Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Resolución del Defensor del Pueblo de Navarra (Q26/762 ) por la que recomienda al Ayuntamiento de Antsoain / Ansoáin que adopte las medidas necesarias para la inclusión de la opción del idioma (euskera o castellano) en las solicitudes de inscripción a las actividades de fútbol y baloncesto, sin perjuicio de informar que la formación de los grupos se ajustará a la demanda resultante de las mismas.

2026 iraila 07

Euskara

Gaia: La imposibilidad de elegir el idioma deseado, en este caso euskera, a la hora de inscribirse en la actividad deportiva de baloncesto ofertada por el Ayuntamiento de Antsoain / Ansoáin.

Antsoaingo alkatea

Alkate andrea:

1. 2026ko maiatzaren 27an eta ekainaren 8an, erakunde honek (…) jaunaren bi idazki jaso zituen. Idazki horien bidez, kexa bat aurkeztu zuen futbol- eta saskibaloi-jarduerak euskaraz ez eskaintzeagatik.

Idazkian, honako hau azaldu zuen:

  1. Antsoaingo Udalak 2026/2027 ikasturterako kirol-jardueren eskaintza aurkeztu du.

b) Hainbat kirol eskaintzen dira. Zenbait kiroletan euskaraz edo gaztelaniaz egiteko aukera eskaintzen da, baina futbolaren eta saskibaloiaren kasuan ez da horrelakorik gertatzen. Ez da euskaraz izena emateko aukerarik eskaintzen. Azken bi kirol horiek “Gazte Berriak” taldeak kudeatzen ditu, Udalarekin sinatutako hitzarmenaren arabera. Izen-ematean bete beharreko galdetegian, ez dago saskibaloia euskaraz egiteko nahia adierazteko aukerarik.

c) Beraz, ez da betetzen hitzarmen horren seigarren puntua, euskarari buruzkoa.

Hori dela eta, Antsoaingo Udalak futbol eta saskibaloi jarduerak euskaraz egiteko aukera eskaintzea eskatzen du, eskaintzen dituen beste kirol batzuetan egiten den bezala, eta izen-ematean ere aukera hori jasotzea.

2. Jarraian, erakundea Antsoaingo Udalarekin harremanetan jarri zen, planteatutako gaiari buruzko informazioa eman zezan eskatzeko.

2026ko ekainaren 25ean, aipatutako udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Kirol Zerbitzuaren txostenak jaso ziren.

Euskara Zerbitzuak egindako txostenean honako hau adierazten da:

«Aurtengo izena emateko liburuxkan ez da berariaz galdetu futbol- eta saskibaloi-modalitateak euskaraz ala gaztelaniaz egin nahi diren. Aitzitik, interesduna zein hezkuntza-eredutan ari den ikasten galdetzen da. Onartu beharra dago testuan ez dela argi eta garbi zehazten jarduera euskaraz egiteko aukera dagoenik; beraz, ulertzen dugu datorren urtera begira Udal honek galdera argi bat egin beharko lukeela, eta hala proposatuko dugu».

- Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi kirol-modalitate horiek euskaraz eskaintzen ez direnik. Saskibaloiaren eta futbolaren arduradun «Gazte Berriak» erakundearekin hitz egin ondoren, argi dago konpromisoa dutela jarduerak euskaraz eskaintzeko maila baxuenetan. Hala izan dadin, Udal honek prozesuaren ardura hartuko du eta jarraipena egingo du, prozesua behar bezala gauzatzen dela egiaztatzeko».

Kirol Zerbitzuak egindako txostenean honako hau adierazten da:

«Antsoaingo Udalak, Kirol Zerbitzuaren bidez, 2026/2027 denboraldirako kirol-jardueren programa prestatu eta zabaldu berri du.

Publizitate horretan, jarduerak zein hizkuntzatan egiten diren zehazten da (euskara edo gaztelania), futbolaren eta saskibaloiaren kasuan izan ezik. Hau da, honako kirol hauetan euskaraz edo gaztelaniaz aritzeko aukera eskaintzen da: xakea, gimnasia erritmikoa, judoa, psikomotrizitatea, kirol anitza, patinajea, pilota, triatloia, eskalada, igeriketa eta herri kirolak (azken hori euskaraz soilik eskaintzen da).

Kirol Zerbitzuak kirol-programazioa zabaltzen du, eta herritarrei informazio guztia ematen saiatzen da, interesdunek jarduera behar bezala aukeratu ahal izan dezaten Talde-kiroletan, hala nola futbolean eta saskibaloian, ez dugu behar adina baliabiderik, jardueren liburuxka argitaratu aurretik kategoria eta talde bakoitzeko entrenamenduak zein hizkuntzatan egingo diren zehaztu ahal izateko. Horrek ez du esan nahi kirol horiek euskaraz eskaintzen ez direnik; aitzitik, kirol-jardueren programa argitaratzen den unean oraindik ezin dugu jakin zein kategoria eta talde zuzenduko diren euskaraz. Hori dela eta, argitaratzen den programan, futbolaren eta saskibaloiaren kasuan ez da hizkuntza zehazten».

Kirol Zerbitzu honen helburua da ildo horretan aurrerapausoak ematen jarraitzea eta herritarrei jarduera guztiak zein hizkuntzatan egiten diren jakiteko informazio osoa eta fidagarria eskaintzea. Horretarako, informazio hori eskuratzeko beharrezko mekanismoak garatzen saiatuko gara, herritarrei helarazi ahal izateko».

Jarraian, bi txostenak kexaren sustatzaileari helarazi zitzaizkion, egoki iritzitako alegazioak aurkez zitzan Ildo horretan, adierazi duenez, saskibaloi-jardueran aurre izen-ematea egiteko unean ez zen hizkuntza aukeratzeko aukerarik eskaini (euskara edo gaztelania). Halaber, zalantza hori aurre izen-ematea egitean, izen-ematea egitean eta izen-ematea amaitu ondoren ere galdetu bazuen, ez du erantzun zehatzik jaso.

3. Adierazi den bezala, Antsoaingo Udalak eskaintzen duen saskibaloi-jardueran izena ematerakoan nahi den hizkuntza, kasu honetan euskara, aukeratzeko ezintasunagatik aurkeztu da kexa. Kexa-egileak adierazi duenez, aipatutako Udalak Gazte Berriak klubarekin —futbol- eta saskibaloi-jardueren kudeaketaz arduratzen dena— sinatutako hitzarmenean ezarritakoa urratuko luke jarduketa horrek. Hitzarmen horretan xedatzen denez, besteak beste, jarduera euskaraz egin nahi duten izen-emateen kopurua jasoko da.

Antsoaingo Udalak bidalitako txostenean adierazten denez, aipatutako kirol horien jardueren programan ez da zehazten zein hizkuntzatan egin ahal izango diren, ez baitago behar besteko aurrerapenarekin euskaraz zuzendu ahal izango diren kategoriei eta taldeei buruzko informaziorik.

Hala ere, aitortzen da izen-ematearen liburuxkan ez dela berariaz jaso futbol- eta saskibaloi-jarduerak euskaraz egiteko aukera, eta alderdi hori argi eta garbi adierazi beharko litzatekeela, jarduera zein hizkuntzatan egin nahi den zehaztu ahal izateko.

4. Abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, Euskarari buruzkoak, 1.2 artikuluan honako hau ezartzen du legearen funtsezko helburuei dagokienez:

«a) Herritarrek euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta eskubide hori gauzatzeko tresnak zehaztea.

b) Nafarroan euskara berreskuratzea eta garatzea babestea, eta haren erabilera sustatzeko neurriak ezartzea.

c) Euskara erabili eta irakastea bermatzea, borondatezkotasunaren, mailaz mailako aurrerapenaren eta errespetuaren printzipioen arabera, Nafarroako errealitate soziolinguistikoarekin bat etorriz».

Bestalde, Antsoaingo Udalaren eta Gazte Berriak Saskibaloi Klubaren artean sinatutako hitzarmenak, seigarren klausulan, honako hau ezartzen du:

«Gazte Berriak Saskibaloi Klubak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Etorkizuneko denboraldiei begira, klubaren jardueran euskararen erabilera eta sustapena bultzatzeko plan estrategiko bati ekitea; plan horretan, kirol-jardueran inplikatutako pertsona guztiek parte hartuko dute. Plan horretan, besteak beste, jarduera euskaraz egin nahi duten izen-emateen kopurua eta klubak dituen entrenatzaile euskaldunen kopurua jasoko dira.»

b) Kirol-jarduera euskaraz ere garatzea; eta beti euskaraz garatzea taldeek euskaldunak diren arduradunak eta D ereduko ikasleak dituztenean.

c) Klubak bere kideei eta herritarrei helarazten dizkien mota eta euskarri guztietako komunikazioak –kartelak, gutunak, zozketak, tiketak…– euskaraz eta gaztelaniaz zabalduko dira. Klubak horretarako behar adina gaitasunik ez badu, Udaleko Euskara Zerbitzura jo ahal izango du, itzulpen-zerbitzua ezarritako baldintzetan erabiltzeko.

d) Aurkezpenetan euskara eta gaztelania erabiltzea; kasu honetan, euskara lehenetsiz, horretarako indarrean dagoen udal-protokoloak ezartzen duen bezala.

e) Eskola-adineko kirolarien izena emateko fitxan, ikasketak egiten ari diren hizkuntza-eredua jasoko da”.

Horrela, hitzarmenean jasotako konpromisoak lotura du aipatutako foru legearen helburuekin; izan ere, lege horrek administrazioak euskara erabiltzeko eta sustatzeko neurriak garatzea aurreikusten du. Horrez gain, jarduera euskaraz garatzeko egiten diren eskaeren kopurua zenbatzea aurreikusten da.

Hori guztia kontuan hartuta, bai aurkeztutako kexa, bai jasotako informazioa, beharrezkotzat jotzen da gomendio bat egitea, aipatutako hitzarmenaren seigarren klausulan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen. Horretarako, futbol eta saskibaloi jardueretan izena emateko eskaeran berariaz jaso beharko da jarduerak zer hizkuntzatan egin nahi diren adierazteko aukera, eta, halaber, jakinarazi beharko da azkenean sortuko diren kategoriak eta taldeak izena emateko eskaeretan adierazitako eskariaren arabera eratuko direla.

5. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak esleitzen dizkion ahalmenak baliatuz, Nafarroako Arartekoaren erakundeak beharrezkotzat jo du:

Antsoaingo Udalari gomendatzea beharrezkoak diren neurriak har ditzan, futbol eta saskibaloi jardueretan izena emateko eskaeretan hizkuntza (euskara edo gaztelania) aukeratzeko aukera jasotzeko, eta, era berean, jakinaraztea taldeen eraketa izena emateko eskaeretatik ateratzen den eskariaren arabera egokituko dela.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluarekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen arabera, Antsoaingo Udalak, nahitaezkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean jakinarazi beharko du ebazpena onartzen duen ala ez, eta, hala badagokio, ebazpena betetzeko hartutako neurriak zein diren. 

Lege-agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpena ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko zaion urteko txostenean jasotzea ekar dezake, eta bertan, berariaz adieraziko da aldeko jarrera hartu ez duen administrazioa, jarrera hori hartzea posible zela irizten denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitut. 

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia