Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Q25/788 Ebazpena, zeinaren bidez Goizuetako Udalari gomendatu baitio kexan aipatzen diren pintadak non dauden egiazta dezala eta, bere titulartasuneko eraikin publiko batean badaude, ezabatu ditzala.

2025 urria 15

Herritarren segurtasuna

Gaia: Kexagilearen ustez terrorismoa goresten duten zenbait pintada egotea Goizuetako eta Etxarri Aranazko Udalen jabetzako eraikinetan.

Goizuetako alkatea

Alkate jauna:

1. 2025eko ekainaren 9an, instituzio honek (…) jaunaren kexa bat jaso zuen, Goizuetan egindako pintadei buruzkoa, terrorismoa goratzen eta biktimentzat umiliatzen zutela iritzita.

2. Jarraian, erakunde honek Goizuetako Udalera jo zuen kexaren berri emateko, zeinean pintaden argazki bat agertzen zen, eta planteatutako gaiari buruzko informazioa eskatzeko.

Jasotako txostenean eskatzen da kexa ez onartzeko, egileak ez baitu aldez aurretik Administraziora jo. Ez da gaiaren funtsari buruzko informaziorik eman.

3. Alegatutako ez-onartzearen arrazoiari dagokionez, adierazi behar da Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak honako hau xedatzen duela 23.3. artikuluan:

“Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak atzera botako ditu kexa anonimoak, eta atzera bota ahalko ditu hurrengoak: asmo txarra, oinarririk eza eta uzirik eza antzematen dituen kexak, bai eta izapideak hirugarren pertsonaren eskubide legitimoari kalte egiten ez dion edo Administrazioari zuzendu ez dizkion kexak ere. Ezin izango da bere erabakien aurka errekurtsorik jarri. Nolanahi ere, kexaren sustatzailearen izena isilpean gordeko da”.

Egiazta daitekeenez, aldez aurretik Administraziora jo ez duten herritarren kasuan ez da aurreikusten kexa aginduz atzera botatzea, baizik eta Arartekoaren balorazioaren mende dagoela (aukeraz atzera botatzea).

Hizpide dugun kasuan, ez zen egokitzat jo kexa atzera botatzea —horregatik izapidetu zen—, eta erakunde honek ez du uste orain bidezkoa denik kexa arrazoi horregatik ezestea.

Kontuan hartu behar da kexan salatutakoa ez dela interesdunarentzat interes esklusiboa eta espezifikoa duen egintza edo ez-egite bat, eta espazio publikoan kokatutako pintada batzuei buruz ari garela; beraz, gure ustez, kexa onargarria da, nahiz eta erakunde honi zuzenean planteatu.

4. Hizpide dugunaren antzeko kasu batzuk direla-eta (ildo horretan, Q21/938 kexa-espedientea, beste herri batean amnistia eskatzeko egin zituzten pintada batzuei buruzkoa), erakunde honek honako hau adierazi zuen:

“Finkatutako printzipioa da Administrazio publikoak objektibotasunez zerbitzatzen duela interes orokorra. Horregatik, honelako edo antzeko egoeretan, komunitate osoari zerbitzu publikoa ematen dioten titulartasun edo erantzukizun publikoko eraikinetako hormetan edo elementuetan agertzen direnean jatorri arrotza, anonimoa eta noizbehinkakoa duten eduki politiko edo ideologiko jakin batzuk, erakunde honek zera gomendatzen du: administrazio-jarduera inspiratzen duten objektibotasun-, inpartzialtasun- eta neutraltasun-printzipioen arabera, eraikin horietan luzaroan egotea edo erakustea saihestea. Hori guztia pintadek adierazpen-askatasunari erantzuten dioten edo delituzkoa ez den edo zilegia den aldarrikapen-edukia duten kontuan hartu gabe, ez baita askatasun hori eta eduki hori epaitzen. Aitzitik, epaitzen dena da tokiko komunitate osoari dagozkion eraikin publikoetan duten presentzia anonimoa eta objektibotasun-printzipiotik kanpokoa, zeinak, komuna denaren espazio gisa, joera jakin baten edukien salbuespena eskatzen baitute”.

Irizpide horretan oinarrituta, uste dugu kexan aipatzen diren pintadak (“EUSKAL PRESO ETA IHESLARIAK ETXERA!”) ezabatu egin beharko liratekeela, toki-erakundearen titulartasuneko eraikin publiko batean dauden heinean (ez da argitzen non dauden).

Horregatik, gomendatzen dugu pintada horiek non dauden egiaztatzea eta, hala badagokio, kentzea.

5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Goizuetako Udalari gomendatzea kexan aipatzen diren pintadak non dauden egiazta dezala eta, bere titulartasuneko eraikin publiko batean badaude, ezabatu ditzala.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Goizuetako Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2025. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

 

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia