Bilaketa aurreratua

Albisteak

cuidados-paliativos.jpg

Ospitaleko zaintza aringarriak Nafarroako Unibertsitate Ospitalean jaso ahal izatea gomendatu dio Nafarroako Arartekoak Osasun Departamentuari

2026 iraila 22

Patxi Vera Nafarroako Arartekoak Osasun Departamentuari igorritako ebazpen batzuetan (Q26/387, Q26/388, Q26/389 eta Q26/589) gomendatu du ospitaleko zaintza aringarriak Nafarroako Unibertsitate Ospitalean jaso ahal izatea. San Juan de Dios Ospitaleko Zaintza Aringarrien Zerbitzuarekin lotutako hainbat kasurekin daude lotuta eskaera horiek. Ospitaleratutako pertsonen familiek muturreko egoerak salatu arren, kasu batzuetan hasita baitzuten laguntza hori eskatzeko prozesua, ezin izan zen prozedura gauzatu zentroak ez zuelako baimentzen bere instalazioetan eutanasiarik ematea, ez eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko kanpoko talde batek ematea ere.

Hala, kasu horiek aztertu ostean eta Osasun Departamentuaren informazioa bildu ostean, Nafarroako Arartekoak egiaztatu zuen praktika hori ez zela salbuespenezkoa. Izatez, Nafarroako ospitaleetako zaintza aringarri ia guztiak San Juan de Dios Ospitaleak ematen ditu, Osasunbidearen itunpeko zentroak. Ondorioz, zentro horretan ospitaleratuta dauden eta hiltzeko laguntza eskatzen duten pazienteak Nafarroako Unibertsitate Ospitalera lekualdatu behar izaten dituzte haien azken orduetan. “Inork ez luke beharrezkoa ez den lekualdatzerik bizi beharko bere bizitzako azken orduetan antolaketa-arrazoi soilengatik, eta, are gutxiago, legea ez betetzeagatik”, adierazi du Verak.

Bi gomendio

Bestalde, Nafarroan hiltzeko laguntza Bermatzeko eta Ebaluatzeko Batzordeak aldez aurretik eman zuen egoera horren berri. 2026ko urtarrilean aho batez onartutako eta otsailean Osasun Departamenduari igorritako txostenean ondorioztatu zuen itunpeko zentroak laguntza hori emateari uko egitea —kanpo langileak sartzea barne— Eutanasia erregulatzeko Lege Organikoaren (LORE) aurkakoa dela. Halaber, adierazi zuen antolaketa-arrazoiengatik egin beharreko lekualdatzeek laguntza hori jasotzeko sarbidea eta laguntzaren kalitatea kaltetzen dutela, sufrimendua areagotzen dutela, eta, kasu batzuetan, profesionalek beraiek aipatutako kontraindikazio medikoa eragiten duela. “Legea argia da: laguntza hori emateko lekua ezin da, ez oztopo, ez eta pazientearentzako kalte-iturri ere bihurtu”, azaldu du Verak.

Hortaz, Nafarroako Arartekoak txosten horren ondorioak partekatzen ditu eta gomendio batzuk egin dizkio Osasun Departamentuari Q26/387, Q26/388, Q26/389 eta Q26/589 ebazpenetan.

Lehenengoa, ospitaleko zaintza aringarriak Nafarroako Unibertsitate Ospitalean jaso ahal izateko beharrezko neurriak ezartzea, itunpeko zentroarekiko halako mendekotasunik ez izateko, ezinbesteko zerbitzu publiko baten bermeak baldintzatu baititzake.

Bigarrena, Berme eta Ebaluazio Batzordearen gomendioak betetzea azaldutakoaren moduko egoerak berriro gerta ez daitezen ekiditeko, esaterako, “itunpeko zentroari formalki eskatzea ezezko hori bertan behera uzteko eta zentroan bertan laguntza hori jaso ahal izateko protokoloa ezartzea, objektoreak izango ez diren profesionalek esku hartuko dutela eta/edo kanpo talde bat sartuko dela bermatuz”.

Aipatutako ebazpenak ikusi nahi dituzten pertsona guztiek esteka hauetan dituzte eskuragarri: Q26/387, Q26/388, Q26/389 eta Q26/589.

Partekatu edukia