1. Barneko informazio-sistema lehentasunezko bidea da Arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 2. artikuluan aurreikusitako ekintzei buruz informatzeko.
Agindu hori Europar Batasuneko Zuzenbidearen arau-hausteei lotuta dago (baldin eta aipatutako aginduak 1., 2. eta 3. ataletan jasotzen dituen inguruabarretako bat gertatzen bada), bai eta arau-hauste penal edo administratiboei, larriak edo oso larriak badira, lotuta ere.
2. 2/2023 Legeak ematen duen babesa lan- edo lanbide-egoera batean informazioa lortu dutenei aplikatzen zaie.
Legearen 3. artikuluan aurreikusitakoa gorabehera, Nafarroako Ararteko erakundean zerbitzuak ematen dituzten langile guztiak sartzen dira babes-eremuan, langile horiek erakundean funtzionarioak izan edo harreman hori kontratu bidezkoa izan, edo lan horiek aldi baterako langile moduan egiten dituzten eta zerbitzu-harremana amaitu den edo ez kontuan hartu gabe.
Babestuta daude, halaber, bekadunak eta, oro har, Nafarroako Ararteko erakundeari zerbitzuak ematen dizkioten erakunde kontratistentzat eta azpikontratistentzat zerbitzuak egiten dituztenak.
3. Barneko informazio-sistemak informatzailearen identitatearen konfidentzialtasuna bermatuko du, identitate hori adierazten bada, bai eta komunikazioan aipatzen diren hirugarren guztiena ere.
Informazioaren kudeaketan eta izapidetzean garatutako jarduketa guztiak konfidentzialtasun- eta erreserba-printzipioak betez eginen dira, egoki diren ikerketak alde batera utzi gabe.
Barneko informazio-sistemaren Arduradunari (aurrerantzean Sistemaren Arduraduna) dagokio printzipio horien eraginkortasuna zaintzea eta printzipio horiek bermatzeko beharrezko neurriak hartzea.
Informazioari dagozkion datuak Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betez tratatuko dira.
4. Sistemaren Arduradunak modu independente eta autonomoan beteko ditu bere eginkizunak, eta ezin izango du agindurik edo jarraibiderik jaso enkargatu zaion eginkizunari dagokionez.
Sistemaren Arduradunari bere eginkizuna behar bezala betetzeko behar dituen baliabide materialak eta pertsonalak emanen zaizkio.
Erakundeko langile guztiak behartuta daude erakundearekin lankidetzan aritzera egin beharreko ikerketa-jarduerak behar bezala egiteko eskatzen zaienean.
5. Barne-informazioko kanal bat gaitu da komunikazioak aurkeztu ahal izateko.
Jasotako komunikazioen ondorioz jarraituko den kudeaketa-prozedura gidatuko duten funtsezko printzipioak eta kanalaren ezaugarriak honako hauek dira:
a) Legean aurreikusitako barne-kanalaren eta kanpo-kanalaren osagarritasuna. Erakundeak bide baten eta bestearen berri emanen du.
b) Barne-kanalaren bidezko komunikazioetan eta informazioa kudeatzeko prozesuan informatzailearen identitatearen konfidentzialtasuna bermatzea.
c) Datu pertsonalak babesteari buruzko xedapenak betetzea.
d) Komunikazio anonimoak aurkezteko aukera.
e) Proaktibitatea ikerketak garatzean eta, hala badagokio, jakinarazitako jokabide irregularrari amaiera emateko neurriak hartzean.
f) Eragindako pertsonen errugabetasun-presuntziorako eta ohorerako eskubidea.
g) Eragindako pertsonak berari egozten zaizkion egite edo ez-egiteen berri izateko eta entzuna izateko duen eskubidea.
h) Informatzailearekin komunikazioa mantentzeko aukera eta, beharrezkoa bada, informazio gehigarria eskatzekoa.
i) Informatzailea babestea eta indemnitate-printzipioa: informatzailea ezin izango da kaltetua izan, ezta inolako errepresaliarik jasan ere, erakundeari balizko irregulartasunak salatzen laguntzeagatik.
j) Zantzuen arabera egitateak delitu izan daitezkeenean berehala Fiskaltzari igortzea. Egitateek Europar Batasunaren finantza-interesei eragiten badiete, informazioa Europako Fiskaltzara bidaliko da.
6. Komunikazioak Sistemaren Arduradunari bidaliko zaizkio, eta idatziz zein ahoz egin ahal izango dira.
Idatzizko informazioak honela aurkeztu ahal izango dira:
a) Postaz, Nafarroako Ararteko erakundeko Barneko informazio-sistemaren arduradunari zuzenduta (Emilio Arrieta kalea 12, behea, 31002, Iruña).
b) Bide elektronikoz, horretarako prestatutako formularioaren bidez. Formulario hori Nafarroako Arartekoaren web-orrian egongo da eskuragarri.
c) Komunikazioa barneko informazio-sistemaren arduradunari zuzenean emanez Nafarroako Arartekoaren erakundearen bulegoetan (Emilio Arrieta kalea 12, behea, 31002, Iruña).
Ahozko informazioak telefono bidez nahiz ahots-mezularitzako sistemen bidez eman daitezke. Era berean aurrez aurreko bilera baten bidez ere eman daitezke; bilera hori informatzaileak eskatzen duenetik gehienez ere zazpi eguneko epean burutuko da.
Informatzaileak bere burua identifika dezake, baina komunikazioa modu anonimoan ere egin dezake. Lehenengo kasuan informatzaileak bidezko jakinarazpenak jasotzeko helbide bat, helbide elektroniko bat edo leku seguru bat adierazi ahal izango du.
Informatzaileak uste badu egotzitako ekintza edo ez-egitea Sistemaren Arduradunari berari lepora dakiokeela Nafarroako Arartekoarengana jo ahal izanen du, zeinak neurri egokiak hartuko baititu dagozkion jarduketak prozedurazko printzipio eta berme berberen arabera egin daitezen. Era berean informatzaileak 2/2023 Legean aipatzen den kanpoko kanala erabiltzea aukeratu ahal izango du.
7. Sistemaren Arduradunak komunikazioa jaso duela adieraziko dio informatzaileari, jasotzen duenetik zazpi egun naturaleko epean, salbu eta jakinarazpen horrek komunikazioaren konfidentzialtasuna arriskuan jar badezake.
Komunikatzaileak informazioa modu anonimoan aurkeztu badu edo aurkeztu ondoren berarekin harremanetan ez jartzeko nahia adierazi badu, adierazitako borondate hori beteko da.
8. Komunikazioa jasotakoan, Sistemaren Arduradunak horren edukia ebaluatuko du, lehenik eta behin egiaztatzeko Europar Batasuneko Zuzenbidearen arau-hausteei dagokien edo 2/2023 Legearen esparru materialean jasotako arau-hauste administratibo edo penal larri edo oso larriei dagokien.
Sistemaren Arduradunak uste badu ez dagoela esparru material horri lotuta, ez du komunikazioa onartuko eta ez-onartze hori arrazoituko du.
9. Komunikazioa izapidetzeko onartu ondoren, Sistemaren Arduradunak komunikazioa kudeatzeko, baloratzeko eta ebazteko beharrezkoak eta egokiak diren jarduketak sustatuko ditu. Jarduketak azkartasun-irizpideekin eta ofiziozko bultzadarekin eginen dira.
Izapideak egin bitartean informatzaileak informazio gehigarria eman ahal izanen du horretarako jatorrizko komunikaziorako adierazitako bide berberak erabiliz.
Era berean, Sistemaren Arduradunak, jasotako informazioa edo dokumentazioa aztertu ondoren, balorazioa eta analisia behar bezala egiteko informazio hori zabaltzea beharrezkotzat jotzen badu, informatzaileari eskatu ahal izanen dio. Zabaltze-eskaera hori ez da bidezkoa izanen baldin eta informatzaileak berariaz adierazi badu komunikazioa aurkeztu ondoren ez duela harremanarekin jarraitu nahi edo komunikazio hori modu anonimoan egin badu.
Prozeduran zehar egotzitako ekintzen edo ez-egiteen berri emanen zaio komunikazioak eragindako pertsonari eta edozein unetan entzun dakion eskubidea izanen du. Sistemaren Arduradunak entzunaldi-eskubide hori gauzatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu.
10. Informazioa aztertu eta ondorengo jarduketak burutu ondoren, Sistemaren Arduradunak amaiera emanen dio prozedurari, eta honako hauek zehaztuko ditu:
a) Komunikazioa artxibatzea horri lotuta arau-hausterik gertatu ez dela irizten badio.
b) Fiskaltzari igortzea, delitu-zantzuak daudela iritziz gero, edo, hala badagokio, Europako Fiskaltzari.
c) Zehatzeko edo diziplinazko neurriak proposatzea eta organo eskudunari igortzea, jakinarazitakoa arau-hauste administratibo larri edo oso larria izan daitekeela iritziz gero.
d) Hala badagokio, arau-hausteari amaiera emateko edo ez errepikatzeko neurrien proposamen osagarria bidaltzea.
Nolanahi ere Sistemaren Arduradunak behar bezala arrazoitu beharko ditu prozedurari amaiera emateko hartuko dituen erabakiak.
11. Prozeduraren jarduketak amaitzeko eta, hala badagokio, komunikazioari erantzuteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, jakinarazpena jasotzen denetik zenbatzen hasita.
Konplexutasun bereziko kasuetan epe hori beste hiru hilabetez luzatu ahal izango da. Epea zabaltzeko erabakia arrazoitua izango da.
12. Jasotako informazioen eta horiek eragin dituzten barne-ikerketen erregistro-liburua izanen da, eta konfidentzialtasuna bermatuko da.
Jasotako informazioa ezagutzeko eta tratatzeko ezinbestekoak ez diren datu pertsonalak ez dira gordeko.
Erregistroa ez da publikoa izango eta agintaritza judizialak arrazoiak emanda eginen duen eskariaren bidez baino ezin izango da eskuratu, arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 26. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Jasotako informazioei eta egindako ikerketei buruzko datu pertsonalak beren helburua betetzeko beharrezkoa den eta horretarako emanen den aldian baino ez dira gordeko.
Sistemaren Arduradunak aurreko ezarpenak gauzatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu.
13. Informatzaileak arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan ezartzen den babesa izango du, baldin eta komunikazioa lege horrek eskatzen dituen eskakizunak betez egiten bada eta, nahiz eta froga eztabaidaezinik ez izan, informatzaile horrek komunikazioaren unean informazioa egiazkoa dela pentsatzeko zentzuzko arrazoiak baditu, eta arauaren aplikazio-eremu material eta pertsonalean badago.
Nafarroako Ararteko erakundeak berariaz zainduko du informatzailearen babesari dagokion arlo hori era guztietako errepresaliei aurre eginez eta jazarriz, legean jasotako gainerako neurriak gorabehera.
14. Nafarroako Ararteko erakundearen eremuan aurreko xedapenek arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen otsailaren 20ko 2/2023 Legearen ezarpenen izaera osagarria dute, eta hori horrela da hala dagokion guztian azken horien zuzeneko aplikagarritasunari kalterik egin gabe.