Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q21/593) Hezkuntxa Departamentuari gomendatzea beharrezko neurriak har ditzan eremu euskaldunean bizi diren eta eremu berean kokatutako D ereduko ikastetxeetara joaten diren ikasleen garraio-zerbitzua euskara dakiten pertsonek eskain dezaten.

2021 uztaila 27

Euskara

Gaia: La falta de conocimiento de euskera del conductor de taxi que transporta a los alumnos de Unanua al colegio público San Donato, de Etxarri Aranatz.

Euskera

Hezkuntza Kontseilari

Kontseilari jauna:

1. 2021eko ekainaren 7an erakunde honek Hizkuntz Eskubideen Behatokia-Observatorio de Derechos Lingüísticos erakundearen idatzi bat jaso zuen. Idatzi hartan kexa bat adierazten zion Hezkuntza Departamentuari Etxarri Aranatzeko San Donato ikastetxe publikoan D ereduan ikasten duten Unanuako ikasleak garraiatzen dituen taxi-zerbitzuko gidariak euskara ulertzen eta hitz egiten ez duelako.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) Unanuako ikasleak Etxarri Aranatzeko San Donato ikastetxe publikora eramaten dituen taxi-gidariak ez du euskara ulertzen, ezta hitz egiten ere.

b) Hori arazo bat da zerbitzua erabiltzen duten 9, 8, 7 eta 5 urteko haurrentzat. Batez ere 5 urteko adingabekoarentzat; izan ere, ez du gaztelania ulertzen eta negarrez deseroso joaten da gidariak ulertzen ez dielako.

c) Adingabeko horien gurasoek kezka adierazi dute; izan ere, zerbait gertatuko balitz haurrek ez liokete ulertuko gidariari eta haien segurtasuna arriskuan jarriko litzateke.

d) Eskola-garraioaren antolaketa eta haren funtzionamendua, eta eskola-jantokirako banakako laguntzak arautzen dituen 102/2017 Foru Aginduak dio Hezkuntza Departamentuari dagokiola zerbitzua gainbegiratzea eta zuzentzea. Horrez gain, eskumena ematen dio ikastetxeko zuzendaritza-taldeari enpresa esleipendunek zerbitzua ezarritako moduan eskaintzen dutela gainbegiratzeko.

e) Aipatutako Foru Aginduak zaintzaileen egokitasuna jasotzen du eta, planteatutako kasuan, haurrak eramaten dituen pertsonak funtzio hori ere betetzen duela aintzat hartuta, euskara jakin behar luke, euskaraz bizi den ikasleei eskaintzen baitie zerbitzua.

Hori guztia dela-eta, Nafarroako Gobernuak eskola-garraioaren hurrengo esleipena egiten duenean hizkuntza-irizpideak eta hizkuntza jakiteko beharra kontuan hartzea eskatzen da.

2. Ondoren, erakunde honek Hezkuntza Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“Eskola-garraioaren kontratazioa prozedura irekiko lizitazio bidez egiten da, Kontratu Publikoei buruzko 2018ko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak araututa.

Eskola-garraioaren zerbitzuko lizitazio horietara aurkezteko, enpresa lizitatzaileek Foru Legeak ezarritako baldintzak bete behar dituzte eta, era berean, deialdia egiten duen administrazioak zerbitzuen lehia bultzatu behar du, enpresen lehia askea mugatu gabe. Ezin dugu enpresa bat diskriminatu lehiaketa publikoetara aurkezteagatik aipatutako Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean ezarritako baldintza guztiak betetzen baditu.

Orain lizitatuko dira datorren 2021/2022 ikasturterako eskola-garraioaren ibilbide guztiak eta eskaintza egin ahal izango dute Legean ezarritako eta lizitazioaren Oinarri Arautzaileetan finkatutako lege-baldintzak betetzen dituzten enpresek. Hor dute eskualdeko taxilari euskaldunek eskaintzak aurkezteko eta lehia askean lehiatzeko aukera aipatutako zerbitzuen esleipendunak izateko”.

3. Jasota geratu den moduan, Unanuako ikasleak Etxarri Aranatzeko San Donato ikastetxe publikora eramaten dituen taxi-gidariak euskararik ez dakielako aurkeztu da kexa.

Hezkuntza Departamentuaren aldetik, transkribatu den txostena igorri da.

4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak 1.2 artikuluan adierazten duenez, hauek funtsezko helburuak dira:

“a) Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea.

b) Euskararen berreskurapena eta garapena babestea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.

c) Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta errespetu-irizpideei jarraiki, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera”.

Legearen 10. artikuluak, eremu euskaldunari buruzkoak, honela dio: “Herritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta berek hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute. Horretarako, neurri egokiak hartuko dira eta beharrezko gerta daitezkeen bitartekoak erabakiko, progresiboki eskubide honen erabilera bermatzeko".

5. Hezkuntza kontseilariak emandako azaroaren 13ko 102/2017 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitatean eskola-garraioaren antolaketa eta haren funtzionamendua, eta eskola-jantokirako banakako laguntzak arautzen dituenak, xedatzen du Nafarroako Gobernuak Foru Dekretuen bidez ―martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretua, martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretua eta martxoaren 30eko 109/1998 Foru Dekretua― finkatutako eskola-zonifikazioaren arabera dagokien ikastetxe publikoan eskolatuta dauden ikasleek eskola-garraioaren zerbitzua jasotzeko eskubidea dutela, aurreko atalean adierazitako baldintzak betez, baldin eta herri artean mugitzea eskatzen badu ikastetxea ikaslearen ohiko bizilekua ez den herri batean egoteagatik, salbu eta Hezkuntza Departamentuak zehaztutako ezohiko baldintzak badaude edo Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetan eskolatutako ikasleak badira, edo desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala izateagatik hiri-garraio publikoa erabiltzerik ez duten ikasleak badira.

Hori horrela, Foru Agindu horretako 3. eta 4. artikuluek diote eskola-garraioaren zerbitzua antolatutako garraio kolektibo bidez eskainiko dela, Hezkuntza Departamentuak kudeatuta eta finantzatuta.

6. Planteatutako kasuan, eremu euskaldunean bizi diren ikasleak dira eta eremu euskaldunean kokatutako D ereduko ikastetxe batera joaten dira.

Aintzat hartuta aipatutako baldintzak, aurrez azaldutako arau-testuingurua eta Euskararen Foru Legeak jasotzen dituen funtsezko helburuak, euskara erabiltzeko herritarren eskubidea bermatzen duena eta Nafarroan berezkoa den hizkuntza berreskuratu, garatu eta sustatzen duena, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Hezkuntza Departamentuari gomendatzea beharrezko neurriak hartzeko eremu euskaldunean bizi diren eta eremu berean kokatutako D ereduko ikastetxeetara joaten diren ikasleen garraio-zerbitzua euskara dakiten pertsonek eskain dezaten.

7. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Hezkuntza Departamentuari gomendatzea beharrezko neurriak har ditzan eremu euskaldunean bizi diren eta eremu berean kokatutako D ereduko ikastetxeetara joaten diren ikasleen garraio-zerbitzua euskara dakiten pertsonek eskain dezaten.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Hezkuntza Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2021. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia