Partekatu edukia
Herritarren segurtasuna
Gaia: La falta de contestación de agentes de Policía Foral a la solicitud de información de la autora de la queja sobre el motivo de su identificación.
Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria
Kontseilari andrea:
1. 2026ko uztailaren 20an, erakunde honek (…) andrearen idatzia jaso zuen. Idatzi haren, Nafarroako Foruzaingoak egindako identifikazio baten inguruko kexa aurkeztu zuen, bere ustez justifikaziorik gabea eta diskriminatzailea izan zelako.
2. Ondoren, erakunde honek Barne, Funtzio Publiko eta Justizia Departamentura jo zuen, planteatutako gaiari buruzko informazioa eman zezaten eskatzeko.
Honako hau aipatzen du jasotako txostenak:
“2026ko uztailaren 31n, Nafarroako Arartekoaren idatzia jaso zen buruzagitza honetan. Idazki horren bidez, [...] andreak aurkeztutako kexan planteatutako gaiei buruzko informazioa eskatzen da; kexa Nafarroako Foruzaingoak egindako identifikazio bati buruzkoa da, eta identifikazio hori justifikaziorik gabea eta diskriminatzailea izan zela uste du.
[...] andreak adierazten du bere kexan kulturagatiko diskriminazioa jasan zuela, idatzitik ondorioztatzen denez, «Euskal Selekzioa»ren kamiseta jantzita zeramalako identifikatu baitzuten”.
Nafarroako Foruzaingoak ez ditu herritarrak diskriminatzen, ez arrazoi horrengatik, ez beste edozein arrazoirengatik, herritarrekin dituen elkarrekintzetan.
Kasu honetan, eta Nafarroako Foruzaingoaren Salaketen eta Herritarren Arretarako Bulegoan arrazoi beragatik aurkeztu zuen erreklamazioari emandako erantzunean azaldu zitzaion bezala, egun hartako arratsaldean “espainiartasunaren gorazarrearen” aurkako martxa egin zen, eta, ondoren, Gazteluko Plazan jarritako pantailetan munduko futbol-txapelketako finala, Espainiako eta Argentinako selekzioen artekoa, eman zen.
Bi ekitaldi horiek aldi berean antolatu izateak, eta eskuragarri zegoen informazioak (bi ekitaldietako parte-hartzaileen artean istiluak gerta zitezkeela aurrez ikus baitzitekeen) eragin zuen, Herritarren Segurtasunaren arloko nahasmenduak prebenitzeko helburuarekin, plaza horretarako sarbideetan polizia-dispositiboa ezartzea. Dispositibo horren eginkizunen artean zegoen plazara sartzera zihoazen pertsonak identifikatzea, prebentzio-helburu hori lortzen laguntzeko ezarritako irizpideen arabera.
[…] andreak agenteak, […] IPZ duenak, egindako diskriminazio-ekintza espedientean jasota uzteko egindako eskaerari dagokionez, adierazi behar dut, bere erreklamazioari emandako erantzunean jakinarazi zitzaion bezala, identifikazioa egin zion agentearen jarduna egokitzat jo dela eta Nafarroako Poliziei buruzko 2018ko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 3. artikuluan jasotako jarduteko printzipioekin bat datorrela, bai eta egiten ari zen zerbitzurako ezarritako lan-prozedurekin eta irizpideekin ere.
Azkenik, […] andrea identifikatzeko lortutako datuen erabilerari dagokionez, jakinarazten da datu horiek ez direla erregistratu Foruzaingoaren Polizia Informazioko Sisteman (SIP PF)”.
3. Islatuta geratu denez, kexa Nafarroako Foruzaingoak interesdunari egindako identifikazioaren ondorioz aurkeztu da, eta identifikazio hori justifikaziorik gabea eta diskriminatzailea izan zela uste du.
Ildo horretan, kexaren sustatzaileak azaldu du identifikazioaren arrazoia zein zen galdetu zuenean ez zuela inolako erantzunik jaso. Hori beharrean, agenteak, besterik gabe, hala nahi izanez gero, kexa aurkez zezakeela esan zion. Interesdunak, ondorioz, hala egin zuen: Foruzaingoaren bulegora joan eta dagokion kexa aurkeztu zuen.
Departamentuak bidalitako txostenean adierazten da Nafarroako Foruzaingoak ez duela herritarrik diskriminatzen inolako arrazoirengatik, eta, interesdunaren erreklamazioari emandako erantzunean adierazitako ildo beretik, poliziaren jardunaren arrazoiak azaltzen dira. Azkenik, txostenak ondorioztatzen du esku hartu zuen agentearen jarduna indarrean dagoen foru-araudian jasotako jarduteko printzipioekin bat etorri zela.
4. Herritarren Segurtasuna Babesteko 2015eko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren 4.2 artikuluak xedatzen du Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideen jarduna 1986ko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoaren 5. artikuluan araututako oinarrizko jarduteko printzipioen mende dagoela. Lege horren bigarren apartatuak, b) letran, oinarrizko printzipio hau ezartzen du:
“Herritarrekiko harremanetan, une oro, tratu zuzena eta arretatsua izatea; herritarrei laguntzen eta babesten saiatuko dira, egoerak hala eskatzen duenean edo horretarako errekerimendua egiten zaienean. Esku-hartze guztietan, haien arrazoi eta helburuei buruzko informazio osoa eta ahalik eta zabalena emango dute” (enfasi erantsia).
Era berean, pertsonak identifikatzeko jarduerari dagokionez, Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoaren 16.2 artikuluak hau aurreikusten du: “identifikatzeko eskatzen zaion pertsonari berehala eta modu ulergarrian jakinaraziko zaizkio eskaera horren arrazoiak, bai eta, hala badagokio, agenteekin polizia-dependentzietara joateko egindako eskakizunaren arrazoiak ere”.
Bestalde, Nafarroako Poliziei buruzko 2018ko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legeak ere ezartzen du polizia-langileek lege horretan araututako jarduteko printzipioetatik eratorritako betebeharrak bete behar dituztela. Betebehar horien artean dago esku-hartze guztien arrazoi eta helburuei buruzko informazio osoa ematea [aipatutako foru legearen 3.1 h) eta 53 b) artikuluak].
5. Hori guztia eta kexa-espedientean jasotako informazioa kontuan hartuta, ondoriozta daiteke interesduna identifikatzeko arrazoiak hari ondoren aurkeztutako erreklamazioari emandako erantzunean jakinarazi zitzaizkiola, eta ez identifikazioa egin zen unean. Erakunde honen iritziz, ordea, horrek ezin du ordezkatu identifikazioa egiten zen unean berehala eta modu ulergarrian informazioa emateko zegoen betebeharra.
Horregatik, erakunde honek egokitzat jotzen du Departamentuari gogoraraztea Nafarroako Foruzaingoak legez duen betebeharra dela identifikatzeko eskatzen zaien pertsonei eskaera horren arrazoiak berehala eta modu ulergarrian jakinaraztea.
6. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak esleitzen dizkion ahalmenak baliatuz, Nafarroako Arartekoaren erakundeak beharrezkotzat jo du:
Barne, Funtzio Publiko eta Justizia Departamentuari gogoraraztea Nafarroako Foruzaingoak legez duen betebeharra dela identifikatzeko eskatzen zaien pertsonei eskaera horren arrazoiak berehala eta modu ulergarrian jakinaraztea.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluarekin bat etorriz, Barne, Funtzio Publiko eta Justizia Departamentuak, nahitaezkoa denez, gehienez bi hilabeteko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, hala badagokio, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpena ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion urteko txostenean jasotzea ekar dezake, eta bertan, berariaz adieraziko da aldeko jarrera hartu ez duen administrazioa, jarrera hori hartzea posible zela irizten denean.
Zure erantzunaren zain, jaso ezazu nire agur adeitsua.
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia