Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Resolución del Defensor del Pueblo de Navarra (Q26/1080) por la recomienda al Ayuntamiento de Basaburua que vele por que la admisión de los vecinos a la asociación local de cazadores no esté directa o indirectamente condicionada al cumplimiento de requisitos más onerosos o gravosos que los exigibles para poder beneficiarse del aprovechamiento de los bienes comunales; y le sugiere que atienda lo antes posible las peticiones del interesado de intercesión ante la asociación local de cazadores y, en su defecto, de una autorización para acceder al coto adjudicado a aquélla.

2026 iraila 29

Energia eta ingurumena

Gaia: La desestimación de unas solicitudes de ingreso en una sociedad de cazadores y la falta de contestación del Ayuntamiento de Basaburúa a varios escritos presentados al respecto.

Basaburuko alkatea

Alkate jauna:

1. 2026ko uztailaren 30ean, erakunde honek (…) idatzia jaso zuen. Idatzi horren bidez, ehiza-elkarte batean sartzeko eskaera batzuen ezestearen inguruko kexa aurkeztu zuen.

2. Jarraian, erakunde hau Basaburuko Udalarekin jarri zen harremanetan, mahai gainean jarritako gaiari buruzko informazioa eskatzeko.

2026ko irailaren 7an bidalitako txostena jaso zen, eta espedientean gehitu zen.

3. Basaburuko Udala da NA-10.230 matrikula duen ehiza-barrutiko titularra.

2020ko irailaren 30ean Tokiko Erakundearen eta ehiztarien tokiko elkartearen artean sinatutako kontratuaren arabera, elkarte hori izango da barrutiaren aprobetxamendu zinegetikoaren esleipendun zuzena “2029-2030 urteko ehiza-garaia amaitu arte”, salbuespen batzuekin. Alde batetik, Ihabengo Kontzejuaren titulartasuneko usategi batzuk, eta, bestetik, hogei orkatz arren aprobetxamendua bakarkako zelata-ehizarako. Horien kudeaketa Basaburuko Udalaren esku geratuko da.

Kexaren sustatzailea Ihabenen dago erroldatuta duela hiru urte baino gehiagotik, eta barrutia erabili nahi zuen. Hori dela eta, ehiztarien tokiko elkartera jo zuen bertan sartzeko eskatzera. Elkarteak, baina, haren eskaerak baztertu zituen; arrazoituz, estatutuen arabera, elkartean sartzeko gutxienez hamar urtez egon behar dela erroldatuta bailarako udalerriren batean.

Hori dela eta, interesdunak hiru idatzi igorri zituen (ekainaren 18an, uztailaren 12an eta uztailaren 19an) Basaburuko Udalera, bi eskabide motarekin: alde batetik, barrutiarekin, ehiztarien tokiko elkartearekin, eta elkarte horren esleipenarekin lotutako informazioa eskatu zuen; eta, bestetik, tokiko Erakundeak, barrutiaren titularra izanik, ehiztarien tokiko elkartearekin hitz egin dezan eskatu zuen, bazkide gisa onar dezaten, edo hala ez bada, barrutia erabiltzeko baimena eman diezaioten.

Idatzi horiei dagokienez, Basaburuko Udalaren espedientean jasotzen da lehenengo bi idatzietan eskatutako informazio publikoa igorri zuela; baina, ez da jasotzen bi idatzi horietan egindako gainerako eskaerak bete dituenik, ez eta hirugarren idatziari erantzun dionik ere.

4. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak Administrazio Publikoen betebeharra ezartzen du, hau da, “prozedura guztietan berariazko ebazpena ematea eta ebazpena jakinaraztea, prozedura hasteko modua edozein dela ere”.

Ebazpen hori emateko eta jakinarazteko epeei dagokienez, artikulu beraren 2. apartatuak xedatzen du “berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea dagokion prozedura arautzen duen arauak ezarritakoa izango dela”. Halaber, 3. apartatuak dio “prozeduren arau erregulatzaileetan gehieneko eperik ezartzen ez bada, hiru hilabetekoa” izango dela.

Informazio publikoa eskuratzeko eskaerei dagokienez –informazio publikoa eskuratzeko eskaera gisa ulertuta, “edozein dela ere haien euskarria eta adierazteko modua, foru-lege honek aipatzen dituen administrazio publikoek edo administrazio publiko horiek dituzten administrazio publikoek sortutakoa” (4. artikulua)–, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 2018ko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezartzen du informazio publikoa eskuratzeko eskaerak, oro har, hilabete bateko epean erantzun behar direla berariaz eta arrazoituta (41. artikulua).

5. Kasu honetan, dagoeneko adierazi dugun moduan, hainbat motatako eskaerak egin zituen interesdunak 2026ko ekainaren 18ko, uztailaren 12ko eta uztailaren 19ko idatzietan: alde batetik, 5/2018 Foru Legearen esparruan sartzen direnak, eta, beraz, hilabete bateko epean erantzun beharrekoak; eta, bestetik, araudi orokorraren baitakoak, hiru hilabeteko epean erantzun beharrekoak.

2026ko uztailaren 19ko idatzia alde batera utzita –informazio publikoa jasotzeko eskaera modu hutsalean, balizkoan eta zehaztugabean egiten da, eta, beraz, ez dago argi ea erantzuteko betebeharrik dagoen–, espedientean jasotako informazioaren arabera, 2026ko uztailaren 18ko eta ekainaren 12ko idatzietan egindako informazio publikoa jasotzeko eskaerak dagokien epean eta moduan erantzun direla esan daiteke; izan ere, 2026ko ekainaren 18ko idatzian eskatutako informazioa 2026ko uztailaren 10ean igorri zen, eta 2026ko uztailaren 12ko idatzian eskatutako informazioa 2026ko uztailaren 16an.

Hala ere, esan bezala, Basaburuko Udalak oraindik ez dio erantzun interesdunak ehiztarien tokiko elkartearekin bitartekaritza-lanak egiteko eta, hori egin ezean, barrutia erabiltzeko baimena lortzeko egindako eskaerari.

Eskabide horiei erantzuteko epea hiru hilabetekoa denez (39/2015 Legearen 21. artikulua eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 318. artikulua), ebazpen hau prestatzen ari den unean, Basaburuko Udala oraindik epearen barruan egongo litzateke eskabide horiei berariaz eta arrazoituta erantzuteko. Hortaz, oraingoz ez dago irregulartasunik interesdunak aurkeztutako idatziei berariaz eta arrazoituta erantzuteko betebeharrari dagokionez.

6. Ehizari eta Arrantzari buruzko 2005eko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak ehiza-barrutien kudeaketa zuzena eta zeharkakoa aurreikusten du. Zeharkako kudeaketa lagatze baten bitartez egiten da esleipena egin ostean; bai lehiaketa publikoaren bitartez (lehiaketa edo enkantea), bai tokiko elkarte bati zuzenean esleituta, kasu honetan gertatu den moduan.

Zerbitzuen zeharkako kudeaketaren kasu gehienetan gertatzen den moduan, Basaburuko Udalak, barrutiaren titularra izanik, bere posizio juridikoari dagozkion berezko eskumen batzuk mantentzen ditu lagatzearen harreman juridikoaren barruan: zuzendaritza, interpretazioa, aldaketak, ebazpenak, etab.

Lagatzearen harreman juridiko horren barruan, Administrazio Publikoaren ekintzak exekutiboak dira, 39/2015 Legeak aurreikusitako terminoetan; hortaz, erakunde esleipendunak derrigorrez bete behar ditu, baina aurka egiteko eta, hala badagokio, errekurtsoa jartzeko eskubidea du hark.

7. 17/2005 Foru Legearen araudia 2007ko ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bitartez garatzen da, eta honakoa dio 16.2 artikuluak:

“Ehiztarien tokiko elkarteari egindako esleipen zuzenak izaera soziala izango du. Esleipen-modalitate horretan, tokiko erakundeak irizpide hauek ezarri beharko ditu gutxienez baldintzen pleguan:

a) Tokiko edo kanpoko ehiztariak aintzat hartzea.

b) Barrutiaren tokiko elkarte esleipendunak kanpoko ehiztariak bazkide egiteko derrigortasuna ala derrigortasun eza.

c) Kanpoko ehiztariei tokikoekin alderatutako kobratu dakieken prezio maximoa.

Edozelan ere, derrigorrezkoa izango da barrutirik ez duten Nafarroako ehiztarientzako plazak eskuragarri uztea, eta kopuru hori ez da inolaz ere tokiko elkartea osatzen duten ehiztarien kopuruaren % 3tik beherakoa izango, Antolamendu Zinegetikoaren Planean ezarritako ehiztarien gehieneko kopurua tokiko elkarteko ehiztarien kopuruaren berbera edo txikiagoa den kasuetan izan ezik. Baimen horien kostua ez da tokiko ehiztarientzako ezarritakoaren bikoitza baino altuagoa izango, eta esleipen hori egiteak ez du zertan esan nahi ehiztariak tokiko elkartera sartuko direnik.

Aprobetxamenduaren titularrak gonbidapenak igorri ditzake, eta horiek girotzeko baldintzak barrutia esleitzeko baldintzen pleguan egongo dira aurreikusita. Nolanahi ere, nominalak izango dira horiek eta ehiza-egun jakin bat izango dute zehaztuta. Halaber, ezingo dute barrutiko ehiztarien kopuruaren % 3ren baliokidea gainditu egun bakoitzeko

8. Basaburuko Udalaren eta ehiztarien tokiko elkartearen artean sinatutako 2020ko irailaren 30eko hitzarmena aztertuta, erakunde honek ebatzi du hitzarmen hori ez dela 48/2007 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan ezarritako parametroetara egokitzen, ez direlako artikulu horretan ezarritako gutxieneko baldintzak ezartzen.

 

9. Bestalde, 48/2007 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluaren arabera, barrutia ehiztarien tokiko elkarteari zuzenean esleitzean ezin dira kanpoko ehiztariak baztertu –honako hauek erabaki behar ditu tokiko Erakundeak: kanpoko ehiztaritzat hartzeko baldintzak; elkarteak kanpoko ehiztariak bazkide egin behar ote dituen; eta elkarteak kanpoko ehiztariei kobra dakizkiekeen gehieneko prezioak–, baina agerikoa da tokiko ehiztariek barrutira sartzeko eskubidea izan behar dutela.

10. Halaber, kontuan izan behar da 6/1990 Foru Legearen 142.1 artikuluaren arabera, aprobetxamendu komunen onuradunak baldintza hauek betetzen dituzten familia-unitateak izan behar direla:

“a) Adin nagusikoa edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua izatea.

b) Udal-erroldan gutxienez 1 eta 6 urte arteko antzinatasunarekin inskribatuta egotea. Tokiko erakundeek ordenantza bidez finkatuko dute epe hori.

c) Urtean bederatzi hilabetez gutxienez erakunde titularrean bizitzea, benetan eta jarraian.

d) Onuradunarekin lotutako tokiko erakundeen zerga-betebeharrak betetzea”.

Erakunde honen iritziz, inkongruentea izango litzateke barrutiko udalerri titularrean erroldatutako pertsona adin nagusiko batek barrutira sartzeko baimenik ez izatea, izan ere, erakunde esleipendunaren estatutuen arabera, bazkide izateko baldintzak ondasun komunal baten -hala nola barrutia- onuradun izateko baldintzak baino gaitzagoak edo zorrotzagoak dira, eta, beraz, esan daiteke, kasu honetan, araudi pribatuak –elkartearen estatutuak– Legeak aurreikusitako mugetatik harago baldintzatu dezakeela udalerriko bizilagun baten berezko eskubidea.

Hori dela eta, NA-10.230 matrikuladun barrutiko erakunde esleipendun zuzenaren estatutuek ezarritakoa gorabehera, erakunde honek uste du hamar urteko edo gehiagoko errolda izateko betebeharrak ezin duela baldintzatu kexaren sustatzaileak barrutira sartzeko eta barruti horren aprobetxamendu zinegetikoa egiteko duen eskubidea; izan ere, 6/1990 Foru Legeak bizilagun batek ondasun komunalak aprobetxatzeko duen eskubidearentzat ezartzen duen gehieneko epea aise gainditzen du epe horrek.

11. Hori guztia dela eta, erakunde honek uste du Basaburuko Udalak neurri hauek hartu behar dituela:

a) Ehiztarien tokiko elkarteari aprobetxamendu zinegetikoa zuzenean esleitzeko plegua aldatzea, 48/2007 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan ezarritako irizpideak gehitzeko.

b) Bizilagunak ehiztarien tokiko elkartean sartu ahal izateko eta, ondorioz, elkarte horri esleitutako barrutia erabili ahal izateko baldintzak, zeharka zein zuzenean, ondasun komunalak aprobetxatu ahal izateko eskubidea baldintzatzen duten baldintzak baino gaitzagoak edo zorrotzagoak izan ez daitezen bermatzea.

c) Aurretik aipatutakoaren ildotik, interesdunak ehiztarien tokiko elkartearekin bitartekaritza-lanak egiteko, eta, hala ez bada, elkarte horri esleitutako barrutia erabili ahal izateko baimena lortzeko egindako eskaerari berariaz eta arrazoituta erantzutea.

12. Horrenbestez, eta 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak esleitzen dizkion ahalmenak baliatuz, Nafarroako Arartekoaren erakundeak beharrezkotzat jo du:

a) Ehiztarien tokiko elkarteari udalerriko ehiza-barrutiak aprobetxatu ahal izateko egindako esleipen zuzenaren hitzarmena alda dezan gomendatzea Basaburuko Udalari, Nafarroako ehizari eta arrantzari buruzko 2005eko abenduaren 22ko 17/2005, Foru Legea garatzen eta exekutatzen duen Araudia onartzeko 2007ko ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan ezarritako parametroetara egokituz.

b) Bizilagunak ehiztarien tokiko elkartean sartu ahal izateko baldintzak, zeharka zein zuzenean, ondasun komunalak aprobetxatu ahal izateko eskubidea baldintzatzen duten baldintzak baino gaitzagoak edo zorrotzagoak izan ez daitezen berma dezan gomendatzea Basaburuko Udalari.

c) Interesdunak ehiztarien tokiko elkartearekin bitartekaritza-lanak egiteko, eta, hala ez bada, elkarte horri esleitutako barrutia erabili ahal izateko baimena lortzeko egindako eskaerari berariaz eta arrazoituta erantzuteko iradokizuna egitea Basaburuko Udalari.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Basaburuko Udalak bi hileko gehienezko epea du ebazpen hau  onartzen duen ala ez jakinarazteko, eta, dagokionean, haren inguruan zer neurri hartu dituen.

Gogorarazten dizut erakunde honek hartzen dituen ebazpenak ez direla lotesleak Administrazioarentzat; alegia, egokitzat iruditzen zaion erabakia har dezakeela.

Hezkuntza Departamentuaren erantzuna jaso bezain laster, jakinarazi egingo dizut.

Adeitasunez, zure esanetara nago,

 

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia