Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Q25/353 Ebazpena, zeinaren bidez Berako Udalari gogorarazi baitio herritarren idazkiei garaiz eta behar bezala erantzuteko legezko betebeharra duela. Era berean, gomendatu dio eztabaidagai den horma txikiaren legezkotasuna berrikusteko eta, hala badagokio, indarrean dagoen legeria berrezartzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

2025 maiatza 26

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Berako Udalak horma bat kentzeko eskaerari erantzun ez izana.

Berako alkatea

Alkate jauna:

1. 2025eko martxoaren 19an, instituzio honek (…) jaunaren idazki bat jaso zuen, zeinaren bidez kexa bat aurkeztu baitzuen, idazki bati ez erantzuteagatik, bai eta horma bat ez kentzeagatik.

2. Ondoren, erakunde honek Berako Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

2025eko apirilaren 15ean emandako txostena jaso zen, eta espedienteari erantsi zitzaion.

3. Funtsean, kexa honetan hizpide diren kontuen jatorria hau da:

a) 2022ko irailaren 12an, kexagileak obra txikiko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zuen 15 metro karratuko txakurtegi bat eraikitzeko Berako udal-katastroko (…) lurzatian.

b) Txakurtegira autoarekin joan ahal izateko, 2022ko irailaren 14an eskaera bat aurkeztu zuen lurzati horretara doan errepide publikoa egokitzeko asmoz. Konpromiso bat hartu zuen berariaz eta, horren arabera, egokitzapen-lanek ez zieten kalterik sortuko bide-ondoko finketako jabeei.

c) Jarduketa horien ondoren, esparruko (…) lurzatietako titularrek erreklamazioak jarri zituzten Berako Udalean eta salatu zuten egokitzapen-lanek kalteak sortu zizkietela.

d) Salaketa horiek ikusirik, Berako alkatea bertara joan zen eta baieztatu zuen (…) lurzatietako titularrek esandakoak egia zirela.

e) Aurrekoak konpontze aldera eta arazo gehiago ekiditeko, udalak egokitzapen-lanetan kaltetutako hesi bat kentzeko baimena eman zuen eta erabaki zuen hormatxo bat eraikiko zutela lurzatiak eta errepide publikoa bereizteko.

Interesdunaren arabera (aurretik gai horren inguruko kexa bat aurkeztu zuen erakunde honetan, baina orduan Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aurkakoa izan zen eta Q24/1147 espediente-zenbakia jaso zuen), hormatxoak ez luke hirigintza-legezkotasuna beteko eta, horregatik, kendu egin beharko litzateke.

Aurrekoa Berako Udalari eskatu zion 2024ko urriaren 24ko eskari batean. Kexa aurkeztu zuenetik denbora igaro arren, ez zaio berariaz ezta arrazoituta erantzun.

Horrenbestez, kexa hau ebazteko, bi kontu bereizi behar dira: alderdi formala 2024ko urriaren 24ko eskariari erantzun ez izana da eta alderdi materiala hormatxoaren legezkotasunarekin lotuta dago.

4. Lehenengo kontuarekin lotuta, Administrazio publikoen administrazio prozedura erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak ezartzen du administrazio publikoek nahitaez “berariazko ebazpena eman behar dutela eta prozedura guztietan jakinarazi behar dutela, prozedurak hasteko modua edozein izanda ere”.

Ebazpena eta jakinarazpena egin beharreko epeei dagokienez, artikulu beraren 2. apartatuak hau dio: “Ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Halaber, 3. apartatuak hau dio: “Prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”.

Antzekoa dio Nafarroako toki-administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 318. artikuluak toki-erakundeei beren eskumenen arloan egiten zaizkien eskariekin lotuta.

Aurrekoa kontuan hartuta eta espedienteko informazioaren arabera 2024ko urriaren 24ko eskaria espresuki eta arrazoituta 2025eko apirilaren 24ra arte erantzun ez zenez, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Berako Udalari gogoraraztea legezko betebeharra duela herritarren idazkiei denbora eta forma egokietan erantzuteko.

5. Bigarren kontuari dagokionez eta erakunde honek uste duenez, udalaren txostenetik ondorioztatu litekeenaren kontrara, nahiz eta hormatxoa eraikitzearen helburua interesdunak gauzatutako egokitzapen-lanek sortutako arazoak konpontzea izan, horrek ez du esan nahi hormatxoak indarreko legezkotasuna betetzen duenik, ezta ere interesdunak legitimitaterik ez duenik ustezko hirigintza-legezkotasun bat salatzeko eta, horregatik, neurri zuzentzaileak ezar daitezela eskatzeko.

Espedienteko informazioa ikusirik eta ondoren azalduko ditugun arrazoiak direla-eta, erakunde honek uste du Lurralde Kohesiorako Departamentuak 2025eko urtarrilaren 28ko txostenean aipatu zuen bezala, behar besteko judizio-elementuak daudela esateko hormatxoak ez duela indarreko hirigintza-legezkotasuna betetzen.

6. Lurzoru urbanizaezinaren araubidea Lurraldearen antolamenduko eta hirigintzako foru-legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintza Foru Dekretuaren 108. artikuluetan eta hurrengoetan jasota dago.

Araubide hori osatzen duten arauak gutxienekoak eta oinarrizkoak direnez, 1/2017 Legegintza Foru Dekretuaren 109. artikuluak berariaz aurreikusten du toki-erakundeek “babes-baldintza handiagoak ezarri ahalko dituztela lurzoru urbanizaezineko zona espezifikoetarako, dagozkion baldintza espezifikoak eta lurraldearen ezaugarriak aintzat hartuta” (enfasia gehituta).

Horrenbestez, plangintza-tresnen bitartez, toki-erakundeek lurzoru urbanizaezinaren babes-araubidea handitu ahalko dute, baina ez gutxitu.

7. 1/2017 Legegintza Foru Dekretuaren 111. artikuluak lurzoru urbanizaezinarekin bateragarriak ez diren eta debekatuta dauden jarduerak ezartzen ditu. Bigarren apartatuak hau dio:

Beren araudi berariazkoan zortasun-eremu zehazturik ez duten bide publiko eta ibilbide interesgarrientzat, hala nola abelbideentzat edo Donejakue bidearentzat, hiru metroko zortasun-eremua ezartzen da, bide horien kanpoko ertzetik neurtuta.

Eremu horretan, debekatuta daude honakoak:

a) Lurrei eusteko lanak eta lur-mugimenduak egitea, eraikuntzako erabilera eta jarduerak ezartzearekin, erauzketa-lanekin edo hondakindegiak jartzearekin lotuta badaude.

b) Eraikuntza-jarduerak, salbu eta baimena behar duten azpiegiturak”.

Kasu honetan, zalantzarik gabe, hormatxoaren eta errepidearen ertzaren artean ez dago 3 metroko tarterik. Horregatik, interesdunak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuak arrazoitu dute araudi-xedapena urratuko litzatekeela.

Horren inguruan, Berako Udalak argudiatu du 2004ko urriaren 27an Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 129. zenbakian argitaratu ziren udal-plangintzaren parte diren lurzoru urbanizaezineko arauen 33. artikuluak hau dioela:

“Errepideak babesteko foru-legearen babes-araubideari atxikita ez dauden bide publikoetarako 3 metroko zortasun-zona ezarri da. Errepide horien kanpoko ertzetik aurrera neurtuko da eta babes-araubide hau aplikatuko da:

a) Eraikitzekoak ez diren jarduerak. Debekatuta dago meatzaritza-ustiapenak egitea, hartxintxarrak eta hondarrak erauztea, harrobiak eta erabateko mozketak egitea.

Lurrak mugitu beharreko gainerako jarduerak baimendu ahalko dira.

Gainerako jarduerak baimenduta egongo dira.

b) Eraikuntza-jarduerak. Azpiegiturak baimendu ahalko dira.

Gainerako guztiak debekatuta egongo dira.

Ezingo da lurzatirik itxi, materialak eta diseinuak gorabehera, errepidearen ertzetik 3 metro baino gutxiagora. Ez ohiko kasuetan, udalak baimendu ahal izango ditu, betiere, zehazten bada itxiera udalak eskatu duela eta jabearen kostura eraikiko dela (prekarioan)” (enfasia gehituta).

Modu horretan, Berako Udalak defendatzen duenez, eta bere plangintzarekin bat etorriz, hormatxoa legezkoa litzateke. Izan ere, errepidearen ertzetik 3 metro baino gutxiagora egon arren, toki-erakundeak baimendu zuen.

8. Erakunde honek uste du Berako Udalaren argudiaketak ezin duela aurrera egin.

109. artikuluan berariaz jasota dago hirigintza-antolamenduko arauek 1/2017 Legegintza Foru Dekretuan aurreikusitako lurzoru urbanizaezinaren araubidea hobetu dezaketela, baina ez okertu. Hori ikusirik, ezinezkoa da legegileak 111.2 artikuluan potentzialki hain babeslea ez den araubide espezifiko baten iturri gisa “araudi espezifikoa”   aipatu zuenean hirigintza-plangintzari buruz aritzea, horrek edukirik gabe utziko bailuke 109. artikulua.

Horregatik, erakunde honen iritziz, Berako Udalaren lurzoru urbanizaezinaren arauen 33. artikuluaren eta 1/2017 Legegintza Foru Dekretuaren 111. artikuluaren artean antinomia dago. Horregatik, araudi-hierarkiaren printzipioari jarraikiz, 1/2017 Legegintza Foru Dekretua aplikatu behar da eta horren arabera, hormatxoak ez du indarreko hirigintza-legezkotasuna betetzen.

9. Beste alde batetik, Lurralde Kohesiorako Departamentuak beste bi irregulartasun aipatu ditu eta Berako Udalak ez du horien inguruko ezer adierazi bere txostenean.

Lehenengoa da hormatxoa ez dela ingurura egokitzen, hau da,, baliteke 1/2017 Legegintza Foru Dekretuaren 86. artikuluaren aurkakoa izatea.

Bigarrena da ageriko hormigoizko hormatxoa dela eta hori Berako Udalaren lurzoru urbanizaezinaren arauen 12. artikuluaren aurkakoa litzateke. Hau xedatzen du:

Lurzoru urbanizaezin guztietan debekatuta daude ageriko hormigoizko hormatxoak. Lubetak eta prefabrikatu bereziak egin ahalko dira harlangaitzezko akaberarekin landare-espezieak landatzeko eta ezingo da 1,5 m-ko altuera gainditu.

Eraikina aldapan eraiki nahi bada, lursailaren aldapan sakonduta egon beharko da” (enfasia gehituta).

Espedienteko informazioa ikusirik eta, bereziki, eztabaida sortu duten hormatxoaren argazkiak kontuan hartuta, erakunde honek uste du lehen irregulartasuna zalantzazkoa izan daitekeela (zaila delako objektibatzea), baina, bigarrena, eztabaidaezina dela.

Horrenbestez, araudi espezifiko gisa Berako Udalaren lurzoru urbanizaezineko arauen 33. artikulua aplikatzekoa dela aitortu arren eta, ondorioz, 1/2017 Legegintza Foru Dekretuaren 111.2 artikulua aplikatu behar ez dela onartuta ere, hormatxoak legez aurkakoa izaten jarraituko luke, arau horietako 12. artikuluaren kontrakoa izango bailitzateke gutxienez.

Horregatik, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Berako Udalari gomendatzea eztabaida sortu duen hormatxoaren legezkotasuna berrikusi dezala eta, hala badagokio, indarreko legeria ezartzeko neurriak har ditzala.

10. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Berako Udalari gogoraraztea herritarren idazkiak garaiz eta legearen arabera erantzuteko betebeharra duela.

b) Berako Udalari gomendatzea eztabaida sortu duen hormatxoaren legezkotasuna berrikusi dezala eta, hala badagokio, indarreko legeria ezartzeko neurriak har ditzala

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Berako Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia