Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ekainaren 15eko 103/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 ekaina 15

Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa

Gaia: Petición de devolución de parte del arriendo de terreno rústico por ocupación de parte del terreno por el titular de la finca

Exp: 10/13/A

: 103

Nekazaritza

AURREKARIAK

  1. Aurtengo urtarrilaren 11n, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Gazolazko Kontzejuak hartutako erabakiak direla eta.

    Azaltzen zuenez, 2008ko urriaren 29an eskabide bat aurkeztu zuen Kontzejuan; haren bidez, 2008an herri-lurreko 270. katastro-lurzatiaren errentamenduaren zati bat itzul zekion eskatu zuen, haren azalera 4.500 metro koadrora mugatu zelako; izan ere, Kontzejuak azalera hori okupatu zuen, nekazaritza-ustiategiarenak ez diren beste xede batzuetarako.

    Bukatzeko, errentaren prezioa doitzeko eskabidea egin zuen, baliatu ezin izan duen azalerari erreparatuta.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Gazolazko kontzejuburuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

    Kontzejuburuak, joan den otsailaren 5ean, txostena igorri zuen, zeinean ondokoa esaten den hitzez hitz:

    “3. poligonoko 270. katastro-lurzatiaren errentamendua enkante publiko bidez esleitzeko unean, [?] jaunak bazekien Ardoi sektorearen eta Gazolazko industriagunearen saneamendu-obrek lurzati hori ukituko zutela”.

    Txostenarekin batera, kontzejuburuak Kontzeju-batzarraren 2009ko urriaren 15eko erabakiaren kopia igorri zuen; hartan, kexa-sustatzailearen nebak saneamendu-obrek kaltetutako uzta ordaintzeko eta finkaren edukiera berria neurtzeko eskabidea aurkeztu zuenez gero, urtean ordaindu beharreko errenta osoa ordaintzeko exijitu zuen Kontzeju-batzarrak, eta “lurzatiaren edukiera berria neurtzeko agindu zuen, errentaren prezioa doitze aldera”.

  3. Uztan izandako kalteak Ardoi sektoreko saneamendu-obren ondorio zirela Kontzejuaren txostenaren bidez jakin ondoren, erakunde honek egiaztatu zuen Iruñerriko Mankomunitateak sustatu zuela “Ardoi (Zizur Nagusia) eta Gazolazko jarduera ekonomikoak sektoreetarako hondakin uren goi saneamendua" izeneko obra-proiektua (TO-255924)”; hortaz, idazki bat igorri nion kontzejuburuari 2010eko martxoaren 3an, auziari buruzko informazioa bidal ziezadan.

    Mankomunitateko lehendakariaren erantzuna martxoaren 26an sartu zen erakunde honetan. Hartan, ondokoa azaltzen zuen:

    Kexaren xede den saneamendu-hoditeria ez da SCPSAk (Servicios de la Comarca de Pamplona S.A.) eginiko obra bat, eta Mankomunitateak oraindik ez du obra hori jaso; hortaz, ez da sartzen Mankomunitatearen titulartasuneko saneamendu-sarean”.Mankomunitatearen txostena ikusita, erakunde honek berriz ere jo zuen Gazolazko Kontzejura, informa zezan “nor den herri-lurreko 3. poligonoko 270. lurzatia zeharkatzen duen sanemandu-hoditeriaren arduraduna edo titularra”.

  4. Kontzejuburuaren erantzuna iragan maiatzaren 19an jaso zen. Erantzun hartan, ez zen saneamendu-hoditeriaren titulartasunaren aipamenik egiten; aitzitik, “Herri-lurretako lurzatien errentamendurako baldintza-agiriaren” kopia igorri zuen, agiria birritan eskatu eta gero.

AZTERKETA

  1. Kexa-sustatzailearen nebari errentan emandako herri-lurretako lurzati horretan eginiko obrak ez zeuden sartuta “Ardoi (Zizur Nagusia) eta Gazolazko jarduera ekonomikoak sektoreetarako hondakin uren goi saneamendua" izeneko obra-proiektua (TO-255924)” izenekoan; horrenbestez, obra horiek Nafarroako Gobernuaren 2006ko urriaren 30eko erabakitik kanpo gelditu ziren –erabaki haren bidez, presakotzat jo zen, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, proiektuaren exekuzioak ukitutako ondasunen eta eskubideen okupazioa–, bai eta erabaki hartatik heldu ziren administrazio-jarduketetatik –hau da, Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren urriaren 11ko 1137/2006 Ebazpenaren bidez behin betikoz onetsitako obren proiektutik– eta ukitutako ondasunen eta eskubideen titularrei zuzendutako deialditik ere, Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren azaroaren 13ko 1265/2006 Ebazpenaren bidez dei egin baitzitzaien “Obren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu aurreko aktak” egite aldera bertaratzera. Ondorioz, ez lurzatiaren titular Gazolazko Kontzejuak ez errentariak, ez zuten jaso konpentsaziorik edo balioespenik, ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatzeagatik.

    Herri-lurretako 3. poligonoko 270. lurzatian egindako saneamendu-obra horiek, beraz, ez dute zerikusirik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak behin betikoz onetsitako obra-proiektuarekin. Egitate-bidez eginiko obra berri bat da, hau da, proiektu teknikorik gabe eta kasuko administrazio-baimenik gabe egina.

    Gertatu zena izan zen Servicios de la Comarca de Pamplona S.A. enpresa egiten ari zen proiektuan ezarritako trazaduratik atera zela eta hodi bat jarri zuela kexa-sustatzailearen nebari errentan emandako herri-lurretako lurzatian, eta orain ez Kontzejuak ez Mankomunitateak ez dute erreklamantzen haren titulartasuna.

  2. Erakunde honen iritziz, jarduketa horrek, zein ere den instalazioaren titularra, berekin dakar, batetik, nahitaezko prozedura eta baimenetatik kanpo egitea obrak lurzoru urbanizaezinean, eta bestetik, Kontzejuak ez betetzea bere betebeharra, errentariari errentamenduaren –alegia, errentan emandako nekazaritza-ustitategiaren– gozamen baketsua ziurtatzekoa; izan ere, legez kanpoko obra horien berri izan zuen, eta bere pasibotasunarekin onartu zuen obrak egiten ari zen enpresak herri-lurretako lurzatia inbaditzea.

    Alde batera utzita hirigintza arloko legezkotasuna berrezartzea komeni den, eta alde batera utzita, kasua bada, obra horiek legeztatu behar diren, ezin dugu ahaztu jarduketa hori administrazio arau-hauste gisa dagoela tipifikatuta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 210. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatiek ezartzen dutenez, arau-haustea egin den luzoruaren jabea izanen da hirigintza arloko arau-haustearen arduraduna, baldin eta legez kontra egindako obren berri izan baldin badu. Eta kasu honetan, ez dago zalantzarik Gazolazko Kontzejuak obra horien berri izan zuela eta onartu zituela; hortaz, zuzendari teknikoarekin eta enpresarekin batera, hirigintza arloko arau-hauste horren erantzuleetako bat da.

    210. artikuluko bosgarren idatz-zatiak ezartzen duenez, berriz, “hirigintza arau-hauste baten ondorioz kalteak edo galerak dituztenek edozein erantzuleri eskatzen ahalko diote haiek konpontzea eta bidezko kalte-ordainak ematea, solidarioki”.

  3. Gertakariak eta horiei aplikatu beharreko hirigintza-legedia azalduta, azterketa egiten jarraitu behar dugu, inbaditutako lurzatiaren errentariari eragindako kalteen arduraduna identifikatzeko.

    Errentan emandako lurzatian eginiko obren lehen ondorio zuzena izan da errentariaren uzta murriztu izana, baina urteko errenta osoa ordaindu behar izan du, eta Kontzejuak ez dio batere dirurik deskontatu, ukitutako azalera eta uzta galdua ikusita. Horrek kalte batzuk eragin ditu, galera ekonomiko bat alegia, eta errentariak ez du galera hori jasateko betebehar juridikorik. Horri gehitu behar zaio kalte horiek zuzenean egotz dakizkiokeela Gazolazko Kontzejuari, obrak egiten utzi zuelako eta ez zituelako eragindako kalteak inola konpentsatu.

    Azken batean, erakunde honen iritziz, Gazolazko Kontzejua, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 210.5 artikuluarekin bat, eragindako kalteen erantzule solidarioa da.

    Hortaz, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 139. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, lurzatiaren errentariak Gazolazko Kontzejuaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea du, errentan hartuta duen herri-lurretako lurzatian egin diren obren ondorioz pairatu dituen kalte ekonomikoak direla eta.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Gazolazko Kontzejuari gogoraraztea legez behartuta dagoela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritako manuak betetzera, lurzoru urbanizaezineko lurzatietako obrak egitean.

  2. Gazolazko Kontzejuari gomendatzea kalte-ordaina ordain diezaion interesdunari, katastroko 270. lurzatian egindako obren ondorioz jasandako kalte ekonomikoaren araberakoa.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Gazolazko Kontzejuari gomendio hori onartu duela jakinaraz dezan eta horren inguruan zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, gomendioa zergatik ez duen onartu adieraz dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen dituen moldeetan.

  4. Interesdunari eta Gazolazko Kontzejuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ez dela zilegi honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia