Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q21/36). Horren bidez, Osasun Departamentuari iradokitzen zio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzu enplegu publikoa lortzeko deialdietan eremu mistoan eta eremu ez euskaldunean kokatutako lanpostuetarako euskararen ezagutza gutxienez atzerriko hizkuntzen puntuazio berarekin baloratzea.

2021 otsaila 11

Euskara

Gaia: La disconformidad de los autores de la queja con falta de valoración del euskera en la convocatoria para el puesto de trabajo de celador o celadora.

Euskera

Osasun kontseilaria

Kontseilari andrea:

1. 2021eko urtarrilaren 15ean, erakunde honek zaindari euskaldunen kolektiboak aurkeztutako idazki bat jaso zuen. Idazki horren bidez, kexa bat aurkeztu zioten Osasun Departamentuari, enplegu publikora sartzeko eta mailaz igotzeko deialdietan euskarak izandako balorazioagatik, arreta berezia eskainiz Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zaindari 110 lanpostu betetzeko eta aldi baterako kontratazioko eta barne-sustapeneko zerrendak eratzeko oposizio-lehiaketari.

2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Osasun Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

2021eko otsailaren 9an, erakunde honek eskatutako txosten hori jaso zuen, eta kopia bat helarazi zaio interesdunari.

3. Adierazi den bezala, kexa aurkeztu da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan enplegu publikoa lortzeko hainbat deialditan euskararen baloraziorik egin ez delako, eta, bereziki, zaindari-lanposturako deialdian.

Osasun Departamentuak bidalitako txostenean, onesten zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak orain bezala etorkizunean ere ez duela kontuan hartuko euskara jakitea Euskararen Foru Legeko eremu mistoan eta ez‑euskaldunean, ingelesa, frantsesa eta alemana jakitearekin gertatzen ez den bezala, Nafarroako Gobernuak arauzko garapen egokia egiten ez duen bitartean. Arrazoitzen zenaren arabera, egoera hori Nafarroako Justizia Nagusiak 2019ko irailaren 27an emandako 216, 217 eta 218/2019 epaien emaitza zen, foru dekretu honetako zenbait agindu deuseztatu baitzituzten: 103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta mendeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

4. Erakunde honek duela gutxi eman du bere iritzia kexan aipatutako gaiari buruz.

Q20/458 espedientean Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren aurrean aurkeztutako kexa bat aztertu zuen, eremu mistoetan eta ez‑euskaldunetan euskararen ezagutza ez baloratzeagatik, atzerriko hizkuntzen ezagutzari puntuazioa ematen zaion bitartean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko lanpostuak betetzeko hainbat deialditan. Erakunde honek aipatutako departamentuari iradoki zion Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren lanpostuetarako sarbidean euskararen balorazioa arautuko zuen arau bat onartzea, eta euskara, Nafarroako berezko hizkuntza den aldetik, atzerriko hizkuntzak baino gutxiago ez baloratzea berma zezan, hizkuntza horiek merezimendu gisa oro har eta lanpostutik eratorri gabe baloratzen direnean.

Era berean, O20/18 ofiziozko jarduketan Osasun Departamentuari alda dezala iradoki zitzaion, ahalik eta lasterren, 110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea‑Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan aplikatu beharreko merezimendu‑baremoak arautzen dituena, eta sar zezala euskararen ezagutzari buruzko balorazioa, Nafarroako berezko hizkuntza den neurrian, eremu mistoko eta ez‑euskalduneko lanpostuetarako, orokorrean, atzerriko hizkuntzaren ezagutza baloratzen denean.

Departamentuak aipatutako epaiek ez dute inola ere eragozten Administrazioak enplegu publikora sartzeko deialdietan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea, puntuazio proportzionalarekin egiten denean. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eta Nafarroako Kontseiluak ere kritikatu dute euskara ez baloratzea atzerriko hizkuntzak oro har baloratzen direnean.

5. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

Osasun Departamentuari iradokitzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoa eskuratzeko deialdietan eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean kokatutako lanpostuetarako euskararen ezagutza gutxienez atzerriko hizkuntzen puntuazio berarekin baloratu dadila.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoaren, 34.2 artikuluarekin bat etorriz, egoki da Osasun Departamentuak gehienez ere bi hilabeteko epean jakinaraztea, aginduzkoa denez, erabaki hau onartu duen, eta hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Legezko agindu horretan xedatutakoari jarraikiz, ebazpena ez bada onesten, Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion 2020ko txostenean sartu ahal izango da kasua, eta berariaz aipatuko da dagokion administrazioak ez duela aldeko jarrera hartu, horretarako aukera zuelarik ere.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia