Partekatu edukia
Euskara
Gaia: La disconformidad con la asignación de horas de orientación para el curso 2026-2027 en determinados centros educativos de la zona de la Sakana, en los que coexisten los modelos A y D.
Hezkuntzako kontseilaria
Kontseilari jauna:
1. 2026ko maiatzaren 18an, erakunde honek (…) andrearen idazki bat jaso zuen, Sakanako Herri Eskolak kolektiboaren ordezkari gisa aurkeztua. Idazki horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Sakana eskualdeko ikastetxe publikoetako orientazio-zerbitzuan aplikatutako hizkuntza-irizpideen ondorioz hizkuntza-eskubideak eta antolaketa pedagogikoa urratu zirela-eta.
2. Jarraian, erakunde hau Hezkuntza Departamentuarekin jarri zen harremanetan, mahai gainean jarritako gaiari buruzko informazioa eskatzeko.
Honako hau aipatzen du jasotako txostenak:
“Orientazioko plazen loteen konfigurazioa Hezkuntza Departamentuaren Gizarteratze, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak egiten du, ikasturte bakoitzean ikastetxeei dibertsitatearen arretarako baliabide pertsonalak esleitzeko prozesuan. Esleipen horretarako irizpideak OrientaNavarra plataformaren bitartez jakinarazten zaizkio orientazioaren kolektiboari, eta honako hauek dira:
Kudeaketarako tresna gisa, azaldutako irizpideen araberako programa informatiko bat erabiltzen da, eta programa horrek esleitzen ditu ikastetxe bakoitzari dagozkion orientazio-ordu guztiak, bai euskarazko eredu linguistikokoak, bai gaztelaniazkoak.
Ondoren, orientazio-loteak konfiguratzen dira, egindako esleipena eta beste aldagai garrantzitsu batzuk aintzat hartuta, hala nola:
- Hezkuntza Departamentuaren plantilla organikoa: Bigarren Hezkuntzako Institutuetara atxikitako Hezkuntza Orientazioko irakasleak, plaza zer hizkuntzatan lortu zuten aintzat hartuta.
- 55 urtetik aurrera Hezkuntza Orientazioko irakasleek eska ditzaken adinagatiko murrizketak.
- Ikastetxeen artean egin beharreko joan-etorriak.
- Kontuan hartzen diren eta loteen konfigurazioa baldintzatzen duten antolaketa-irizpideak, hala nola: 6 ordutik beherako orientazio-loterik ez egitea; ikastetxeei esleitutako euskara-orduak 3 ordituk beherakoak ez izatea; ikastetxe bakoitzeko orientatzaileen kopurua; ikastetxeen arteko joan-etorrien kopurua 3tik gorakoa ez izatea, etab.
- Egokitzapenak egitea azken ikasturteetako alderaketaren eta joeren azterketaren ondorioz.
Aurreko ikasturtean 25-26 ikasturteko plangintzarako egindako plazen banaketaren ostean, Nafarroako Arartekoak kexa bat bidali zion Hezkuntza Departamentuari Orientazioko gaztelaniazko plazetan euskarazko hizkuntza-profilak sartzeagatik (Q25/895 espedientea).
Kexa horri emandako erantzunean aurretik azaldutako esleipen-prozesua azaldu zuen Departamentuak, eta Nafarroako Arartekoak gomendio hau egin du horri dagokionez:
“Horrenbestez, erakunde honek egokitzat jotzen du Hezkuntza Departamentuari gomendatzea, lanpostu bati dagokion lanaldi osoaren barruan gaztelaniazko orientazioak pisu nabarmena duenean, beharrezko neurriak har ditzala, betiere euskarazko orientazioa bermatuta, gaztelaniazko orientazio-orduak hizkuntza-profil hori duten kontratazio-zerrendetako kideei eskain dakizkien.”
Hezkuntza Departamentuak honakoa erantzun dio gomendio honi:
“Nafarroako Arartekoa erakundeak igorritako gomendioa onartzen da. Horretarako, neurri hauek ezarriko dira:
Lehenik eta behin, hezkuntzako orientazio-plazak esleitzeko eta osatzeko prozesua zein den gogorarazi behar da. Hezkuntza Departamentuaren Gizarteratze, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak egiten du ikasturte bakoitzean ikastetxeei dibertsitatearen arretarako baliabide pertsonalak esleitzeko prozesua.
Espezialitate horretako orduak esleitzeko, azaldutako irizpideen araberako programa informatiko bat erabiltzen da, eta programa horrek esleitzen ditu ikastetxe bakoitzari dagozkion orientazio-ordu guztiak, bai euskarazko hizkuntza-eredukoan, bai gaztelaniazkoan.
Ondoren, orientazio-loteak konfiguratzen dira, egindako esleipena eta beste aldagai garrantzitsu batzuk aintzat hartuta, hala nola:
- Hezkuntza Departamentuaren plantilla organikoa: Bigarren Hezkuntzako Institutuetara atxikitako Hezkuntza Orientazioko irakasleak, plaza zer hizkuntzatan lortu zuten aintzat hartuta.
- 55 urtetik aurrera Hezkuntza Orientazioko irakasleek eska ditzaken adinagatiko murrizketak.
- Ikastetxeetan egin beharreko joan-etorriak.
- Kontuan hartzen diren eta loteen konfigurazioa baldintzatzen duten antolaketa-irizpideak, hala nola: 6 ordutik beherako orientazio-loterik ez egitea; ikastetxeei esleitutako euskara-orduak 3 ordutik beherakoak ez izatea; ikastetxe bakoitzeko orientatzaileen kopurua; ikastetxeen arteko joan-etorrien kopurua, ikastetxe berriak, landa eremuko ikastetxeak...
Zerbitzuaren funtzionamendu egokia eta baliabideen optimizazioa bermatzeko egiten da prozedura hori.
Hezkuntzako orientazioko loteen aldakortasunak ezohiko egoerak sortzen ditu batzuetan, bai orientatzaileei esleitutako orduengatik, bai ikastetxeen arteko joan-etorriengatik eta langileen beste lan-egoera batzuengatik. Alderdi horiek kontuan izan beharreko aldagai garrantzitsuak dira, Nafarroako Foru Erkidegoko eremu guztietan haien funtzioak garatzeko baldintza egokiak eskaini ahal izateko hezkuntzako orientatzaileei. Hori dela eta, egoera berezi batzuetan baliteke beharrezkoa izatea gaztelaniazko orientazioak, euskarazkoaren aldean, izaera hutsala duen plaza batzuk mantentzea.
Helarazitako gomendioa berrikusi, dagoen dokumentazioa aztertu eta ikasturte honetarako gaztelaniazko lan-karga duten euskarazko hizkuntza-profila duten lanpostuak aztertu ondoren, egoera horiek berriro aztertuko dira, gaztelaniazko orduen pisu adierazgarria lanaldi osoaren aldean kontuan hartuta, 2026/2027 ikasturterako hurrengo zuzkidura- eta loteak prestatzeko prozesuan.
Aurrekoa aintzat hartuta, ikasturte honetan, adierazitako baliabideak esleitzeko eta plazak banatzeko prozedurarekin esleitu dira baliabideak, eta lote batzuetan egokitzapenak egin dira gomendioari jarraituz.
Lote horiek behin-behinean argitaratu ostean, ikastetxe batzuek erreklamazioak egin dituzte kexa honen arrazoi beragatik (Q26/700 espedientea). Kaltetutako loteak Altsasukoa (Altsasu BHI eta Altsasuko Zelandi IP), Agoizkoa (Agoizko DBHI eta San Miguel IP), Irurtzunekoa (Atakondoa IP) eta Lodosakoa (Pablo Sarasate BHI eta Ángel Martínez Baigorri IP) izan dira.
Ikastetxeek adierazitako arrazoiak eta argudioak berrikusi dira eta erreklamatutako lote batzuen gaineko proposamenak aintzat hartu dira; beste batzuk bere horretan mantentzen dira. Aurretik ere azaldu den bezala, bai kexari buruzko erreferentzietan (Q25/895 espedientea), bai honako honetan, orientazio-loteak egokitzerakoan aldagai ugari hartzen dute parte, eta horiek guztiak kontuan hartu eta haztatu behar dira baliabideen antolaketa egokia sustatzeko, inguruabar guztiak aintzat hartuta kalitatezko hezkuntza-erantzuna ematea ahalbidetzeko; izan ere, zenbait ikastetxetan zailagoa da inguruabar horiei guztiei erantzutea. Egoera horiek hizkuntza-ereduarengatik izan daitezke, landa eremuko eskolak izateagatik, hazteko joera izateagatik edota ikasleak galtzeagatik. Egoera horiek guztiak aintzat hartzen dira eta kuantitatiboki haztatzen dira konpentsatu ahal izateko. 26-27 ikasturterako egindako behin betiko proposamenaren kasuan, ikastetxe bakoitzaren kasuistika aztertu da erreklamazioetan, eta ikastetxe batean ahalik eta orientatzaile gutxienek esku hartzea erabaki da, behin betiko plazetan batez ere, koordinazio-lanak eta lanaren antolaketa errazteko. Gomendioari eta beste irizpide batzuei erreparatuz gero, esku-hartzea hainbat irakasleren artean banatu behar da, eta horregatik egin dira aldaketa batzuk behin-behineko eta behin betiko proposamenen artean. Ikastetxean esku hartuko duten profesionalen kopuruan horrek eraginik izango ez duen erreklamatutako egoeren kasuan, ikastetxeek proposatutako alegazioak ez ziren aintzat hartu eta behin-behineko proposamena mantendu zen.
Azaldutako lehentasun-irizpideen arabera egiten diren plazen behineko-behineko proposamenaren eta behin betikoaren artean, kexa hau aurkeztu zuten eremuko orientatzaileek idatziak eta aldarrikapenak egin zituzten orientatzaileei zuzenduta eta Nafarroako Arartekoan kexa jarriko zutela iragarri zuten. Gizarteratze, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak aldaketak egin ondoren izan zuen horren berri. Halaber, kontuan izan behar da behin betiko funtzionarioek plazak aukeratu eta gero ordu gehiago atera daitezkeela, funtzionarioek adinagatik har ditzaketen murrizketengatik, eta horrek funtzionarioek aukeratzen ez dituzten plazen azken konfigurazioa alda dezakeela, zerbitzu berezietako langileek edo bitarteko langileek aukeratzeko”.
3. Islatuta gelditu den moduan, 2026-2027 ikasturterako orientazioko orduen esleipenak Sakanako ikastetxe batzuetan sortutako desadostasunarengatik jarri dute kexa, A eta D ereduak baitaude eremu horretan. Kexaren sustatzaileek diote esleipena egiteko garaian ez direla ikastetxeen antolaketa eta eremu horretako orientazio-zerbitzuek egindako banaketa-proposamena aintzat hartu. Horrez gain, eskubide linguistikoen bermea urratzen du.
Bereziki, adierazi dute orduen banaketa horrek bi ikastetxeko A ereduko ikasleengan eta ikastetxe bateko D ereduko ikasleengan izango duela eragina; izan ere, astean bi egunez, edo bigarren kasuan egun batez, soilik izango dute orientatzailea. Haien ustez, arreta oso mugatua eta aldizkakoa eskaintzea ekarriko du horrek, eta ikastetxeko orientatzaile guztien arteko lankidetza eta koordinazioa zailduko du.
Hezkuntza Departamentuaren txostenean daude jasota orientazioko plazen loteak eratzeko garaian kontuan hartutako irizpideak eta aldagaiak, lote horietatik esleitzen baitira ikastetxe bakoitzari dagozkion ordu guztiak, bai euskarazko hizkuntza-eredukoak, bai gaztelaniazkoak.
Adierazi dute 2026-2027 ikasturte honetarako, hainbat egokitzapen egin direla loteak eratzeko garaian erakunde honek aurreko ikasturtean jasotako kexa baten harira egindako gomendioa aintzat hartuz. Horri dagokionez, gomendioa izan zen lanaldi osoaren gainean gaztelaniazko orientazio-ordu asko zituzten plazak hizkuntza-eredu horretako kontratazio-zerrendetan zeuden pertsonei eskaintzea, baina, nolanahi ere, euskarazko orientazioa ere bermatzea.
Halaber, txostenean adierazten zen, loteak behin-behinean argitaratu ostean, kaltetutako ikastetxeek aurkeztutako erreklamazioak aztertu zirela, eta proposamen batzuk aintzatetsi zirela, beste batzuk ez; ikastetxean ahalik eta profesional gutxienek esku har zezaten balioetsiz batez ere.
4. Espedientean jasotako informazioa aztertuta, erakunde honek egiaztatu du Hezkuntza Departamentuak aipatutako irizpideen eta aldagaien arabera konfiguratu eta esleitu dituela orientazio-plazen loteak, eta, tartean, beharrezko egokitzapenak egin dituela hizkuntza profilaren (gaztelania eta euskara) araberako zerrenda bikoitzaren sistemaren arabera, erakundeak aldez aurretik egindako gomendio batean oinarrituta.
Hala, irizpide, aldagai eta egokitzapen guztiak aplikatuta egin da datorren ikasturterako orientazioko plazen proposamena, eta ikastetxeek aztertzeko aukera izan dute alegazioak, proposamenak edo aldaketak bidali ahal izateko.
Departamentuko txostenak jasotzen duen moduan, ikastetxe horiek aurkeztutako erreklamazio batzuk aintzat hartu dira eta beste batzuk ez, ezinbesteko oinarria izan baita ikastetxe bakoitzean orientazioko ahalik eta profesional gutxien egotea lanaren koordinazioa eta antolaketa errazteko.
Hala ere, kexaren sustatzaileek alegatutako beste egoera batzuk ez dira baloratu. Zehazki, departamentuak egindako proposamena aplikatuz gero ikastetxe batzuetako ikasleen arretak izango lituzkeen gabeziak adierazi dituzte, arreta mugatuagoa eta aldizkakoagoa jasoko bailukete, astean egun batean edo bitan soilik izango bailukete orientatzailea. Horrek ikasleen beharrak eta larrialdi-egoerak behar bezala artatzea eragotziko luke.
Horri dagokionez, erakunde honek uste du orientazioko plazen esleipen-sistema aplikatzean ikastetxe bakoitzean sor daitezkeen beharrak baloratu beharko lituzkeela administrazioak; are gehiago horrek ikasleen arreta kaltetuko badu, orientazio hezitzaile eta profesional egokia eta jarraitua jasotzeko eskubidea urratuko litzakeelako (Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen Lege Organikoaren 6.3 d) artikulua). Hori dela eta, erakunde honek Hezkuntza Departamentuari gomendio bat bidaltzea aintzatetsi du
5. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak esleitzen dizkion ahalmenak baliatuz, Nafarroako Arartekoaren erakundeak beharrezkotzat jo du:
Hezkuntzako orientazioko plazak esleitzeko sistema aplikatzeko garaian, ikastetxe bakoitzaren behar eta baldintza espezifikoak balora ditzan, eta, hala badagokio, ikasleek orientazio hezitzaile eta profesional egokia eta jarraitua jasotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak ezar ditzan gomendatzea Hezkuntza Departamentuari.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko 2000ko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluarekin bat etorriz, Barne, Funtzio Publiko eta Justizia Departamentuak, nahitaezkoa denez, gehienez bi hilabeteko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, hala badagokio, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpena ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion urteko txostenean jasotzea ekar dezake, eta bertan, berariaz adieraziko da aldeko jarrera hartu ez duen administrazioa, jarrera hori hartzea posible zela irizten denean.
Zure erantzunaren zain, jaso ezazu nire agur adeitsua.
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia