Bilaketa aurreratua

Albisteak

Patxi Vera y Mamen García en los estudios de la cadena SER.
Patxi Vera eta Mamen García SER kateko estudioetan.

Arartekoak SER katean nabarmendu du 2025ean erakundearen jarduketak areagotu direla

2026 maiatza 11

Nafarroako Arartekoak, Patxi Vera Donazarrek, SER kateko Hoy por Hoy Navarra saioan parte hartu du. Hala, Mamen Garcia eta Joaquim Torrents kazetariek gidatuta, elkarrizketaren xedea hauxe izan da: aztertzea erakundeak 2025ean egindako jarduera-balantzea eta herritarrei hurbiltzea erakundeak administrazio publikoen aurrean bere eskubideen alde egiten duen lana.

Elkarrizketan, Verak nabarmendu zuen iaz egindako jarduketa-kopurua % 19,7 igo zela eta herritarrek aurkeztutako kexak % 23 baino gehiago igo zirela. Haren ustez, hazkunde horrek erakusten du hobeto ezagutzen direla erakundea eta pertsonen eskura jarritako baliabideak. “Gero eta jende gehiagok daki Arartekoarengana jo dezakeela bere arazoak mahaigaineratzeko”, adierazi zuen.

Arartekoak azaldu zuenez, erreklamazio-kopuru handiena duten arloak gizarte-ongizatea, osasuna eta hezkuntza dira oraindik ere. Gizarte-arloan, bereziki nabarmendu zituen desgaitasun-balorazioetan izandako atzerapenak eta errenta bermatuarekin edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin lotutako gaiak. Osasunari dagokionez, kexa nagusiak oraindik ere osasun-arretako itxarote-zerrendekin eta atzerapenekin lotuta daude.

Era berean, Verak erakundeak iaz bultzatutako ofiziozko jarduera batzuk errepasatu zituen, besteak beste, Covid iraunkorra duten pertsonen osasun-arretarekin, hutsik dauden udal-etxebizitzen egoerarekin, adinekoen egoitzak ikuskatzearekin edo Nafarroako liburutegi publikoetan langilerik ez egotearekin lotutakoak.

Elkarrizketan, Arartekoak erakundearen bitartekaritza-gaitasuna baloratu zuen, eta hauxe gogorarazi zuen: kasu askotan, Arartekoaren esku-hartzeak aukera ematen duela egoerak desblokeatzeko eta administrazioen konponbideak errazteko.

Era berean, erakundeak egindako lanaren giza osagaia nabarmendu zuen. “Kontsulta edo kexa bakoitzaren atzean istorio pertsonala dago”, adierazi zuen, eta Arartekoarengana jotzen duten pertsonei arreta hurbila eta ulerkorra eskaintzearen garrantzia azpimarratu zuen.

Partekatu edukia