Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Q23/314 Ebazpena. Horren bidez, hauxe gomendatu dio Lekunberriko Udalari: kexagileak bere etxebizitzaren etxabean dagoen lokalean egindako bi soinu-neurketa eskuratzeko egindako eskaerari erantzutea. Era berean, gomendatu dio sonometria egitea edo sustatzea gaueko ordutegian eta, ahal dela, kexagilearen etxetik, lokal horren jardueraren ondorioz salatutako afekzioa ahalik eta gehien objektibatze aldera.

2026 maiatza 12

Energia eta ingurumena

Gaia: Kexagileak etxean jasaten duen zarata-arazoak bere horretan jarraitzen du, bizi den eraikinaren etxabean dagoen taberna baten jardueraren ondorioz.

Lekunberriko alkatea

Alkate jauna:

1. 2026ko martxoaren 2an, instituzio honek (…) andrearen idazki bat jaso zuen-. Horren bidez, bizi den eraikinaren behealdean kokatutako taberna baten jardueraren ondorioz etxean jasaten duen zarata-arazoak bere horretan dirauela adierazi zuen.

2. Ondoren, erakunde honek Lekunberriko Udalera jo zuen, kexaren egileak adierazitakoaren berri emateko eta sortutako gaiaren egoeraren berri emateko eskatzeko.

2026ko martxoaren 31n, udalaren txostena jaso zen. Txosten hori kexa-espedienteari erantsi zitzaion, eta interesdunari helarazi zitzaion.

Azken horrek, 2026ko apirilaren 27ko idazkiaren bidez, bere desadostasuna berretsi du, arazoa konpondu ez dela adierazi du eta jarduketekin jarraitzeko eskatu du.

3. Orain jarraitutako jarduketaren aurrekari gisa jasota dago 2023ko maiatzaren 22an erakunde honek sortutako gaiari buruzko legezko betebeharren gogorarazpen bat egin zuela:

“Lekunberriko Udalari gogoraraztea salatutako lokaletik heldutako zaratak ukitutako herritarren eskubideak eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra duela, eta horretarako behar diren neurriak ezarri behar dituela. Bereziki egokia izango litzateke bizilagunek eragozpen gehien jasaten dituzten ordutegian soinu neurketa bat egitea”.

Emandako ebazpenean, oinarri gisa, honako hau jasotzen zen:

“3. Herritarrek ingurumen egokiaz eta beren osasunaz gozatzeko duten eskubideari dagokionez, bereziki gehiegizko zarata eta eragozpenen aurrean, erakunde honek hau adierazi du:

“Interesdunaren etxebizitzetan jasaten diren zaratak eta eragozpenak, lotura dute konstituzioz aitortutako hainbat eskubiderekin. Zehazki, honako eskubide hauek arriskuan egon daitezke: ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Konstituzioaren 45. artikulua), osasuna babesteko eskubidea (43. artikulua), osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (15. artikulua), intimitaterako eskubidea (18.1 artikulua) eta egoitzaren bortxaezintasunerako eskubidea (18.2 artikulua).

Bestalde, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 5.a) artikuluak honako eskubide hauek aitortzen dizkie herritarrei: “Etxebizitza duin, egoki eta eskuragarri bat izatea bizilekutzat, pertsona guztientzako diseinuaren printzipioaren arabera pentsatua, aplikagarri den legeriak onarturiko gehieneko mugak gainditzen dituen zaratarik edo beste edozein motatako immisio kutsagarririk gabea, ingurumen eta paisaia egoki batean”.

Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio eskubideak babestu beharko dituzte (Konstituzioaren 53.1 artikulua).

Udalek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Hala ateratzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legeak emandako eskumenetatik”.

Era berean, hau ere esan da:

“Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 5. artikuluak herritar guztiei aitortzen die zaratarik gabeko etxebizitza batez gozatzeko eskubidea, aplikagarri den legeriak onarturiko gehieneko mugak gainditzen dituen zaratarik edo beste edozein motatako immisio kutsagarririk gabe. Ordenamendu juridikoan aitortuta dago duehiegizko zaratarik jasan behar ez duen etxebizitza izateko eskubidea, eta Administrazioak babestu behar du, herritarrei aitortutako eskubide publikoa baita.

Gainera, Konstituzio Auzitegiaren eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziak ohartarazi du etxean zarata iraunkorrak eta gehiegizkoak eginez gero, konstituzio eskubideak kaltetu daitezkeela: ingurumen egokia izateko eskubidea, osasuna babesteko eskubidea, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, intimitaterako eskubidea eta egoitzaren bortxaezintasunerako eskubidea.

Eskubide horiek, konstituzio garrantzi handia dutenez, administrazio publikoek bereziki babestu behar dituzte; izan ere, behartuta daude, etengabe, eskubide horiek errespetatzen direla zaintzera, baita eman daitezkeen ez betetzeen aurrean neurriak hartzera ere. Gainera, egindako jarduketak edo hartutako neurriak, eraginkortasun printzipioak gidatu behar ditu, erantzun arina eta puntuala bermatzeko, eta, ahal den neurrian, zaratak sor ditzakeen etorkizuneko arazoei aurrea hartzeko.”

4. Kasu honetan, erakunde horrek ez du uste Lekunberriko Udalak salatutako arazoaren aurrean inolako omisio jarrerarik hartu duenik, eta jasota daude espedientean gaiari buruzko jarduketa batzuk.

Aurrekoa gorabehera, 2022ko urrian establezimenduaren musika aparatuaren mugatzaile erregistratzailea birkalibratu eta lokalaren barruan gehieneko igorpenerako (85 dBa) egokitu zen arren, 2023ko apirilean aurkeztutako kexan interesdunak aipatzen zuen bere etxean zarata eragozpenak jasaten jarraitzen zuela, eta, beraz, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Lekunberriko Udalari gogoraraztea salatutako lokalaren zaratak eragindako herritarren eskubide konstituzionalak eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra zuela, horretarako behar diren neurri guztiak hartuta. Bereziki egokia izango litzateke bizilagunek eragozpen gehien jasaten dituzten ordutegian soinu neurketa bat egitea.

Ebazpena eman ondoren, jasota dago jarduketa jakin batzuk egin direla (lokalean egindako neurketak, besteak beste, Foruzaingoarenak, eta soinu-mugatzailea ezartzeko eskakizuna, batez ere), eta, ondorioztatzen denez, ez dira nahikoak izan eztabaida konpontzeko.

4. Jasotako azken udal-txostenean adierazten denez, kexagileak bi egun jakinetan egindako neurketak eskuratzeko eskatu zuen, eta toki-erakundeak lokalaren jabeari eskatu zizkion, baina hark ez zituen bidali. Interesdunak berretsi egin du neurketak bidali ez izana.

Erakunde honen ustez, hauxe egin behar du toki-erakundeak, oraindik egin ez badu: tabernaren titularrari egindako errekerimendua baliarazi behar du; era berean, kexagileak neurketa horiek eskatu ditu eta argi dago jarduerak bereziki eragiten diola, eraikin berean bizi baita, beraz, bermatu egin behar da neurketa horiek ezagutzeko eskubidea.

Neurketa horien eskurapena alde batera utzita, kasuaren aurrekariak eta eragozpenen iraunkortasuna ikusita, eta arestian adierazitako gogorarazpenaren zentzuarekin bat etorriz, gure ustez gomendagarria da salatutako afekzioaren balorazio eguneratua egitea, gaueko ordutegian egindako sonometria baten bidez, eta, ahal dela, kexagilearen etxetik eginda, ahalik eta gehien objektibatze aldera.

Beraz, dagozkion gomendioak egin dira.

5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Lekunberriko Udalari gomendatzea kexagilearen eskaera aintzat har dezala. Horren bidez, bere etxebizitzaren beheko aldean dagoen lokalean egindako bi soinu-neurketak eskuratzeko eskatu du.

b) Lekunberriko Udalari gomendatzea sonometria egin edo sustatu dezala gaueko ordutegian eta, ahal dela, kexagilearen etxetik, aipatutako lokalaren jardueraren ondoriozko salatutako eragina ahalik eta gehien objektibatze aldera.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Lekunberriko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2026. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia