Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q25/1449), zeinaren bidez Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari gomendatzen baitzaio neurriak har ditzala euskara jakitea eskatzen duten lanpostuak funtzio publikoan sartzeko prozeduretan izangaiek probak hizkuntza horretan egin ahal izateko.

2025 abendua 24

Euskara

Gaia: La imposibilidad de realizar en euskera una prueba de la oposición de Técnico/a de Grado Medio (Igualdad), a pesar de que se requiere el conocimiento de dicha lengua para el acceso a una de las plazas convocadas.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria

Kontseilari andrea:

1. 2025eko urriaren 23an, instituzio honek Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren idazki bat jaso zuen, Erdi Mailako Teknikariaren oposizioko proba bat (Berdintasuna) euskaraz egitea ezinezkoa izan delako, nahiz eta deitutako plazetako batean sartzeko hizkuntza hori jakitea eskatu.

Idazki hartan, hauxe zioen:

“Ondorengo kasua helarazi digu herritar batek eta araudiaren interpretazioa behar bezala ematen ez dela eta herritarren eskubideak urratzen direla ikusita, Nafarroako Arartekoari esku hartzea eskatzen diogu.

Honela adierazten du herritarrak 2025/10/23an:

Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak 2024ko ekainaren 24an 2478/2024 ebazpena eman zuen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi-mailako teknikarien (berdintasuna) 10 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onesteko, eta 2024ko uztailaren 29an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean 153. zenbakian. 10 plaza horietatik bakarrak euskararen C1 hizkuntza-eskakizuna du.

Deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu genuen hainbat berdintasun-teknikarik, besteak beste epaimahaian euskara ezagutzen duen norbait egotea bermatzeko.

10581 lanpostuak, C1 mailako euskara titulu ofiziala behar du. Aipatzekoa da, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, haren menpeko erakunde publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek herritarrek administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzeko duten eskubidea betetzeko neurriak hartzea dagozkie.

Bigarren proba teoriko-praktikoa denez, hau da, epaimahaiak zenbait kasu praktiko ebatzi behar dituenez, idatziz egin beharreko galdera laburren bidez, eskubide hori betetzeko ezinbestekoa da epaimahaian ezagutza arloko berezko titulazioa eta prestakuntza duten eta euskararen C1 mailako ziurtagiria duten pertsonak egotea. Errekurtso hori ez zen aintzat hartu (erantzuna txertatzen da).

Pasa den irailaren 20an azterketa teorikoa egin genuen, eta probaren behin-behineko emaitzak argitaratu ziren. Orduan alegazio bat aurkeztu nuen eskatuz ea posible izanen litzatekeen azterketa praktikoa euskaraz egitea, eta urriaren 22an erantzun didate esanez ezin dudala azterketa praktikoa euskaraz egin. Azterketa hori azaroaren 22an izanen da.

Eremu euskalduneko herritarra naiz eta nire hizkuntza-eskubideak urratu direla pentsatzen dut, euskararen ezagutza beharrezkoa den lanpostu batetarako hautagaiek, probetan euskara erabili ahal izatea bermatua izan beharko lukete.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ondorengo lege aipamenak gogoratu nahiko lituzke:

18/1986 Legea:

-2.1. artikulua: Gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak dira eta, horren ondorioz, herritar guztiek dute hizkuntza horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

-3.1 artikulua: Botere publikoek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminaturik izan ez daitezen.

-17. Artikulua: Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko.

103/2017 Foru Dekretuaren 3.artikulua: Ahozko arretari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu zentralek neurriak bultzatuko dituzte herritarrek euskarazko arreta izan dezaten.

Horiek horrela ondorengoa eskatzen zaio Arartekoari:

-Kasua aztertu eta goian aipatzen den lan-deialdiko prozesuan azterketa praktikoa euskaraz egin ahal izateko berehalako gomendioak ematea dagokion erakundeari.

-Funtzio Publikoko Zuzendariari, lan-deialdi publikoen azterketa eta proba ezberdinak euskaraz egin ahal izateko baliabide pertsonal, tekniko zein bestelako tresnak ezarri ditzan gomendatzea lehentasunez euskararen ezagutza nahitaezkoa duten lan-postuen deialdietarako”.

2. Ondoren, erakunde honek Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentura eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

3. 2025eko azaroaren 21ean, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren txostena jaso zen, honakoa adieraziz:

"Nafarroako administrazio publikoetan, haren organismo publikoetan eta haren mendeko zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 6. artikuluak, hizkuntza-plangintzari buruzkoak, ezartzen duen bezala, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek beren hizkuntza-planak egingo dituzte.

Kasu honetan, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak erantzungo du ".

4. 2025eko azaroaren 26an, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren txostena jaso zen, honako hau adierazten duena:

“1.a.- Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ekainaren 24ko 2478/2024 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzura dagoen Erdi Mailako Teknikariaren lanpostua (Berdintasuna) oposizio bidez betetzeko deialdia onartu zen. Ebazpen hori 2024ko uztailaren 29ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 153. zenbakian.

Deialdi horretako 6.3.2. oinarrian adierazten den bezala, bigarren proba “teoriko-praktikoa izanen da, eta epaimahaiak proposatzen dituen zenbait kasu praktiko ebatziko dira, idatziz garatu  beharreko galdera laburrei erantzunez. Galderak ebazpen honen I. eranskineko berariazko atalean agertzen den gaitegiko alderdiei buruzkoak izanen dira, bai eta lanpostuaren berezko eginkizunak garatzeko beharrezkoak diren ezaupideei buruzkoak ere.

Epaimahaiak zehaztuko du proba hori egiteko gehieneko denbora zenbatekoa izanen den, proba hasi baino lehen.

Proba horretan, gehienez ere 50 puntu atera daitezke.

Proban gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten hautagaiak kanporatu egingo dira.

Epaimahaiak erabakiko du probak egiteko beharrezkoa den materiala, eta deialdiaren fitxan iragarriko da, behar besteko aurrerapenaz.

Proba pliken sistema erabiliz egingo da”.

Ildo horretan, adierazi behar da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartzeko, hautatzeko eta lanpostuak betetzeko aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera, ez dela berariaz aurreikusten bigarren proba euskaraz egiteko aukera.

Hori horrela, aukera hori ez dago jasota, ez Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan, ez eta Nafarroako administrazio publikoetan lanpostuak betetzeko erregelamendua onartzen duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuan ere.

Beste alde batetik, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak garatuak, Nafarroako administrazio publikoetan, haren mendeko organismo publikoetan eta zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duenak, ez du hizkuntzari loturiko erregulazio zehatzik jasotzen Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileak hautatzeko eta sustatzeko prozeduren garapenari dagokionez.

Eremu mistoan euskararen erabilera arautzen duen abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 17. artikuluaren arabera, “herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko”. Alabaina, horrek ez du esan nahi Administrazioak hizkuntza bera erabili behar duenik herritarrekiko komunikazioetan.

Ildo horretan, azpimarratu behar da deialdia egin duen organoaren egoitza Iruñeko udalerrian dagoela, eta administrazio hori eremu mistokoa dela, 18/1986 Foru Legearen 5.1.b) artikuluak berariaz jasotzen duen hizkuntza-zonakatzearen barruan.

Beste alde batetik, Nafarroako administrazio publikoetan, haren mendeko organismo publikoetan eta zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 13. artikuluak ere honako hau xedatzen du eremu mistoan, berriz ere aukera gisa, ez betebehar gisa:

“1. Eremu mistoan izan eta zerbitzu zentraltzat hartzen ez diren administrazio publikoetako, erakunde publikoetako eta zuzenbide publikoko entitateetako zerbitzuetan, behar diren neurriak bultzatzen ahalko dira jakinarazpenak eta komunikazioak ele biz egiteko modua egon dadin. Hizkuntza bakarra erabiliz gero, gaztelania erabili beharko da.

Pertsona fisikoek edo juridikoek euskaraz hasitako espedienteei dagokienez, espediente horietatik eratorritako jakinarazpenak eta komunikazioak ele biz igorriko zaizkie interesdunei.

2. Herritarren erabilerarako inprimakiak nahiz idazki ofizialak ele biz idatz daitezke.

3. Ahozko arretari dagokionez, eremu mistoan dauden administrazio publikoek, erakunde publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek behar diren neurriak har ditzakete, herritarrek administrazio publikoei euskaraz zuzentzeko aukera izan dezaten.

4. Eremu mistoan izan eta zerbitzua eremu horretako biztanleei soilik ematen dieten administrazio publikoek, erakunde publikoek eta zuzenbideko publikoko entitateek behar diren neurriak hartzen ahalko dituzte webguneetako informazioa eta haien bidez egin daitezkeen tramite administratiboak euskaraz eta gaztelaniaz egon daitezen”.

2.a.- Beste alde batetik, deialdiak dioenez, lanpostu hutsetako batean euskararen C1 jakintza-maila izatea eskatuko da. Deialdiko 8.1. oinarriaren arabera, gainditutako pertsonek egiaztatu beharko dute ezagutza hori, eta horretarako “eskatzen den maila egiaztatzen duen edozein titulu edo ziurtagiri aurkeztuko dute, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren arabera, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean ageri direnen artean, edo bestela, baliokidea den titulu ofizialen bat, deialdi honetako 2.1.4. atalean xedatutakoarekin bat etorriz”. 

Gogoratu behar da deialdian jasotako probek diseinatutako helburua bete behar dutela, hau da, Erdi Mailako Teknikariaren (Berdintasuna) lanpostuko hamar plazak bete behar dituztela. Helburu hori bete nahi bada, ezinbestekoa da probak parametro homogeneoen arabera egitea, emaitza alderagarriak erdietsiko badira. Eta, horretarako, probak gaztelaniaz egitea, hau da, Nafarroako hizkuntza ofizialean eta Euskararen Foru Legearen 5. artikuluak zedarriztatzen dituen hizkuntza-eremu guztietako hizkuntza erkidean egitea, deialdian arautzen den aukera izateaz gain, indarreko araudira ongien egokitzen dena da.

Azken batean, ez da bidezkoa kexaren egilearen uzia baiestea, Administrazio honek oposizioaren probak indarrean dagoen araudiaren arabera prestatu  dituelako, ezarrita dauden legezko mugak errespetatuz.

3.a.- Hori guztia adierazi da (...)k Behatokia-Observatorio de los Derechos Lingüísticos erakundean aurkeztutako kexari buruz”.

5. Adierazi den bezala, kexa aurkeztu da Erdi Mailako Teknikariaren (Berdintasuna) lanposturako hautaketa-prozesuko ariketa bat euskaraz egitea ezinezkoa delako, nahiz eta deitutako plazetako bat betetzeko hizkuntza hori jakitea beharrezkoa den (C1 maila).

6. Kexan adierazitakoa eta Administrazioak emandako informazioa ikusita, ondokoa esan behar dugu: ez dago berariazko erregulazio zuzenik mahaigaineratu den auziari edo eztabaidari dagokionez, ez funtzio publikoari buruzko legerian, ez euskararen erabilerari buruzko legerian.

Aurrekoa gorabehera, adierazi beharra dago, hala berean, erregulaziorik eza bi norabidetan gertatzen dela: araudiak ez du berariaz aukera hori ahalbidetzen aztergai darabilgun kasuari dagokionez, baina ez du debekatzen ere.

7. Hortik abiatuta, gure jarrera finkatze aldera, kontuan izan behar dugu Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 9.2 artikuluan xedatzen duela “gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala” eta “euskarak ere hizkuntza ofizialaren maila izanen duela Nafarroako eskualde euskaldunetan”. Manu horretan bertan xedatzen denez, “Foru lege batek eskualde horiek zehaztu, euskararen erabilera ofiziala arautu eta, Estatuko legeria orokorra abiapuntutzat harturik, hizkuntza horren irakaskuntza antolatuko du”.

Xedapen horiez denaz bezainbatean, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak ezartzen duenez, “gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak dira eta, horren ondorioz, herritar guztiek dute hizkuntza horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea”, eta “gaztelania da Nafarroako hizkuntza ofiziala”. Gainera, “euskara ere ofiziala da Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 9. artikuluan eta foru lege honetan aurrez ikusitako eran”.

Foru lege horren funtsezko helburuen artean dago “herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea” [1.2 artikulua, a) letra], eta horren haritik, hauxe xedatzen du: “botere publikoek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminaturik izan ez daitezen (3. artikulua).

Aipaturiko foru lege horrek, xedapen orokorren barruan, ondokoa dio: “aitortu egiten da herritar guztiek administrazio publikoekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela, ondoko kapituluetan ezarritako eran”. Dena dela, aitorpen horren modulazioa desberdina da eremu linguistikoaren arabera.

Euskararen erabilera-eskubidearen berme gisa, legeak, eremu mistoari buruzko 17. artikuluan, bidea ematen du euskara lanpostuei heltzeko betekizuna izan dadin (hizpide dugun hautaketa-prozeduran halaxe gertatuko litzateke) edo, bestela, merezimendutzat jo dadin.

8. Arau- eta prozedura-inguruabar horietan (herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea aitortzea, Nafarroako berezko hizkuntza izatea eta Nafarroako lurraldearen zati batean ofiziala izatea, sustapenaren eta diskriminaziorik ezaren printzipio orokorrak diren aldetik, eta hizkuntzaren ezagutza lanposturen bat betetzeko baldintza gisa eskatzea), gure iritziz, mahaigaineratu den aukera bati uko eginez gero, onartu beharko litzateke prozedura hainbat hizkuntzatan garatzea bateraezina dela dagokion prozeduraren izaerarekin (administrazioan sartzeko prozedura), eta, bereziki, prozedura horren ezaugarri diren funtsezko printzipioekin (norgehiagoka berdintasun-baldintzetan eta merezimendu- zein gaitasun-printzipioen arabera).

Alta, ez dugu uste bateraezintasun hori dagoenik, eta, ildo horretan,  ez dugu nahikoa argudio sendorik kausitu bidalitako txostenean. Erakunde honen aburuz, hautaketa-prozesu berean zenbait hizkuntza erabiltzeko aukera izateak ez du eragotziko hautagai batzuek eta besteek ateratako emaitzak alderagarriak izan daitezen, probak homogeneoak edo homologagarriak diren neurrian. 

Esandakoari dagokionez, aurrekari gisa aipatu behar dugu, Q16/154 kexa zela eta, Hezkuntza Departamentuak honako hau adierazi zuela:

“Beste alde batetik, hautaketa-prozeduraren garapenari buruzko deialdiaren bederatzigarren oinarriak ezartzen duenez, “Ingeleseko eta Euskarako (Nafarroa) espezialitateetako proba guztiak dagokion hizkuntzan egingo dira oso-osorik. Euskaraz irakatsi beharreko gainerako espezialitateetan, izangaiek proba bakoitza gaztelaniaz edo euskaraz egitea aukeratu ahal izanen dute”.

Ezarritakoari jarraikiz, sartzeko hautaketa-prozeduraren helburua da izangaiek ezaupideak eta gaitasuna froga ditzaten, aurkezten diren espezialitateari dagokionez ez ezik, irakasgai hori emango duten hizkuntzari dagokionez ere, gaztelania edo euskara dela, egun indarrean dauden hizkuntza-ereduetako komunikazio-hizkuntza denez gero.

Hori dela eta, euskaraz irakatsi beharreko espezialitateetara aurkezten diren izangaiei probak gaztelaniaz edo euskaraz egiteko aukera ematen die deialdi honek; izan ere, euskararen ezagutza egiaztatzeko eskatu zaie aldez aurretik, EGA titulua edo baliokidea aurkeztuta. Nolanahi ere den, gaztelaniaz irakatsi beharreko espezialitateetan aurkeztu diren hautagaiek, aldez aurretik inolako betekizunik eskatu ezin zaienez, probak gaztelaniaz egin behar dituzte nahitaez, hizkuntza horretan gaitasuna dutela froga dezaten”.

Hau da, funtzio publikora sartzeko beste eremu batean bada ere, irakaskuntzan, hain zuzen, eta beste testuinguru batean, hau da, euskaraz irakasteko espezialitateetarako sarbidean, Foru Komunitateko Administrazioak, hautaketa-prozedura batzuetan, aukera eman du izangaiek probak gaztelaniaz edo euskaraz egin ditzaten.

Aukeratzeko eskubide hori Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatu eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 15eko 208/2025 Ebazpenean ere agertzen da. Ebazpen horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa-eremuko plazetan maisu-maistren kidegoan sartzeko hautaketa-prozedura eta aipatutako irakasleen kidegoan espezialitate berriak eskuratzeko prozedura onartzen dira, hirugarren eta seigarren oinarrietatik ondorioztatzen denaren arabera: “Prozedura honi loturiko proba euskaraz egin nahi duten izangaiek parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute. Halakorik adierazten ez bada, izangaiak proba gaztelaniaz egitea erabaki duela ulertuko da (...)”; “Izangaiei gaztelaniazko espezialitateko epaimahaia esleituko zaie, proba euskaraz egitea eskatzen ez badute. Espezialitate horretan euskarazko epaimahairik eratu ez bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira izangaiek proba euskaraz egitea izan dezaten”.

Aukera hori ematea lehen esandakoaren adierazgarri izango litzateke, hau da, izangaiek erabiltzen duten hizkuntzaren homogeneotasuna ez da hautaketa-prozedura arautzen duten printzipioei atxikitako araua, eta, beraz, baztertu ezin daitekeena.

9. Aurreko guztia ikusita, egoki deritzogu gomendio bat egiteari, neurriak har daitezen, euskaraz jakitea eskatzen duten lanpostuak betetzea helburu duten funtzio publikora sartzeko prozeduretan, izangaiek probak hizkuntza horretan egin ahal izan ditzaten –egin beharrekoak diren antolakuntza-izaerako probak ere–.

10. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari gomendatzen diogu neurriak har ditzan, euskaraz jakitea eskatzen duten lanpostuak betetzea helburu duten funtzio publikora sartzeko prozeduretan, izangaiek probak hizkuntza horretan egin ahal izan ditzaten.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2025. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia