Partekatu edukia
Herritarren segurtasuna
Gaia: Urdiaingo Udalaren etxola batean ETAko presoak kartzelatik ateratzeko eskatzeko kartelak erakutsi izana herriko jaietan.
Urdiaingo alkatea
Alkate jauna:
1. 2025eko uztailaren 9an, instituzio honek (…) andrearen kexa bat jaso zuen (Terrorismoaren Biktimen Kolektiboa erakundeko presidentea), Urdiaingo Udalaren etxola batean, herriko jaietan, ETAko presoak kartzelatik ateratzea eskatzeko kartelak jartzeagatik.
2. Ondoren, erakunde honek Urdiaingo Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Jasotako txostenean, aipatutako kartelei dagokienez, honako hau adierazten da:
“Udalak kendu egin zituen.
Gaur egun, aipatutako lekuan ez dago ikusgai kexan adierazten diren karteletako bat ere”.
3. Honekin zerikusia duten beste kasu batzuk direla-eta (ildo horretan, Q21/938 kexa-espedientea, beste herri batean amnistia eskatzeko egin zituzten pintada batzuei buruzkoa), erakunde honek honako hau adierazi zuen:
“Finkatutako printzipioa da Administrazio publikoak objektibotasunez zerbitzatzen duela interes orokorra. Horregatik, honelako edo antzeko egoeretan, komunitate osoari zerbitzu publikoa ematen dioten titulartasun edo erantzukizun publikoko eraikinetako hormetan edo elementuetan agertzen direnean jatorri arrotza, anonimoa eta noizbehinkakoa duten eduki politiko edo ideologiko jakin batzuk, erakunde honek zera gomendatzen du: administrazio-jarduera inspiratzen duten objektibotasun-, inpartzialtasun- eta neutraltasun-printzipioen arabera, eraikin horietan luzaroan egotea edo erakustea saihestea. Hori guztia pintadek adierazpen-askatasunari erantzuten dioten edo delituzkoa ez den edo zilegia den aldarrikapen-edukia duten kontuan hartu gabe, ez baita askatasun hori eta eduki hori epaitzen. Aitzitik, epaitzen dena da tokiko komunitate osoari dagozkion eraikin publikoetan duten presentzia anonimoa eta objektibotasun-printzipiotik kanpokoa, zeinak, komuna denaren espazio gisa, joera jakin baten edukien salbuespena eskatzen baitute”.
Sakoneko irizpide horretan oinarrituta, nahiz eta berez pintadak ez izan, konponbide bera aplikatu behar dela uste dugu.
Gure ustez, kexan aipatzen diren kartelak (presoak askatzea eskatzen dutenak), Administrazioaren jarduera inspiratzen duten inpartzialtasun- edo neutraltasun-printzipioen arabera, ez lirateke udal-instalazio edo etxola batean jarri behar, antza denez, udalerriko jaietan egin zen moduan.
Horregatik, aurrerantzean antzeko jarduketak saihestea gomendatzen dugu.
4. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Urdiaingo Udalari gomendatzea bere jabetzako instalazio edo elementuetan ez jartzea kexan aipatzen diren kartelak ez horien antzekoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Urdiaingo Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2025. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia