Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoa, Patxi Vera, azaroaren 6an bildu zen presoen eta preso ohien eskubideen defentsan eta sustapenean lan egiten duen Salhaketa Nafarroa elkarteko ordezkariekin.
Lan-saioan “Nafarroako espetxe-errealitatearen mapaketa” ezagutarazi zen. Hala, Iruñeko espetxearen egungo egoeraren azterketa da hura, eta Nafarroako Gobernuak 2022an osasun-eskumena hartu ondoren espetxeko osasun-arretari buruz egindako ikerketa hartzen du barne.
Salhaketa Nafarroatik azaldu zutenez, mapaketak Iruñeko espetxeari buruzko ikuspegi zehatza eta kritikoa eman nahi du, barruan gerta daitezkeen egiturazko gabeziak eta eskubide-urraketak identifikatzeko, bai eta hainbat ikuspegitatik positiboki baloratzen diren alderdiak ere.
Osasun-arretari dagokionez, presoen eskubideen aldeko elkarteko ordezkariek positibotzat jo zuten Nafarroak eskumena bere gain hartu izana. Espetxeko osasun-mentalaren egoera kezkagarria dela adierazi zuten, haien ikuspuntutik dramatikoa baita, nahiz eta hobetzeko egindako ahaleginak aitortu zituzten.
Gaur egun, Iruñeko espetxeetako biztanleria 385 pertsonatik gorakoa da, eta horietatik % 93,9 gizonak dira; emakumeak, berriz, % 6,7, Salhaketak argitaratutako datuen arabera.
Bestalde, Patxi Vera Arartekoak Nafarroako gizarte-erakundeekin (Salhaketarekin, besteak beste) duen konpromisoa berretsi zuen, eta bere ordezkariak animatu zituen espetxeko osasun-zerbitzuari buruzko kontsultak planteatzera edo kexak bidaltzera.
Nafarroako Arartekoaren bulegoan egindako bilerara honako hauek joan ziren Salhaketaren aldetik: Salhaketako koordinatzailea, Libertad Fránces; Leyre Pueyo, Herritarrentzako Arreta Bulegoko eta Espetxeetako Errealitatearen Behatokiko legelaria; Andoni Burguete, Espetxeetako Errealitatearen Behatokiko politologoa; Gaizka Huarte, praktiketako ikaslea, eta Oumayma El Ouardani, praktiketako ikaslea. Arartekoaren aldetik, Patxi Vera Arartekoa eta Amaia Madinabeitia kabineteburua joan ziren.
ARGAZKI-OINA: Ezkerretik eskuinera: Oumayma El Ouardani, praktiketako ikaslea; Leyre Pueyo, Herritarrentzako Arreta Bulegoko eta Espetxeetako Errealitatearen Behatokiko legelaria; Libertad Fránces, Salhaketako koordinatzailea; Amaia Madinabeitia, Arartekoaren kabineteburua; Patxi Vera, Arartekoa; Gaizka Huarte, praktiketako ikaslea, eta Andoni Burguete, Espetxeetako Errealitatearen Behatokiko politologoa.
Partekatu edukia