Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Resolución del Defensor del Pueblo de Navarra (Q25/1153) por la que recuerda a la Mancomunidad de la Comarca de Pamplona su deber legal de atender expresamente las solicitudes que le formulen.

2025 urria 02

Euskara

Gaia: La falta de contestación de la Mancomunidad de la Comarca de Pamplona, a una solicitud referida a la plantilla orgánica y al número de trabajadores de la entidad Servicios Comarca Pamplona, S.A. (SCPSA) que ocupan puestos de trabajo con perfil bilingüe euskera/castellano.

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria

Lehendakari jauna:

1. 2025eko abuztuaren 29an, instituzio honek (…) jaunaren idazki bat jaso zuen, (…) izenean. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Iruñerriko Mankomunitateak ez diolako erantzunik eman 2025eko maiatzaren 7an aurkeztutako idazki bati.

Aipatutako eskaera Iruñerriko Mankomunitatearen plantilla organikoa argitaratu ondoren aurkeztu zen, eta horren bidez honako hau eskatu zen: Iruñerriko Mankomunitateko Idazkaritza eta Kontu-hartzailetzako lanpostuetan euskarako C1 mailaren eskakizuna ezartzea.

Era berean, Mankomunitatearen mendekoa den Servicios Comarca Pamplona SA (SCPSA) entitateko langile-kopuruari buruzko informazioa eskatu zen, baita horietatik zenbatek betetzen duten euskara/gaztelania profil elebiduneko postuak zehazteko eskatu ere.

2. Ondoren, erakunde honek Iruñerriko Mankomunitatera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

2025eko irailaren 19an, eskatutako informazioa jaso zen, eta interesdunari helarazi zitzaion.

Lehen eskaerari dagokionez, txostenean adierazten da errepikatzen direla pertsona berak 2021eko martxoan egindako beste bi eskaera. Horren harira, Mankomunitateko lehendakariaren 179/2021 Ebazpena eman zen, eta horrekin batera txosten juridiko bat aurkeztu zen. Horren bidez ezespena eman zen, eta toki-entitateak azaldu zuen hura sortu zuten gogoetak erabat aplikatu beharrekoak izaten jarraitzen dutela.

Bigarren eskaerari dagokionez, jakinarazi da 2025eko irailaren 19an 584 pertsona daudela kontratatuta SCPSAko plantillan, eta horietatik hamabik gaztelania-euskara lanpostu elebidunak betetzen dituztela herritarrei arreta emateko hamaika langile eta komunikazio-teknikari bat).

3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan ezartzen denaren arabera, administrazioak honetara daude behartuta: “ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.

Artikulu beraren 2. apartatuan ezartzen denez, “ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Gainera, 3. apartatuak zera dio: “prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”.

Antzera adierazten da Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 318.2. artikulua, toki-entitate bati bere eskumeneko gaietan zuzentzen dizkioten eskaerei buruzkoa.

Ebazteko betebeharra Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 2018ko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ere jasota dago. Legearen 41. artikuluak hilabeteko epe orokorra aurreikusten du informazio publikoa eskuratzeko eskaerei erantzuteko, aplikatu beharreko araudi espezifikoak beste bat ezartzen ez badu. 

4. Kasu honetan, kexa jarri duen erakundearen eskaerak barne hartzen zituen Iruñerriko Mankomunitateko plantilla organikoa aldatzeko eskaera bat (bi lanposturi eskatzen zaie euskara) eta SCPSAko plantillari buruzko informazio publikoko eskaera bat.

Bi eskaerei berariaz erantzun behar zitzaien, dagozkien epeetan, eta interesdunari bidezkoa zena jakinarazi behar zitzaion, baina ez zen halakorik egin.

Ebazpen espresua emateko betebeharra bete behar da, erabakiaren zentzua gorabehera, eta alde batera utzita eskaeraren bidez aurretik egindako beste eskaera batzuk errepikatu izana (gainera, adierazi behar da lau urte baino gehiago igaro direla aipatutako lanpostuei buruz aurretik egindako eskaeretatik, eta administrazioen plantilla organikoak elementu dinamikoak direla eta aldaketak izan ditzaketela).

Beraz, betebeharren gogorarazpen bat egin behar da.

Hori gorabehera, jasotako txostenak eskaeren erantzuna berez jasotzen duenez, bidezkoa da, kexaren ondorioetarako, gogorarazpen horren bidez jarduketei amaiera ematea.

5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Iruñerriko Mankomunitateari gogoraraztea legezko betebeharra duela egiten dizkioten eskaerei berariaz erantzuteko.

Aipatutako foru-legearen 34.2 artikuluaren ondorioetarako, erakunde honek onartutzat jotzen duen erabaki horren bidez, amaiera eman zaio gai horretan esku hartzeari, eta kexagileari ere jakinarazi zaio.

Hala ere, horri buruzko oharren bat egin nahi izanez gero edo ez dela onartzen adierazi nahi izanez gero, 34.2 artikuluan aipatzen den bi hilabeteko gehieneko epean egin beharra dago, betiere bertan adierazten diren ondorioak aintzat hartuta, urteko txostenean kasua sartzeari dagokionez.

Adeitasunez, 

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia