zuen. Eta etxebizitzari dagokionez, Patxi Verak, bere aurrekoak egin zuen bezala, "txoke-plan bat" eskatu zuen, "ez baita gai erraza".

Era berean, Nafarroako Arartekoak "administrazio ona" eskatu zuen, "herritarrek horretarako eskubidea dutelako eta horrek sistema demokratikoan konfiantza sortzen duelako, eta hori oso beharrezkoa da gaur egun". Era berean, "eremu digital berrietan eskubideak babesten ikasteko" beharra planteatu zuen, "bereziki adimen artifizialari dagokionez". "Eta eskubideak eta askatasunak zabaltzea, ezjakintasunagatik inor babesik gabe gera ez dadin", azpimarratu zuen.

Espainiako Herriaren Defendatzaileak, Angel Gabilondok, bat egin zuen proposamen eta planteamendu horietako askorekin. Zehatzago esanda, adierazi zuen bere lana ez dela "administrazioen aurka azaltzea, administrazioen aurrean baizik" herritarren eskubideen alde. Azpimarratu zuenez, ordezkatzen duen erakundeak "herritarren urratsekin bat" egiten du bidea, ez erakunde ameslari gisa, baizik eta era iraunkorrean giza eskubideak gidari eta ispilu gisa hartuta: "askatasuna, justizia eta segurtasuna".

Angel Gabilondo Pujol eta Patxi Vera Donazar

Gabilondoren iritziz bere lanaren benetako zentzua ez da neurtzen izapidetutako kexa kopuruan, baizik eta Administraziotik urrun egonik beste bide batzuetatik aurkitu ez duten laguntza baten bila  azken baliabide gisa  Defendatzailearengana jotzen dutenei arreta emateko gaitasunean. Testuinguru horretan funtsezko zeregina eman zion hitzari, aintzatespena, ordaina eta erantzuna emateko tresna gisa ulertuta. "Entzutea ez da soilik belarria jartzea —esan zuen—, zutaz esan dutenaren ondorioz neurriak hartzea baizik". Horregatik, Arartekoaren bulegotik ez ezik, erabaki publikoak hartzeko gaitasuna duten pertsona eta erakunde guztiek ebazpen arrazoituak, argudiatuak eta justifikatuak emateko beharra aldarrikatu zuen.

GEHITZEA, HITZ EDERRA

Gabilondok, gainera, adierazi zuen giza eskubideekiko konpromisoa gertakari zehatzetan eta egungo gizartearen errealitate konplexuenekiko begirada inklusiboan islatu behar dela. Ildo horretatik, zehaztu zuen berarentzat "integrazio" hitza, ederra bada ere, ez dela nahikoa, eta nahiago duela "gehitzeaz, inkorporatzeaz" hitz egin, hitz horrek pertsona guztiak gizartean aktiboki sartzea inplikatzen duelako. "Erabat txertatu behar ditugu", azpimarratu zuen, bereziki etxebizitzaren eta immigrazioaren eremuak gogora ekarriz. Adibide gisa Madrilgo aireportuan bizi den egoerari buruz hausnartzera gonbidatu zuen, "areto batean asiloa eskatzen dutenak baitaude eta, korridoreetan, pertsona asko lurrean lotan".

"Nire betebeharra —esan zuen— bi lekuetan egotea da". Era berean, gaixotasun mentaleko kasuen kopurua gero eta handiagoa dela ohartarazi zuen, eta, bere ustez, gure gizartean gertatzen ari denaren sintoma sakona da. Testuinguru honetan, azpimarratu zuen "pertsona guztiek dituztela eskubideak", hierarkiarik eta salbuespenik gabe, eta gogorarazi zuen Arartekoaren ebazpen bakoitzak, esku-hartze bakoitzak, bizitza zehatzak dituela atzean. "Uste sendo horrek mantentzen gaitu bizirik", esan zuen bukatzeko.

Eta amaitzeko esan zuen etorkizuna ez dela zoriaren emaitza izango, baizik eta zuzenean orainaldian egiten dugunaren araberakoa izango dela. Bere ustez egungo zailtasun asko, paradoxikoki, ongizatearen gizarteak berak eskuratutako lorpenetatik datoz.  "Batzuetan —ohartarazi zuen—, hobekuntza horien kudeaketa berez arazo bihurtzen dela ematen du", bereziki desgaitasuna duten edo mendetasun-egoeran dauden pertsonei erantzuteko berandutzen garenean.

Gogorarazi zuen aurrerapen bakoitzarekin batera eskakizun berriak agertzen direla, erantzukizunez erantzun beharrekoak, eta onartutako lege batzuk, gauzatzeko aurrekonturik edo erregelamendurik ez  edukitzeagatik, erabat ez garatzea deitoratu zuen. "Gure mugez jabetu behar dugu, nahiz eta gure gizartea zoragarria eta aurrerakoia izan", esan zuen, giza eskubideei eusten dieten balioekiko herritar aktibo, kritiko eta konprometituei dei eginez.

ERAKUNDEEN BABESA

Ospakizuna UnaI Hualde, Nafarroako Parlamentuko presidenteak,  egindako ongietorri hitzekin hasi zen. "María Jesús Aranda, Francisco Javier Enériz, Patxi Vera eta Arartekoaren Bulegoa osatu duten eta osatzen duten pertsona guztien lanak erakunde horrek Foru Komunitatean lortu duen merezitako ospea eta izen ona lantzen lagundu du", esan zuen.

Ildo beretik, Hualdek goraipatu egin zuen erakundea funtsezko tresna delako Administrazioa gainbegiratzeko eta balizko abusu edo zabarkerien aurrean eskubideak defendatzeko. Bere iritziz, "egiten dituen gomendioek, ohartarazpenek eta herritarren kexei emandako erantzunek erakundeen arreta hobetzeko eta herritarren konfiantza indartzeko aukera ematen dute". Eta azpimarratu zuen hala Arartekoa nola Kontuen Ganbera Nafarroako autogobernuaren ondorioz erakunde mailan egindako lan onaren adibide direla. "Gure kalitate demokratikoa horrelako organoetan oinarritzen da, iparrorratz eta orakulu gisa jokatzen baitute interes orokorra babesteko eta gure komunitatea indartzeko", amaitu zuen.

Ondoren, María Jesús Arandak eta Francisco Javier Enérizek, egungo Nafarroako Arartekoaren aurrekoak, erakundearen lehen mugarriak gogoratu zituzten. Erakundeak, eskaini ziren datuen arabera, 146.000 pertsona baino gehiago artatu ditu hogeita bost urteko ibilbidean.

Erreferentzia horretatik abiatuta, María Jesús Arandak gogoratu zuen hastapenak "gogorrak" izan zirela, baina baita "zirraragarriak" ere, eta pozik agertu zen bere ondorengoarekin, Javier Enérizekin, ekitaldia partekatzeagatik. Biek, egungo defendatzailearekin batera, kargu hau izan duten pertsonen zerrenda labur baina esanguratsua osatzen dute. "Erakundearekin oso inplikatuta nago", nabarmendu zuen.

Arandak azaldu zuen nola erakundearen lehen aurrekontua "ia eskuz" egin behar izan zuela, bere taldearen eta ondo hasteko beharrezko segurtasun juridikoa eskaini zion kontu-hartzailearen laguntzarekin. Eta azaldu zuen eratu bezain laster lanean hasteko 40 kexa zituztela mahai gainean. "Hori Arartekoaren beharra egiaztatzeko daturik onena da", esan zuen. Arandak bereziki eskertu nahi izan zuen bere taldearen konpromisoa, "erakunde pertsonalista izan arren, haiek gabe oso zaila izango zelako lana aurrera ateratzea", eta bere agintaldiaren lehen uneetan beste defentsa-erakunde batzuengandik jaso zuen babesa aitortu zuen.

Javier Eneriz eta Maria Jesus Aranda aurrekoen hitzaldia ospakizun-ekitaldian

Francisco Javier Enérizek, berriz, 2007an erakundea "egoera ezin hobean" jaso izana goraipatu zuen, María Jesús Arandaren aurretiko lanari esker egoera ekonomiko inbidiagarriarekin, eta Arandari eskerrak eman zizkion "dena txukun eta ondo finkatuta" utzi zuelako. Ildo horretatik, bere agintaldiaren lehen urteak nahiko lasaiak izan zirela adierazi zuen, 2011n krisi ekonomikoak eztanda egin arte eta erakunde askorentzat bereziki zaila zen aldia hasi zen arte. "Murrizketez  hitz egiten hasi zen, baita aurrekontuetan eta gurea bezalako erakundeetan ere", azaldu zuen. Izan ere, defentsa-erakunde batzuk, hala nola  Gaztela-Mantxakoa edo Murtziakoa, kendu egin zituzten. Orduan erakundearen "erabilgarritasuna eta funtsezko balioa defendatzera irtetea" egokitu zitzaion: "Funtsezko lana egiten dugu, pertsona askok ez baitakite nora jo beren eskubideak urratzen direnean".

Eta bereziki bere agintaldiaren azken etapa aipatu zuen, pandemiak markatutakoa, eta  eskubide pertsonalen murrizketari dagokionez "beldurgarria" hitzarekin kalifikatu zuen: "Dena zigorrak eta murrizketak ziren, eta oinarrizko zerbitzuak desagertu egin ziren". Testuinguru bereziki gogorra izan zela baieztatu zuen, eta inoiz baino gehiago, Arartekoak oinarrizko eskubideen bermatzaile gisa duen eginkizuna frogatu zuela.

Ekitaldia Maria Chivite, Nafarroako Gobernuko presidentearen, esku-hatzearekin amaitu zen. Bere hitzen arabera Nafarroako Arartekoa "funtsezko erakundea da kalitate demokratikoa hobetzeko eta herritarren eskubideak eta askatasunak bermatzeko".

Chivitek, bestalde, bere independentzia politikoa eta botereen arteko kontrol eta orekarako tresna gisa duen zeregina azpimarratu zituen, bere lanak gizarteak erakundeengan duen konfiantza indartzen duela gogoraraziz. Eta, esan zuenez, "epailea izan ez arren  eta epairik eman ez arren, bere lana beharrezkoa da, herritarrak ekintza politikoaren erdigunean jartzen dituelako". "Bere lanari esker pertsonak babestuago sentitzen dira Administrazioaren aurrean, eta badakite beren eskubideak baliatzeko bide bat dutela", esan zuen Maria Chivitek amaitzeko. 

Partekatu edukia